Dokumentuaren akzioak
Egin dezagun Otehitz
Xabierren gogaide, haren galderak hartzen ditut abiapuntu. Nola josten dira dantzaldia eta Oteiza? galdetzen zuen Xabierrek. Galdera horren atzean arte-lan bati eskatzen zaion pertinentzia artistikoaren bilaketa dago; arte lanak, beteko bagaitu, hala behar zuela sentiarazi behar digu; bere baitako legeei obeditzen diela. Nik ez nuen halakorik sentitu Otehitzari biraka-n.
Ausar nadin ote-oteka asmatzen, ote hitzari tiraka: biraka. Biraka darabilte hain zuzen dantzariek, ikuskizunaren une batean, Oteizaren par móvil izeneko eskultura: bi zirkuluerdi elkarzutek osatua, esferaren desokupazioaren emaitza. Par móvil horrek zoruan utziko lukeen arrastoa agertokiaren atzealdeko pantailan ikusterik izan bagenu (Guggenheimeko erakusketa antologikoan baziren irudiok: ezin izan al dira erabili?) lerro ondulatu perfektua ikusiko genuen, uhin-lerroa. Lerro ondulatuak, gainera, helize baten higidura ere irudikatzen du, bi dimentsiotara ekarrita. Eta esfera-uhina-helizea sekuentzia edo garabide horretan, dantzaren lengoaiari dagozkion ezaugarri batzuk ditugu jadanik: higidura, erritmoa, estilizazio formal hutsa. Bide horietatik, suma ote liteke eskulturaren hizkuntzatik dantzaren hizkuntzarako iraganbidea, translazioa? Hor sartuko litzateke koreografoa, aurrean jarri zaizkion elementuen arteko jokoei erreparan, zelatan, barne-legeak argitara ekartzeko ahaleginean, bere sentsibilitatea, jakituria eta esperientzia lanean (dantzan) jartzera. Jarrai nezake formei buruzko gogoetan, eta esan esferaren funtzioa babesa dela; uhinarena, komunikatzea; eta helizearena, berriz, eustea, heltzea. Jarrai nezake, baina orduan bat baino gehiagok pentsa lezake «hara, hasi zaiguk hitzontzi sasitranszendental baten moduan, kea saltzen», erretorika hutsal hanpatua erruz erabiltzen baita arte kontuetan (ere). Bada, ez, kasu honetan ez: Jorge Wagensberg zientzia-pentsalariari hartutako hitzak dira, unibertsoaren bilakaeran errealitate mikro- eta makrokosmikoetan ageri zaizkigun formak aztertzen dituen liburu eder batekoak (La rebelión de las formas, Tusquets, 2004. Bidenabar: ametitzen ditu beste irakurbide batzuk ere. Koreografia politikorako, kasu. Ramon Zallok-eta irakurri beharko lukete).Alderdi formal huts honetaz gainera, balegoke zeresanik zenbait pasartetako errepresentazio figuratiboaz (dantzariak Oteiza aguretua errepresentatzen du: aurreskua agure batek bezala dantzatuz, estropezu eta guzti; Itziar hil zaio Oteizari: mutil dantzariak neska dantzari herrestan darama...). Edo pantailako olerkien irakurgaitzaz. Edo pantailan proiektatu ziren irudiez: Oteiza jenial, hitzontzi, pikaro, umoretsu, megalomano, agure bere eroak daramana...
Kontua da: zer Oteiza nahi dugu? Zer nahi dugu Oteiza? Momia ustelezin, panteoian sartzeko eta urtean behin, mendean behin, gurtzeko? Ezer gutxitarako baliatuko zaigu. Nola balia gaitezke gu hartaz? Asma dezagun gure Oteiza. Egin dezagun Otehitz.
Dokumentuaren akzioak