Dokumentuaren akzioak
«Egin ditut idazteari uzteko proba batzuk, baina ezin»
Utzi egin nahi lukeela dio, baina lapsus batek salatu du hori esan eta gutxira. «Zuzenean kontatzen dena ez da literatura», hasi du azalpena Joxean Agirrek (Azpeitia, Gipuzkoa, 1949). «Zeharka kontatzen dena, zirriztutik kontatzen dena, hori da literatura. Solteroen dantzalekuak nobelan, esaterako, protagonistari buruz kontatzen dena emazteak kontatzen du, edo Madrilgo irudi enpresak kontatzen du. Neskak zirriztutik jarraitzen du ertzainen elkarrizketa eta...». Eta, bat-batean, hortxe eten du esaldia, «itxoin-itxoin», zalantza tanta bat aurpegian. «Ez, ez, ez, barkatu, azken hori beste istorio batekoa da, hori oraingoa da». Idazten hasia den hurrengo liburukoa, alegia. Duela hamar urte inguru hartu zuen erretiroa kazetari lanetik, eta ordutik «idazle bizitza» daramala dio: idazteko ordu batzuk hartzen ditu goizero, irakurtzeko arratsaldeak, eta gustura. Dedikazio horren emaitza dira azken hiru urteotan Elkar argitaletxearekin kaleratutako eleberriak: Nobela errealista bat (2020), Distira eta alderantzia (2021) eta Solteroen dantzalekuak (2022).
Eta nola doa «idazle bizitza»?
Oso diferentea da kotxean elkarrizketa bat egitera zoazela koadernoa ireki eta gauzak apuntatzea bolantean, edo egunero lau ordu edukitzea goizean eta irakurtzeko edukitzea arratsaldea. Nobela bat martxan dagoenean, kasik-kasik, barruan sartzen zara. Barruan bizi zara. Juan Jose Millas idazleari irakurri nion zutabe batean gauza bat oso polita; esaten zuen bere herrian bazegoela tipo bat bete-betea ez zena, konponketak egitera dedikatzen zena. Behin esan zioten oilategi bat egiteko, eta egin zuen: utzi zuen oiloak ateratzeko zuloa, eta, gero, teilatua egiten ari zela konturatu zen aterik ez zuela egin, eta barruan gelditu zen. Guri antzeko zerbait ez ote zaigun gertatzen. Sartzen zara nobelan, joaten zara egiten, bukatzen duzu, eta atera ezin. Eta, gainera, ez duzu atera beharrik ere.
Prosak berak eramaten ditu zure liburuak.
Posible da. Azken batean, gaia, trama edo egitura parte minimoa dira, eta estiloa edo ahotsa da denbora eskatzen duena. Goiz batzuetan ateratzen da, eta beste batzuetan ez da ateratzen, eta ateratzen ez denean disimulatu egin behar da, eta jardun.
Lehendakarigai izateko hautagai den gizon baten nondik norakoak dira Solteroen dantzalekuak eleberriko gaia. Hondoan, ordea, konstantea da gizontasunaren gaia, eta, zehazki, hauskorra den gizontasun batena, mehatxupean sentitzen dena.
Uste dut hori nobela guztietan dagoela. Lehen, diskurtso bat nuen horren inguruan, baina galdu egin zait. Baina bai, oso hauskorra da gizontasun hori, eta, aldi berean, tradizio baten barruan sartzen da. [Italo] Svevotik hasita, eta [Samuel] Becketten gauza batzuetan ere bai, nik ikusten dut gizonezko pertsonaia hau literatura moderno osoa ari dela gurutzatzen, eta nigan esajeratuagoa da: pena pixka bat emateko modukoa, baina aldi berean samurra.
Hain justu: ia parodikoa da eleberriko protagonista, baina oso samur hartzen duzu.
Lehen pertsonan idaztean, kasik-kasik zeure buruarekin identifikatzen duzu narratzailea. Eta bai baina ez. Behin, kritikari feminista batek gizontasun toxikoaz kristoren diskurtsoa sartu zuen, eta ez ninduen aipatzen ni bakarrik, esaten zuelako hori zela euskal literaturan behin eta berriz errepikatzen zen zerbait. Ez nuke inondik inora esango pertsonaia hau, literaturan etengabe agertzen den gixajo hori, toxikoa denik, baina bueno. Antiheroia da, baina erabat galtzailea ere ez da; ez da pesimista erabatekoa, baina ez du askorik sinisten; pena ematen du, baina dramatismorik gabe... Idazteko modu antisolemnea da hau. [Augusto] Monterrosok eta bestek erabili izan dute termino hori Mexikoko literaturan kokatzeko beren burua: handiusteko literaturaren kontrako jarrera bat da. Nik uste dut hor kokatzen direla nire pertsonaia horiek.
Eroso zaude solemnitatearen aurkako literatura horretan?
Bai. Eta oso zaila da hor diskurtso handiak topatzea, ez bada barre egiteko.
Ohikoa da zure liburuetan umorerako joera, baina, Solteroen dantzalekuak liburuan, sartu-irtenean dabil umore hori.
Absurdoarekin eta surrealismoarekin inpresioa dut aspertu egiten naizela segituan. Aurreko nobelan, Nobela errealista bat-ean, bazegoen oso tabernakoa zen umore bat. Oraingo honetan, irten eta sartu dabil umorea, bai.
Poliziak protagonista torturatzen duenean, esate baterako, ez dago umore handirik.
Kronika bat da pasarte hori: polizia nolakoa den agertzen da. Badaude umore puntu batzuk, halere; atxilotzen dutenean, nola oihukatu nahi duen «Gora Euskadi askatuta!» eta ez zaion ateratzen ahotsa. Heroirik ez dago hor. Are, torturatzen dute, eta Xabier Mendiguren editoreak esaten zidan gero ematen duela tribializatu egiten dudala kontua, eta nik uste dut hala egiten dudala. Gogoratzen naiz anaia pare bat aldiz egon dela detenituta, eta behin ostia dezenteak eman zizkioten; gero, amnistiarekin atera zen, eta nik galdetzen nion ea nola izan zen hura, eta berak esaten zidan: «Ondo moldatu ninduan. Elektrodoak jarri zizkidatean barrabiletan, baina gutxi, dena ondo». Nobelan ere ez dago errekreazio bat drama horretan. Umorearen gaia oso zaila da...
Umorea lantzen duten egileek maiz azaltzen dute ezinegona horrekin. Idatzitakoa umoretsutzat hartuz gero, badirudi ez zarela serio ari, eta, aldiz, irakurleak testuaren umorea gutxiesten badu ere, deseroso.
Defentsa moduko bat ere bada. Goikoen kontrako zerbait ere bada umorea. Terry Eagletonek literaturaren errepaso moduko bat egiten du liburu batean, aztertuz zer autorek darabilen umorea eta zeinek ez, eta liburu horretan esaten du, herri bezala ere, herri txikietan beti egoten dela umorerako joera handiagoa; hainbeste desgrazia bizi izan dituztenez historian, mekanismo horrek defentsa modura jokatzen duela. Eta nik uste dut gurean ere halako zerbait dela: bertsolaritzan umorea da talentu preziatuena. Sufritu dugunontzat, umorea mekanismo bat da egoerari buelta emateko.
Iragana berrasmatzen dabil liburuko protagonista, gaztetako militantzia politikoaren ondorioz Zuberoara joan zelako babes bila, eta lehendakarigai izateko hautagai delako orain. Eta, hain justu, pasarte batean esplizituki aipatzen da ETAren memoria antifrankista aldarrikatu ezina.
Hala da, bai. Orain eskuin muturrarekin Frantzian ez dakit nola izango den, baina pasatu dituzte hogei urte beren biografiak zuritzen eta erresistentziakoak izan zirela esaten, nahiz eta gero norbaitek pixka bat ikertu eta esan herri horretan ez zela izan erresistentziako kiderik, eta herrikoek baietz, eta horrela. Hemen ez, hemen frankismoak haustura txikia izan du. Liburuko protagonistaren Zuberoako neska lagunak esaten diona da defendatu behar duela izan zena.
Politika antzezpena dela esaten du protagonistak pasarte batean, eta gatazka armatuan ere antzezpen pixka bat egon dela iradokitzen da.
Politika ideia handien antzezpena dela, hori bai; bestea ez dakit. Liburu honetan eta aurrekoan, sentitzen dut gatazka, gure miseria guztiekin ere, lubakiaren alde honetatik kontatu behar dudala. Ez dut uste borroka armatuari buruzko antzezpen sentsazio hori badagoenik.
Franz Kafkaren pasadizo bat dakar gogora Distira eta alderantzia liburuak.
Bai, betikoa.
Pasarteak kontatzen du behin idazleak nola topatu zuen neskato bat negarrez, bere panpina galdu zuelako, eta Kafkak nola eman zituen bi aste neskatoarentzako panpinak sinatutako eskutitzak idazten. Literaturaren alde kontsolagarria nabarmentzen du fabula horrek. Hori da literaturan egitekoa?
Egitekoetako bat. Gaztetxoa nintzela, aitona gaixotu egin zen: kolpetik gelditu zen indarrik gabe, eta lanerako gauza ez zela. Gogoratzen naiz irakurri nizkiola Tomas Agirre Barrensororen Uztaro eleberria, Txomin Agirrerenak, Jon Etxaideren Joanak joan eta beste. Agrafoa zen, bazekien leitzen, baina idazten batere ez. Eta hor egoten zen entzuten: literaturaz ez zekien ezer, nola jakingo zuen, ba; aitzurrak eta segak bai, baina literaturaz ez. Baina lortu nuen Orixeren Euskaldunak-en kopia bat, eta leitu nion, pentsatu nuelako horrekin inork disfrutatzekotan baserritar batek disfrutatuko zuela gehien, baina hasten nintzen leitzen, eta esaten zidan, «orain ere horrekin al hator?». Hori ez zitzaion gustatzen batere, baina besteak entzuten zituen. Hil zen, eta gerora beti pentsatu dut balio izan ziola literaturak tristura uxatzeko gutxienez. Baina hori nik asmatutako gauza bat da; igual auskalo zertan pentsatzen egongo zen aitona! Baina beste funtzio askoren artean, literaturak badauka funtzio lenitibo hori, mina baretzekoa.
Zuri, zehazki, zertarako balio dizu?
Jubilatu nintzenean ere galdetzen zidaten hori, eta nik esaten nuen denbora-pasa bat zela, baina denbora pasa, denbora pasa, pasatu ditut hamar edo hamaika urte, eta orain badakit utzi egin behar dudala, ez dudalako ikusten neure burua 80 urterekin bastoi batekin elkarrizketak ematera joaten hona eta hara... Egin ditut proba batzuk uzteko bezala, eta ezin: adikzio bat da. Lehen esan dudan irudi hori da, Millasek kontatutako oilategiarena: niri horrek gehiago balio dit minak arintzearenak baino. Minak hasten direnean, badakit utzi egingo dudala literatura. Uste dut nobelak idazteak baduela abentura puntu bat: hasten zara, eta ez dakizu zer aterako den. Ideia bat, bi, hiru dauzkazu, eta, Rubik kuboekin gertatzen den bezala, enkajatuz joaten dira, eta momentu batean ikusten duzu enkajatu duela.
Dokumentuaren akzioak