Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Egun bakoitzak zerbait berria dakar, eta ezin zaitezke atzokoari begira bizi»

Dokumentuaren akzioak

«Egun bakoitzak zerbait berria dakar, eta ezin zaitezke atzokoari begira bizi»

Lucia Lakarra. Dantzaria

Egilea
Irune Berro
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Elkarrizketa
Data
2007/02/15

Lakarrak Mentxu Medelen Donostiako akademian eman zituen lehen pausoak, eta ondoren, Victor Ullateren baletean aritu zen, harik eta 1994an Marseillako (Frantzia) Roland Petit Balet Nazionalean hasi zen arte. Hiru urte egin zituen han, dantzari nagusi gisa. Horren ondotik, San Frantziskoko (AEB) Balletean hasi zen, eta 2002an hasi zen Municheko Operaren Balletean. Egun konpainia horretan egiten du lan. Sari ugari erdietsi ditu: beste askoren artean, Nijinsky saria, munduko emakumezko dantzaririk onenari 2002an emandakoa.

Zertan datza Bilbon emango duzun gala?

Atal bi ditu, eta atal bakoitzak bost pieza. Hiru bikote ariko gara dantzan. Cyril Pierre eta ni eta beste bi bikote. Altan Dugaraa eta Ganchimeg Chojilsuren Mongoliatik datoz, eta Corinne Verdeil eta Marcin Krajewski, Alemaniatik. Gainera, Antonio Marquez egongo da. Estilo askotako piezak emango ditugu: klasikoak, garaikideak... Guztien gustua egiteko gala izango da.

Zeren arabera aukeratu dituzu dantzariak?

Urte hauetan jende asko ezagutzeko aukera izan dut. Mundu zaila da dantza, kostatzen da benetako lagunak egitea, lehia handia baitago. Arriagan gurekin dantzatuko diren dantzariak lagun handiak dira. Badakit gustura datozela Bilbora.

Zer sentimendu eragiten dizu Euskal Herrian dantzatzeak?

Poz handia. Euskal Herrian dantzatzea nire familiarentzat dantzatzea da, nire lagunentzat, Zumaiako jendearentzat, hasieratik jarraitu nautenentzat. Publiko ezezagunarentzat dantzatzera ohituta nago. Niretzat oso berezia da jakitea publikoaren artean nire ama dagoela, nire jendea.

Eta dena eman nahi duzu Arriagan.

Bai. Gala ohi baino luzeagoa egingo dugu, Euskal Herrira natorrenean jendeak esaten baitit gehiago ikusteko gogoarekin geratu dela. Jendea hunkitu nahi dut, plazera eman. Dantza nire pasioa da, eta badakit dantzak ez duela mundua konponduko, dantzak ez diola inori bizia salbatuko. Baina dantzak une atseginak eman ditzake, poz pixka bat eman diezaioke jendeari, eta hori da, batez ere, nire helburua: dantzarekin sentitzen ditudan emozioak transmititu nahi dizkiot hemengo jendeari.

Goranzko ibilbidea egiten ari zara. Espainiako Dantza Sari Nazionala jaso zenuen orain urte bi, Vienako Orkestra Filarmonikoaren Urteberri Eguneko Kontzertuan dantzatu zara aurten...

Saria jasotzea ikaragarria izan zen. Eta kontzertua, zer esanik ez. Umetatik urtero ikusi dut. Gogoratzen dut amonaren etxean ikusten nuela, adi-adi egoten nintzela telebistaren aurrean. Eta ez nuen espero inoiz nik dantzatuko nuenik. Beraz, aukera eskaini zidatenean berehala esan nuen baietz. Lan handia egin genuen. Astebete egon ginen entseatzen, egunero bederatzi ordu. Zuzenean izateak lan handia eskatzen du. Baina izugarria izan da eta oso pozik nago. Hala ere, burua hotz edukitzen saiatzen naiz. Mundu honetan beharrezkoa da. Vienako kontzertua bukatu eta Munichera abiatu ginen jarraian. Hortik ordu batzuetara antzokian geunden, beste gauza bat entseatzen. Egun bakoitzak zerbait berria dakar, eta ezin zaitezke atzokoari begira bizi. Egunero egin behar da lan, gogor gainera.

Sakrifikatua da dantzaren mundua?

Bai. Jendeak gogor lan egiteko eskatzen dizu, baina beharbada zu zeu zara zeurekiko zorrotzena. Nire ustez, zorrotza izatea beste aukerarik ez dut dantzaren munduan aurrera egiteko. Ez zait gustatzen dena dakidala pentsatzea, perfekziotik gertu nagoela. Ez da egia, gainera; beti dago zer ikasi, zer hobetu...

Bilbao Ballet elkartea sortu dute berriki zenbait dantza zaleek, atzerrian lanean dauden euskal dantzarien lana erakusteko. Ba al duzu elkarte horren berririk?

Bai, eta gustatuko litzaidake harremana edukitzea beraiekin. Bisita hau horretarako ere aprobetxatu nahi dut. Horrelako ekimenak laguntzeko prest nago.

Besteak beste, salatu nahi dute euskal dantzariek atzerrira jo behar dutela trebatzera eta lanera. Puntako dantzaria izatea eta Euskal Herrian bizitzea ezinezkoa da, ezta?

Amak beti galdetzen dit noiz itzuliko naizen Euskal Herrira, baina nik zaila ikusten dut. Lan egin dezakedan herrian biziko naiz, eta hemen ezin dezaket lanik egin. Nire kasuan aukera pertsonala ere bada atzerrian bizitzea. Hala ere, aukera biak egotea izango litzateke egokiena: hemen geratzekoa eta atzerrira joatekoa.

Zer giro dago Munichen dantzaren inguruan?

Dantza tradizio handia dago. Ikuskizun asko ematen ditugu, eta antzokia betetzen dugu beti.

Zer da zuretzat Municheko Operaren Balleteko dantzari nagusia izatea?

Umetan argi nuen nagusitan dantza egin nahi nuela eta igual zitzaidan zein postutan. Berdin pentsatzen dut orain. Gustura nago, ez delako konpainia bat, antzoki bat baizik, etxe moduko bat niretzat.

Epe laburrerako zer asmo dituzu?

Agenda estua dut, gala asko, estreinaldiak... Herri askotan, gainera.

Eta etorkizuna nola ikusten duzu?

Ez dut epe luzera pentsatzeko eta erabakiak hartzeko ohiturarik. Eta ez dut pentsatzen zer komeni zaidan, erabaki bat hartzeko unean. Zoriontsu naizen edo ez pentsatu ohi dut, egiten dudanak betetzen nauen edo ez, eta horren arabera hartzen ditut erabakiak unean-unean. Munichen oso gustura nagoela da orain dakidan bakarra.

 

Galaren egitaraua

Lehen atala

Romeo y Julieta'. Dantzariak: Lucia Lakarra eta Cyril Pierre.

'El cisne negro'. Dantzariak: Altan Dugaraa eta Ganchimeg Chojilsuren.

'Alegrías'. Dantzaria: Antonio Marquez.

'Llamas de París'. Dantzariak: Corinne Verdeil eta Marcin Krajewski.

Light Rain'. Dantzariak: Lucia Lakarra eta Cyril Pierre.

Bigarren atala

Adagio for strings'. Dantzariak: Lucia Lakarra eta Cyril Pierre.

'Le Bourgeois'. Dantzaria: Marcin Krajewski.

Zapateado'. Dantzaria: Antonio Marquez.

'Diana y Acteon'. Dantzariak: Altan Dugaraa eta Ganchimeg Chojilsuren.

La dama de las camelias'. Dantzariak: Lucia Lakarra eta Cyril Pierre.

Dokumentuaren akzioak