Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Egun bete-betea dantzari

Dokumentuaren akzioak

Egun bete-betea dantzari

Euskal Herri osoko 36 dantza talde bilduko ditu bihar dantzari egunak Atarrabiako kaleetan

Egilea
Iñigo Astiz
Komunikabidea
Berria
Tokia
Atarrabia
Mota
Albistea
Data
2009/09/11

Euskal Herriko gisa honetako jaialdirik handiena da Euskal Herriko Dantzari Eguna, Juan Carlos Ornat Nafarroako Euskal Dantzen Biltzarreko koordinatzaileak dioenez. «Badira eskualdekako dantzari egunak, badira dantzari txiki egunak, eta hamaika ekitaldi egiten da Euskal Herrian dantzaren inguruan, baina hau da neurri honetako jaialdi bakarra».

Igandez ospatu izan da orain arte jaialdia beti, baina aurten larunbatearekin egingo dute lehen aldiz. Egun oso-osoko jaialdia izango da, horregatik, goizetik hasi, eta goizera artekoa.

11:00etan folklore artisautzaren azoka izango da udal enparantzan, eta 11:30ean ikusi ahal izango dira lehen dantzak leku berean. Bera, Leitza, Izaba eta Iribasko dantza jatorrizko taldeak izango dira ikusgai, hau da, beren herriko dantzak dantzatzen dituzten herriko dantza taldeak. Lehen aldiz egingo da hori Dantzari Egunean, Ornatek dioenez.

Bazkaria izango da ondoren, 14:00etan, eta ongi etorri ofiziala 16:00etan. 17:30ean kiroldegitik abiatu, eta Atarrabiako kaleetara joango dira dantzariak; 18:00etan helduko dira udal enparantzara. Orduan izango da eguneko ekitaldi nagusia. Orduan hasiko dira 36 taldeak dantzan.

Pare bat orduko ikuskizuna izango da, eta talde bakoitzak bere herrialdeko dantzak egingo ditu. Aoizko dantzak nafarrek, San Prudentzioko zortzikoa arabarrek, Zortzinango makil jokoa bizkaitarrek, ezpata-dantza gipuzkoarrek, kontradantza behe-nafarrek, Ahurtiko makil dantza lapurtarrek eta Godalet dantza zuberotarrek. Horiek, besteak beste.

700dik gora dantzari, dantzari asko direla ezin ukatu, baina gehiago ere izan zitezkeen, Ornaten hitzetan. Aurrekontua izaten da giltza. «Taldeak beren dirutik ordainduta etortzen dira honaino, eta, horregatik, ezin etorririk gelditzen dira batzuk. Horregatik, eta eguna agian ongi ez datorkielako beste batzuk».

Saio nagusiaren ondoren afaria izango dute dantzariek, eta jaiak jarraitu egingo du gauerdia pasatuta ere, gaupasa izango baita Atarrabia frontoian, Trikidantz taldearen eskutik. «Dantza, jana, eta ongi pasatzeko aukera bildu nahi izan ditugu», azaldu du Ornatek.

Ikerketa eta historia

Dantzaren alderdi serioak ere izan du lekurik, ordea, Dantzari Egunaren barnean, eta hiru hitzaldi antolatu dituzte aste honetan, horregatik, Atarrabiako Kultur Etxean. Asteazkenean, Alfredo Asiain aritu zen dantza eta ondare ukiezinari buruz Ortzadar dantza taldeak egiten duen lanari buruz; atzo, Juan Antonio Urbeltz aritu zen Jaurrietako neskadantza sortzeko prozesuari buruz, eta, gaur, Josu Larrinagak aurkeztuko du haurrei folklorea erakusteko moduei buruz eginiko ikerketa, 19:30ean.

Atarrabiako Mikelats taldearen historia azaltzen duen erakusketa ere izan da aste guztian, Atarrabiako Kultur Etxean, eta hala izango da bihar goizean ere eguerdiko ordu biak arte. Argazki eta jantzien bidez ezagutu ahal izango da taldearen ibilbidea, gazte asanbladaren dantza ikastarotik hasi eta gaur egunera arte.

Historia luzeko jaialdia da Euskal Herriko dantzari eguna ere, 1967az geroztik ospatzen baita. Hasiera hartan, Ipar Euskal Herriko hainbat herritan ospatzen zuten jaialdia. 1978an hartu zuen egun duen neurria, ordea, eguna Hego Euskal Herrian ere ospatzen hasi zirenean. Orduz geroztik, urtero ospatzen da Euskal Herriko Dantzarien Eguna. Urtero leku batean. Gipuzkoan izan zen iaz, Irunen, eta Atarrabian izango da aurten. Datorren urtean, Ipar Euskal Herrian ospatuko dute Dantzarien Eguna, baina oraindik ez dute zehaztu non.

Dokumentuaren akzioak