Dokumentuaren akzioak
«Egun, barra klasiko asko egiten da, eta dantzatzeko modua aldatu du horrek»
Sabin Egiguren. Dantzari ohia eta dantza irakaslea
Bizitza osoa dantzari emana darama Sabin Egigurenek (Bilbo, 1940). Dantzari hasi zen 10 urte besterik ez zuela, eta Bizkaiko aurreskularien txapeldun izan zen 22 urterekin. Garaiko (Bizkaia) jaietara joan zen urtebete geroago, bertako dantzak ikustera. Zur eta lur geratu, eta ordutik «benetako euskal folklorea» ikertzen hasi zen. Euskal Herriko bazter denak bisitatu ditu lekuan lekuko dantzak ikasi eta bideoz erregistratzeko. 1976. urtean, Bizkai Euskal Folklor elkartea sortu zuen, dantzak erakusteko, eta datorren ikasturtean 41. ikastaroa emango dute bertan. Bideoetan dantza zein folklore emanaldien 4.000 ordu grabatuak dauzka. Apirilaren 21ean omenaldia egin zioten ikasleek.
Nola joan zen ikasleek egindako omenaldia?
Ederra izan zen, ustekabe politak egon zirelako. Egun polita izan zen, eta jende inportantea etorri zen. Pentsa, Filipe Oihanburu ere etorri zen 97 urterekin Miarritzetik!
Zure pasioa izan da dantza. Nola hasi zinen dantzan?
Bittor Olaetaren eskutik iritsi nintzen dantzara. Gustatu zitzaidan gauza euskalduna zelako. 19 urterekin Bizi Nai taldera joan nintzen, eta hura beste mundu bat zela ikusi nuen, ez bainengoen barra klasikora ohituta. Han ikasi nuen aurreskua egiten, eta denbora gutxian, 1962an, aurreskulari txapelketa irabazi nuen Gernikan. Handik gutxira etorri zitzaidan Gaztediko norbait esatera ea joan nahi nuen eurengana. Gaztedi Athletic bezalakoa zen, eta sekulako ilusioa egin zidan. Berehala sartu nintzen taldean, eta hura sekulakoa izan zen. Leku askotan ibili ginen, Euskal Herriko txoko askotan, baita Parisen ere.
Garaira joan zinenean han ikusitakoak ikuspegia aldatu zizula esan izan duzu. Zergatik? Zer ikusi zenuen?
Aurresku eta atzesku erabat ezberdinak ikusi nituen, eta horrek ikuspegia aldatu zidan; niretzat bataio bat bezala izan zen. Liburutegi bat egitea pentsatu nuen, eta dantzan heztea erabaki nuen. Garaiko dantza maisuarekin jarri nintzen harremanetan, eta gero Berrizko Alejandro Aldekoa ezagutu nuen, baita Abadiñoko batzuk ere. Ostera gehiago mugitzen hasi nintzen.
Zeren bila?
Benetako folklorearen bila. Nik dantzak ziren bezala ezagutu nahi nituen, ez dantza talde batean dantzatzen zen moduan. Ia 40 irakasle izan nituen, eta lekuaren araberako dantzak erakutsi zizkidaten.
Nola bilatzen zenituen?
Asko irakurtzen nuen, eta beti onenaren bila jotzen nuen. Puntako taldeak ezagutzen nituen, eta, horrela, Basauriko Euskal Herriko Dantza Agerketa Nagusia sortu genuen. Zortzi edo hamar orduko folklore erakustaldi bat zen. Ez nuen folklorea ez zen beste ezer bilatzen, baina Euskal Herriko azken muturreraino joaten nintzen hemen sekula aurkeztu ez ziren gauzak erakusteko. Nire aberriaren folklorea erakustea zen niretzat hori egitea.
Zergatik Basauri?
Eskaini zidatelako. Lehen aldia baino lehenago, talde batek deitu zidan zerbait egin nezala eskatzeko, eta nik beti benetakoa zena ekartzen nuen. Hortik tiraka iritsi zen eskaera. Ordurako gauza asko ezagutzen nituen, eta, gainera, Euskal Dantzari Biltzarra sortua zegoen. Horrek asko lagundu zidan.
Zein zen Euskal Dantzari Biltzarraren asmoa?
Gure benetako folklorea mantentzea eta biziberritzea. Gaur egun ez da halakorik egiten, ordea. Esan diezadala norbaitek nork dantzatzen dituen dantza tradizionalak! Lehengo baserritarrek bezala dantzatzen dituzte? Egun, barra klasikoa asko egiten da, behin eta berriz, eta dantzatzeko modua aldatu du horrek. Gorputza aldatu egiten zaie, eta hanka ez dute lehen bezala altxatzen. Zumarragan ikusi nuenean gaizki egiten zutela, esan nien ez zirela ondo egiten ari, eta esan zidaten Donostian horrela egiten ari direla, horrek arrakasta duelako. Baina herria ez da horrela egiten! Nork egiten du benetako folklorea? Non dago talde hauen guztien formakuntza?
Horregatik hasi zinen benetako folklorea erakusten?
Euskal Herriko dantza taldeei Garain ikasi nuena irakatsi nahi nien. Hainbat bilera klandestino izan nituen hori eskaintzeko, eta horrela sortu nuen Euskal Dantzari Biltzarra. Klandestinitatean 80 talde inguru nituen, pentsa!
Baina zuk zure dantza eskola sortu zenuen 1976. urtean. Zergatik?
Gu asko mugitzen ginen dantzak ikastera, baina ostera horiek taula gainera eramatean janzteko aukerarik ez geneukan. Jende falta ere bazegoen, eta orduan pentsatu genuen helduentzako dantza eskola bat sortzea.
Hirigune batean sortu zen lehen dantza eskola izan zen...
Dantza eskola sortu genuenean, esaten ziguten utopia bat zela. Pentsa, 150 ikasle izatera iritsi ginen. Beraz, utopia bat zela esaten ziguten, baina ibiltzen hastea da kontua.
Hainbeste, gaur egun dantza eskola ugari daude.
Bai, baina teknikoki hobeto lan egiten zen lehen. Moduak berak ere aldatu dituzte gaur egun.
Folklorea ez da garatuz joatea?
Hori esaten didate. Gauza bat da garapena, eta bestea izugarrizko aldaketa. Folklorean beti izan da garapena, baina inoiz ez zara jabetzen, oso txikia delako. Lekuan lekuko dantzariek aspalditik datorrena ikasten dute, eta ez dute aldaketarik egin nahi izaten. Gauza bat hori da. Baina dantza maisua gainean ez badaukazu, apurka aldatzen hasten da dantza. Eta horrela hasten dira gauzak aldatzen. Ni horretan oso zorrotza naiz, dantza ahalik eta hoberen egin behar dela iruditzen baitzait. Dantza zen bezala errespetatuz.
Nola erregistratzen zenituen dantza horiek?
Bideoz. Ordu asko sartu ditut grabatu dudana ikusten. Horretaz gain, gaitasun handiak nituen, eta egunero dantzatzen nintzen. Dantzarekin sufritu egiten dut, poztu egiten naiz, eta gaizki pasatzen dut. Baina hil artean jarraituko dut. Bi arrazoirengatik: gustatzen zaidalako, batetik, baina baita nire herriak behar duelako ere.
Euskal folklorearen 4.000 ordu grabatu dituzu. Zein asmorekin?
Ikusten nuen dantza galtzen ari zela. Zaharrenak hiltzen ari ziren, eta folklorea hoberen gordetzen dutenak horiek dira. Ikusten nuen irakasle falta zegoela, eta ez zela behar bezalako lana egiten folklore hori gordetzeko.
Tira, gaur egun oraindik 90 ikasle dituzue zuen eskolan. Alde horretatik, jarraipena badagoela esan daiteke?
Garbi utzi behar da ikasleak hona ez direla dantza talde batera bezala etortzen. Nik zuzendu egiten ditut, eta aurrez aurre egotean akatsak zuzentzea errazagoa da.
Oraindik irakasten jarraitzen duzu orduan?
Bai, ni apenas dantzatu naitekeen, baina maisuak ondo ikasiak dira. Ni oraindik egoten naiz, eta esaten didate oso gogorra naizela. Tira, fama hori daukat. Baina dantza egin nahi duenak kontuan hartu behar du dantza egitea gogorra dela. Hona ez da etorri behar ondo pasatzera, beste modu batean baizik. Noiz pasatuko du ondo ikasleak? Ikasten ari dela ikustean.
Lanean jarraituko duzu orduan?
Ahal dudan arte bai. Askok esan didate noiz utziko dudan... Aurten Luzaiden [Nafarroa] esan zidaten dantza horiek grabatuak nituela, baina erregistratu beharra daukat ikusteko nola garatu den.
Erregistratuta daukazun dokumentazio guztiarekin zer egin nahiko zenuke?
Nik grabatzen jarraitu nahi dut, hori garbi. Hala ere, uneren batean esku publikoetara iritsi beharko du, baina hori ezin dut nik egin, erakunde publikoek baizik. Jende askok daki zer daukagun hemen, askotan atera delako, baina hemen dena guk ordaindu dugu, ikasleen kuotekin ez delako iristen guztiari eusteko. Azken finean, burutik jota dagoen jendea garelako egin dugu hau dena. Beharrezkoa dela iruditzen zait.
Dokumentuaren akzioak