Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Egiak

Dokumentuaren akzioak

Egiak

Fokuen azpian

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2006/01/27

Egitarauan Psitt, psitt! eta Viene regando flores desde La Habana a Morón iragarrita daude eta horri esker parada ona izango dute ikusleek konpainiaren estilo garaikidea nahiko era zabalean ezagutzeko. Zalantzarik gabe, Cesc Gelabert eta Lydia Azzopardik sortutako konpainia munduko onenetarikoen artean dago goi mailako dantza garaikidearen alorrean, muturreko araztasunean eta bilaketa estetikorik gorenean oinarrituta. Horrek berezi, oso berezi, bihurtzen du haien emanaldi bat ikustearen esperientzia. Egitarauko lehen piezan hainbat pasarte laburrez osaturiko giro erdi oniriko erdi magikoa eratuko dute Gelaberten dantzariek, Pascal Comeladeren melodia poetikoek lagunduta. Viene regando flores...-en, ordea, Kubako Timbanco laukoteak zuzenean jotako musika bikainak dantzarien mugimenduak eta pauso libreak apainduko ditu, edertasun gorenari eta bizipoza sakonenari gorazarre eginez. Bizitzan behin dantza emanaldi bakar bat ikusteko aukera izatekotan, hau berau aukeratu, zinez. Lekua: Iruñeko Gaiarre antzokia. Eguna: gaur, 20:00etan.



- EGIA EZKUTUAK. Aitortzen ez diren egia horiek hartu ditu gaitzat Jokin Oregik Ezin dut egia esan idatzi eta zuzentzerakoan. Hondartza galdu batean kokatu ditu argumentuko lau pertsonaiak eta urruntasun isolatu hark lagungarria izango zaie laurei bikote barruko ez-fideltasunak azaleratzeko eta bizitzaren aurrean posizio berriak hartzen joateko.Egileak, baina, ondo saihestu ditu bikoteen banaketetan izaten diren txikikeria penagarriak eta arreta gehiago jarri du pertsonaien eraikuntzan eta jarreren bilakaeran. Beraz, testuak kalitate nabarmena dauka oinarrizko planteamenduan eta egoeren garapenean, nahiz eta behin baino gehiagotan esaldiek naturaltasun falta duten. Estreinaldian gorabeherak izan ziren ahotsen proiekzioarekin eta horrek asko murriztu zuen lanak eragindako zirrara. Arazo hori konpontzea lortu badute, askoz argiago geratuko da txukun gorpuzten duela aktore bakoitzak bere pertsonaia. Lekua: Zornotza aretoa. Eguna: gaur, 21:00etan.



- EGIAREN BILA. Bere baitan bor-bor zituen galderei erantzunak bilatzearren murgildu zen Albert Einstein zientziaren munduan. Haren heriotzaren urtemuga aprobetxatuz, umeei zuzendutako ikuskizun polit eta gozagarria prestatu dute Ados konpainiakoek. Ikusle txikiak eta handiak agertokian prestatutako karpa puzgarri batean sartuko dira, zientzialari erara jantzita, eta han Einsteinen pertsonaiak bere bizitzako pasarte bitxiak eta berak garatutako teoria zientifikoak azalduko dizkie.Konpainiak dioenez, sei eta hamabi urte bitarteko ikusleentzako lana da, baina nik bi urte beranduago jarriko nituzke mugak, kontuan izanda gaien abstrakzio maila. Dena den, Mikel Sarriegik gogoz defenditzen du bere pertsonaia, eta dramaturgian tartekatutako sorpresa txikiek, umeen partehartzeak barne, asko laguntzen dute ikusle guztien interesa mantentzen. Lekua: Basauriko Social antzokia. Eguna: etzi, 11:00 eta 13:00etan.

Dokumentuaren akzioak