Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Egitarau aberatsa «Bi harriz lau xori» astearen kariaz

Dokumentuaren akzioak

Egitarau aberatsa «Bi harriz lau xori» astearen kariaz

Martxoaren 23an Barbeseko Orkestra Nazionalak joko du Biarritzen

Egilea
Ainize Butron
Komunikabidea
Gara
Tokia
Biarritz
Mota
Albistea
Data
2002/03/09

"Bi harriz lau xori" kultur asteak, urtero bezala, euskal kreazioa ezagutzeko eta ikusteko parada eskainiko du astebetez. Martxoaren 18an hasiz, Euskal Kultur Erakundea eta Biarritz Kultura elkarteak antolatuta, kultur ekimen honek egitarau aberatsa eskainiko du. Antzerkia, dantza, erakusketak, kontzertuak eta tailerrak osatuko dute aurtengo zortzigarren edizioaren programazioa. Hala eta guztiz ere, kultur aste honen oinarria euskal kultura bada ere, kanpoko kulturek ere leku berezia izanen dute "Bi harriz lau xori"n bertan.



«Iaz jaialdia kanpoko kulturei irekitzea erabaki genuen. Aurten, beraz, esperientzia honekin jarraituko dugu», erran zuen Laurence Pekarek, Biarritz Kultura elkarteko zuzendariak.



Ikuspegi ireki honen lekuko izanen da Barbeseko Orkestra Nazionala, martxoaren 23an, kulturaldiaren amaieraren bezperan, kontzertu bat eskainiko baitu. Kontzertua Biarrizko Gare Du Midi aretoan agertuko da eta hamabi musikariz osatua den talde honek hainbat kulturatako musika eta erritmoak preziatzeko aukera emanen du.



Raï, Reggea, rock, funki, eta beste hainbat kulturatako doinu bereziak eskainiko dituzte kontzertu honetan. Barbeseko Orkestra Nazionala, kultur guztien arteko topaketan oinarritzen denez, Biarritz Kulturak euskal herriko musikariak ere gehitu nahi izan ditu ekitaldi honetara. Hau dela eta, Kontzertua arratseko bederatzietan hasiko da eta lehen partean Beñat Axiari agertuko da hainbat musikarik lagundurik, hauen artean, Beñat Amorena eta Claude Tchamichian izanen dira. « Axiari eta Barbeseko Orkestra Nazionala kontzertu berean aritzen diren lehen aldia izanen da», gaineratu zuen Pekarek berak.



Ekimen honetatik kanpo, antzerki emanaldiak ere izanen dira kulturaldi honetan. Lehen antzerki ikusgarria martxoaren 21ean eskainiko dute Maskarada taldearekin. Gabriel Aresti idazlearen omenez sortu duten "Kaio luma zikina" antzerkia azalduko dute eta ikuskizun hau Udako euskal Unibertsitatearekin batera antolatua izan da. Ikusgarriaren ondotik, UEUri buruzko informazio gaualdi bat izan da antolatua. Bigarren antzerki lana Xirrixti Mirrixti antzerki talde amateurrak azalduko du martxoaren 24an arratsaldeko lauretan. Bertan, Pantzo Hirigarairen "Lamindegiko laminak" azken sormen lana azalduko dute.



Bi erakusketa



Erakusketak ere izan dira antolatuak "Bi harriz lau xori"n. Lehenak "Western Africain" izenburudunak, Polo Garat Barkosen sorturiko argazkilariaren lanak azalduko ditu. Publizitate edo turismo alorretan lan egiteaz gain, ahal duen aldi guztietan, Polo Garatek bere argazki tresna hartu eta munduan zehar bidaiatzeari ekiten dio. Afrika edo Txile aldeko lagunen bizimoldea ezagutarazteko erakusten duen nahiari lotuz, erakusketa honetan bidaia horien ikuspegia ematen du.



Hain zuzen ere, Western Africain erakusketa hau argazkilariak Afrikan barna egin duen bidaia hauen emaitza baino ez da.



Erakusketak hamasei argazki panoramiko azaltzen ditu zuri-beltzean. Erakusketa hau Terre d''Images argazki jaialdiarekin batera antolatua izan denez, iaz Biarritzen argazkilari honen obrak ezagutzeko aukera ukan zutela ekarri zuen gogora Laurence Pekarek. «Iazko erakusketa ikusiz, interesgarria iruditu zaigu obra hauek Bi harriz Lau Xori kulturaldiaren kariaz agertzea», gehitu zuen.



Jose Luis Zumeta artistaren erakusketa "Bi harriz lau xori" kultur astearen egitarauan sartzen ez bada ere, Jakes Abeberri Biarritz Kultura elkarteko lehendakariak erran zuen martxoaren 15etik apirilaren 14ra bitarte Biarrizko Sainte Eugenie elizan antolatu duten ekimen hau orain arte Biarritzek berak ezagutu duen ikuskizunik handiena dela.



Elirale konpainiaren kreazioa ikusgai



"Bi harriz lau xori" jaialdiaren aurtengo gomita dantza izanen da. Iaz antzerkiari leku garrantzitsua eman zioten eta aurten dantzaren inguruko ekitaldi bat eskaintzea erabaki dute, Elirale konpainiaren bitartez. Martxoaren 22an izanen da eta dirudienez "Mintegiak" deitu ekitaldi honetan "Eden" deituriko Pantxika Telleria koreografoak sortu azken obra plazaratuko dute.



Pantxika Telleriak adierazi zuenaren arabera, «dantza honetan emakumeak kulturan daukan lekua adierazi nahi izan dut. Eden hebreoz paradisua adierazten badu ere, bizkaitarrez pozoia erran nahi du, beraz, hitzaren bi definizio horietatik abiatu naiz lana egiteko», erran zuen.



Azken sormen lan hau azaltzeaz gain, azken urtean hiru ikastetxetako ikasleekin egindako lanaren emaitza ere azalduko du. Dantza tailer hauek hainbat ikasle talderekin eraman ditu aurrera eta koreografia zer den erakuskeko, Elirale taldeak duela urtebete sortu lanetik, Firua izenekotik, abiatu zirela erran zuen Telleriak.



Ondotik, Bi Harriz Lau Xori kultur astean Polo Garateren argazkiak daude ikusgai eta ikasle talde hauek Afrikari buruzko argazki hauetan oinarritu dira minutu eta erdiko lan bat egiteko. Lan hauek martxoaren 22an izanen dira ikusgai Koliseoan bertan.

Dokumentuaren akzioak