Dokumentuaren akzioak
Egingo al dugu dantzan?
Hernanin dantzak, furi edo indar handiena iragan mendeko 60. hamarkada aldean izan zuen. Hamarraldi bat lehenago hasi zen sona hartzen. 70.ean, berriz, ahultzen joan zen.
Inguruko herrietan, Tilosetako dantzaldiek oihartzun handia izan zuten urtetan. "Lekua ere halakoa da", gogoratu du Eulali Aranburuk (Hernani, 1932). "Bandak lasai jotzen zuen kioskoan eta herriaren erdi-erdian dantzatzeak enkantu berezia zuen".
Dantza, neguan, 18.00etatik 21.00etara ospatzen zen igandero. Udan, berriz, 22.00 aldera arte. Hasieran herriko banda 20 bat minutuz ari-tzen zen piezak jotzen. Ondoren, beste hainbeste denboran, txistulariak aritzen ziren. Hauek dantza askatuko piezak jotzen zituzten: fandangoa, arin-arina... Gero, berriz ere, dantza lotuaren txanda izaten zen. Musika bandak beste 20 bat minutuko saioa egiten zuen.
Euria egiten zuenean, adibidez, udaletxeko arkupetan aritzen ziren musikariak eta, jendea, berriz, inguru-marian. Batzuetan aterpean eta besteetan plazan barrena.
Baserritarrak bezperetara -Elizan, bazkalostean egiten ziren ordu erdi inguruko otoitzak- jaitsi ondoren, dantza hasi bitartean zain egoten ziren. Batzuetan musika noiz hasiko zain denbora luzeagoa igarotzen omen zuten dantzan baino, ilundu baino lehen baserrira itzuli behar izaten baitzuten. "Bandaren pieza bakan batzuk dantzatu eta etxera. Askotan txistularien saiora ere ez ginen iristen", gogoan du Aranburuk. Bestalde, 1951n, 19 urte zituenean 16 urteko ahizpa hil zitzaion. "Lutoa ematen zenez ezin izan genuen hiru urtez dantzara joan".
Jendea Hernanira trenean edo tranbian barra-barra hurbiltzen zen, eta ondoren bueltan zintzilika joaten zen bagoietan ezin kabiturik. Orduan inork gutxik zuen autoa. Asko eta asko oinez hurbiltzen zen herrira. "Garai hartan senar-emazte asko ezagutu ziren Hernaniko dantzaldien kontura", azpimarratu du Aranburuk.
Ordainketa
Dantzatzeko bidesaria
1955 urte aldera, Hernaniko Udalak talde guztiak ordaintzeko adina dirurik ez zutenez, Tilosetako musika-joleek irtenbide bat asmatu zuten: sos batzuk eskuratzeko dantzan ari-tzen ziren gizonezkoek hainbesteko bat ordaintzea. "Halere, tranpatxoak ez ziren urruti izaten. Ordaindu orduko, eranskailu moduko bat jar-tzen zuen paparrean jendartean dirua biltzen aritzen zen kobratzaileak. Baina diru biltzailea urruntzen zen bezain laster, eranskailua batak besteari ematen zion. Trukatu egiten zituzten ez ordaintzeko. Kobra-tzailea azaltzen zenean eta gizonezko bat emakume batekin dantzan ikusi eta eranskailurik ez bazeraman, lehen ordaindu dizut edota erori egingo zitzaidan bezalako aitzakiak ohikoak izaten ziren. Batzuetan sinisten zien. Besteetan, ordea, ordaindu egin behar izaten zuten", azaldu du Aranburuk.
Dantzak ez ezik, ospe handia zuten Tiloseta inguruko taberna eta sagardotegiek. Baltsean edo pasodoblean aritu ondoren, asko, Buxkandoko sagardotegira joaten ziren. Bertako patata tortilla ogitartekoak oso estimatuak zirela gogoratzen du Aranburuk. Eta indarrak berreskuratu ondoren, dantzara berriz ere.
"Askatuan dantzatzen herritar ia guztiek zekiten. Ez, ordea, kanpotar askok. Orduan, begira eta zain egoten ziren. Baita txistularien saioan txistuka ere, ahalik eta arinen amaitu zezaten eskatzen", gaineratu du.
Ez zen erraza izaten herritarrak dantza lotuan aritzea, senitarteko asko ez baitziren urrun izaten. Elizak ere indar handia zuen. "Dantzan ari zen bikotearen artean behi bat pasatzeko adina leku behar zela esaten zuten", gogoratu du hernaniarrak.
Udazkenaren atarian, Hernani inguruko erreka batean senitartekoekin batera sagarra, artoa edo babarruna biltzen aritzea ohikoa izaten zen Eulali Aranbururentzat: "Urnietako San Migeletako festetan -irailak 29- adibidez, herriko plazan jotzen zuten txistularien arratsaldeko saioa primeran entzuten genuen, orduan ez baitzegoen gaur dagoen adinako zaratarik".
Goazen dantzara
Oialume jomuga
Herri txiki askotan dantza askean egiten zen batik bat. Lizartza bezalako herriek ez zuten musika bandarik, baina bai trukean Kaxiano soinujolea. "Ni 1943-49 urte bitartean Oronoz-Mugaireko eskolan barneko ikasle egon nintzen. Udan Elduaingo izeba baten etxean igarotzen nituen egun batzuk. Herrietan beti aurkitzen zen aitzakia igandetan dantzan egiteko. Han, adibidez, Miguel Soroa pilotari ezaguna soinujole aritzen zen baldin eta pilota partidarik izaten ez bazuen. Oso gaztea zen orduan. Askean dantzatzen han ikasi nuen nik", erantsi du Aranburuk.
Garai haietan erromeria eta dan-tzaldiak nonahi antolatzen zituzten. Adibidez, Lasarte-Oriako Txikierdin, soinujole bat aritzen zen giroa alaitzen. Oiartzun inguruko izen bereko gunean ere Hernaniko, Astigarragako, Andoaingo, Urnietako... gazteak hurbiltzen ziren barra-barra dantzara.
Igeldo inguruan ere bazen dantzagune bat. "Orduko bi pezeta zituena, hau da, txanpon batzuk gastatzeko prest zegoena, hara joaten zen dan-tzara. Guk, adibidez, Hernaniko Santa Barbara mendiaren magalean dagoen Agerre baserrian bagenuen Joxe izeneko morroi bat. Hark Igeldora joateko ohitura zuen ia igande guztietan. Neska polit asko izaten dira bertan esanez laburbiltzen zigun etxera itzultzen zenean ikusitakoa". Oso gutxi izango dira Astigarragako Oialume ezagutzen ez dutenak. "1960 urte inguruan hasi ziren dantzaldiak eskaintzen -gaineratu du Aranburuk-. Garai batean Loiolako kuarteleko soldaduak joaten ziren. Hor ere bikote pila jaio ziren. Lagun hernaniar bat banuen Bilboko soldadu batekin ezkondu eta Bizkaira bizitzera joan zena. Harrez gero ez dut bere berririk izan".
Oialumera, urtetan, hamaika bazterretako jendea hurbildu izan da. Sasoi batean maiz joaten ziren dan-tzazaleen ahotan, duela 30 urte, Oialumek gizarte ekintza handia egin zuen: egungo bikote askok eskerrak eman behar omen dizkio bilguneari. Hain zen ospe-tsua, duela urte batzuk zenbai-tzuk, Young Play abertzalea goitizena jarri ziotela.
Hernaniko Tilosetan hamaika belaunaldik egin dute dantza.
Dokumentuaren akzioak