Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Efemerideak eta garaikurrak

Dokumentuaren akzioak

Efemerideak eta garaikurrak

Aurten gai sozialak eta politikoak izan dira nagusi Gipuzkoan, baina kultur eta kirol arloek ere eman dute zeresana.
Egilea
Miren Mujika Telleria
Komunikabidea
Berria
Tokia
Gipuzkoa
Mota
Albistea
Data
2025/12/19
Lotura
Berria
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, uztailaren 5eko soka dantzan, Tolosan. AITOR KARASATORRE / FOKU
Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, uztailaren 5eko soka dantzan, Tolosan. AITOR KARASATORRE / FOKU

Askotariko gaiek hartu dute aurten Gipuzkoa, hala gizarte gaiek nola kulturalek. Aurten, gainera, efemeride bat bete du herrialdeak, bai eta hura ospatu ere, mila urte bete baitira Gipuzkoa hitza lehen aldiz agertu zenetik: 1025ean azaldu zen, eskuizkribu batean, Ipuscua grafiaz idatzita, San Juan de la Peñako (Huesca, Aragoi, Espainia) liburu gotiko batean. Hori dela eta, askotariko jarduerak antolatzen aritu dira urte osoan herrialdeko hainbat erakunde. Eider Mendoza diputatu nagusiak urte hasieran azaldu zuen «ezagutza historikoan sakontzeko» balioko zutela antolatutako ekintzek, bai eta «komunitate balioak ezagutu eta indartzeko» ere. Soka dantza batez irudikatu zuten milurtekoa, uztailaren 5ean, Tolosan, eta zenbait agintarik eta alkatek parte hartu zuten. Donostian ere izan da zeresana eman duen gai bat, Eneko Goiak alkate kargua utzi baitzuen urriaren 16an, eta Jon Insaustik hartu du haren lekukoa. Goiak kargua utzi eta lau egunera inauguratu zuten Donostiako Udalak aspalditik iragarria zuen GOE Gastronomy Open Ecosystem eraikina, Gros auzoan, eta batzuek harrera ona egin bazioten ere, beste batzuk ez daude konforme hura eraiki izanarekin. Kultur arloan, Donostiako Zinemaldiak hiriko kaleak bete ditu aurten ere. Are, garaikur bat ere utzi du Gipuzkoan, Jose Ramon Soroiz aktoreari eman baitiote aktore nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra, Maspalomas filmean egindako lanagatik. Kirolean ere izan dira garaikurrak eta dominak; maiatzean, esaterako, urrezko domina bat lortu zuen Sara Alonso mendi korrikalari donostiarrak, aurrena izan baitzen Zegama-Aizkorri lasterketan; Malen Osa oñatiarrak ere lortu zuen podiumera igotzea, hirugarren postua lortuta.

1 Hezur-haragizko soka

Soka batek lotutako herrialdea erakutsi zuten uztailaren 5ean, Tolosan. Agintariak eta alkateak eskutik helduta, hezur-haragizko soka bat irudikatu zuten soka dantzaren bidez. Jarduera politikoan izaten duten korapilorik gabe, elkarrekin dantzatu eta ospatu zuten duela mila urtekoa dela Gipuzkoaren lehen erreferentzia idatzia. Izan ere, 1025. urtean agertu zen lehen aldiz Gipuzkoa hitza eskuizkribu batean, Ipuscua grafiaz idatzita, San Juan de la Peñako liburu gotiko batean. Hori dela eta, Ipuscua-tik Gipuzkoa-ra: Ipuskoa. Izanetik izena 1025-2025 izenburupean, urte osorako egitarau zabala prestatu zuten Gipuzkoako hainbat erakundek urtarrilean, «ezagutza historikoan sakontzeko» eta «komunitate balioak ezagutu eta indartzeko». Gipuzkoako 88 alkateetatik 70ek parte hartu zuten. Baita Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Xabier Ezeizabarrena Batzar Nagusietako presidenteak ere. Mendoza guztien buru zela, aginte makila eskuetan zuela dantzatu zen, eta jarraian alkateak, herrien izenen ordena alfabetikoaren arabera. 

Soka dantza ez ezik, bestelako jarduera batzuk ere antolatu ditu urte osoan Gipuzkoako Foru Aldundiak, hala nola erakusketak, hitzaldi zikloak eta jardunaldiak. Ekitza horietan, honako gai hauek eraman dituzte hizpidera: gipuzkoar komunitatearen balio bereizgarriak, lurraldeko elkartasun sistema, lehiakortasuna, eta aniztasuna oinarri hartuta landu beharreko elkarbizitza. Mendozak urte hasieran «lehen mailako efemeride historiko» gisa definitu zuen Gipuzkoa hitzak mila urte bete izana, eta adierazi «esanahi kolektibo garrantzitsua» duela. «Adierazten du garai hartan komunitatea existitzen zela, Gipuzkoa existitzen zela, eta gipuzkoarrok ere existitzen ginela. Horixe ospatu nahi dugu guk, hain justu». Ahaldun nagusiaren arabera, gipuzkoarrak orduan nolakoak ziren erakusten du efemerideak. «Historiaren joan-etorrian gipuzkoarrok gure gizarte bizitza eta bizimodua, ekonomia eta ongizatea antolatu ahal izateko eraikiz joan garen komunitate balioei erreparatzeko balio du».

2 Eneko Goiak agur

Aspaldian zen hizpide Donostiako alkate Eneko Goia agian ez zela hautagai izango hurrengo udal hauteskundeetan; eta, hain zuzen ere, alkateak urriaren 2an jakinarazi zuen «aspaldian» hartua zuela erabakia: urriaren 16an dimisioa eman zuen, Donostiako Udaleko osoko bilkuran, hiru legealditan eta hamar urtez alkate izan ondoren. Egun horretan esan zuenez, bere ustez ez dira nahastu behar pertsona eta hiria, eta «oso argi» izan du beti «zikloak hasi eta bukatu» egiten direla. 

Hala, Donostiako osoko bilkuraren gehiengo osoarekin ez, baina boto gehien bildutako zerrendaren hautagai gisa izendatu dute alkate Jon Insausti Maisterrena (Donostia, 1989), eta, horrenbestez, Eneko Goiak utzitako kargua hartu zuen urriaren 16an. Izendapenaren ondoren, Goiak berak eman zion aginte makila, eta Insaustik orduan esan zituen lehen hitzak alkate gisa. «Donostiak donostiarrentzat» izan behar duela ziurtatu zuen birritan, eta PSErekin batera duen koalizio gobernuaren lehentasunak finkatu: «Etxebizitza, segurtasuna, lana eta eguneroko bizitza», ordena horretan zerrendatuta.

Horrenbestez, diktaduraren osteko Donostiako zazpigarren alkate bihurtu da aurten Insausti, agintaldia martxan izanda hautatutako lehenengoa. Izan ere, Goiak hasi zuen egungo agintaldia, PSEren aldeko botorik gabe, gobernu akordioa ondoren egin baitzuten. Aurtengoan bai, EAJren hautagaiak sozialisten babesa jaso du. Horiek horrela, beste ziklo bat abiatu da Donostiako Udalean, eta ziklo horren amaiera 2027ko udal hauteskundeak izango dira. Alkate berriak bi urte izango ditu bere soslaia indartzeko, eta gainerako udal taldeek horri begira egin beharko dute lan.

3 Sukalde bat itsasoari begira

Urriaren 20an inauguratu zuten GOE Gastronomy Open Ecosystem —BCC Basque Culinary Centerren proiektu berria hartuko duen eraikina—, Donostiako Gros auzoan. Hainbat erakundetako ordezkariak izan ziren, bai eta Bjarke Ingles ere, eraikina diseinatu zuen arkitekto daniarra. Inaugurazio hartan, Jose Mari Aizega BCCko zuzendariak esplikatu zien GOE ikerketarako eta berrikuntzarako zentro bat dela. «Aurrerapauso bat eman behar genuela iruditu zaigu. Zer den GOE? Etorkizun goxo bat gastronomiatik, osasungarria eta jasangarria». Eraikita dago dagoeneko, eta lau gune nagusi ditu: prestakuntza, ikerketa, enpresentzako laguntza eta herritarrek parte hartzeko guneak. Imanol Pradales lehendakariak sartzera animatzeko gonbita egin zien herritarrei inaugurazioan: «Sar zaitezte, eta dastatu ezazue. Uxatuko zaizkizue zalantzak».

Izan ere, bada zalantza egiten duenik; inaugurazioaren egun eta ordu berean, Gros auzoko Nafarroa hiribidea hartu baitzuten Donostiako 23 gizarte taldek eta auzo elkartek —LAB, Steilas, IU-PC, Ahal Dugu, SOS Manteo, Manteo Bizirik elkartea, Kaleratzeak Stop, Satorralaia, BizilagunEkin, Donostia Palestina, Eguzki talde ekologista, Ekologistak Martxan, Haritzalde...—. «Ondare publikoaren espoliazioa» salatu zuten, eta adierazi auzo horretan gelditzen zen «eremu berde handi bakarra galdu» dela eraikin berria egiteko lanen ondorioz. «Ozen adierazi nahi dugu operazio urbanistiko horrek ekarri duen espoliazioa eta Donostian sustatzen ari den hiri eredua errefusatzen dugula». Basque Culinary Centerren egoitza berriaren kostua «150 milioi euro ingurukoa» izan dela ere salatu zuten egun horretan protesta egin zutenek, «24 milioi euroko finantzaketa publikoa tartean». Gainera, BCCk «Israelgo hainbat enpresarekin milioika euroren harreman zitala» duela ere salatu zuten. 

4 Garaikurrak kulturan

Aitor Arregi eta Jose Mari Goenaga zinemagileek Maspalomas filma aurkeztu zuten irailean, Donostiako Zinemaldiko Sail Ofizialean, Urrezko Maskorra lortzeko lehian. Kursaalean bildu zen jendetza hunkitzea lortu zuen filmak. 

Vicente (Jose Ramon Soroiz) da filmeko protagonista, Maspalomasen, Kanaria uharteetan gustuko bizimodua daraman 76 urteko gizonezko homosexuala. Plazera eta gozamena dira haren nahi nagusiak, baina buruko isuri bat izango du, eta horrek Donostiara eramango du bueltan. Han zahar etxe batera joango da bizitzera, eta bere burua ezkutatu beharko du. Hortaz, armairuan sartuko da berriro. Aktore gipuzkoar ugarik parte hartu dute filmean, hala nola Soroizek, Kandido Urangak, Nagore Aranburuk, Kepa Errastik, Miren Gaztañagak, Itziar Aizpuruk eta Sara Cozarrek. Soroizek jaso zuen aktore nagusi onenaren Zilarrezko Maskorra.

Donostiako Zinemaldiaren Urrezko Maskorra, berriz, Alauda Ruiz de Azua zuzendari bilbotarraren Los domingos filmak irabazi zuen, baita Euskal Zinemaren Irizar Saria ere. Klausurako moja bilakatu nahi duen 17 urteko neska bat da protagonista, eta asmo horrek familia bati nola eragiten dion kontatzen da lanean. Blanca Soroak jokatu du gaztearen rola filmean, eta Patricia Lopez Arnaizek, Nagore Aranburuk eta Miguel Garcesek ere parte hartu dute aktore taldean. Ruiz de Azua esker oneko agertu zen Zinemaldiaren azken egunean, garaikurra esku artean zuela, «filma bertan estreinatzeko itxaroteagatik eta inoiz jasotako harrerarik politena» egiteagatik. Filmaren aurkezpenean azaldu zuen bere helburua izan zela pertsonaia guztiak eta haien ikuspuntuak ulertzen saiatzea, eta ideia horretan egin zuen azpimarra saria jasotzerakoan ere. «Zinema maite dut beti erakusten didalako beste leku batzuetatik begiratzen».

4 Gipuzkoarren podiuma

Sara Alonso donostiarrak irabazi zuen 24. Zegama-Aizkorri mendi maratoia, maiatzaren 25ean. 04:27:25eko denboran osatu zuen lasterketa. Judith Wyder suitzarra izan zen bigarren emakumea; Alonsoren markatik bi minutu eta 22 segundora iritsi zen (04:29:47). Malen Osa oñatiarrak egin zuen hirugarren; Alonsorengandik 3 minutu eta 53 segundora helmugaratu zen (04:31:18).

Alonsok ametsetako debuta izan zuen 2022an, hirugarren egin baitzuen duela hiru urteko hartan, baina azken bi urteak garratzak izan ditu, batez ere iazkoa, probaren bezperan pneumonia baten ondorioz ospitaleratu egin behar izan baitzuten. Aurten, arantza atera nahirik, hasieratik bukaerara lasterketaren buruan egin du maratoi osoa. «Irabazteko asmoz atera naiz. Buruan nuen eta sinesten nuen. Egia da lider izatea estresagarria dela, etengabe pentsatzen duzu: ‘etorriko dira, etorriko dira’…», esan zion orduan BERRIAri. «Asfaltora iritsi arte ez dut sinistu. Eta han ikusi dudanean inor ez zetorrela, orduan bai, jakin dut txapela nirea zela. Ilusiorik handiena pizten didan lasterketa da Zegama-Aizkorri. Denboraldia gero gain behera badoa, beti esan dezaket Zegama-Aizkorri irabazi dudala, eta hori jada aski da».

Osak bigarren aldia zuen Zegama-Aizkorrin, eta bigarren aldiz igo zen podiumera, iaz bigarren egin baitzuen estreinaldian. Osak atzetik aurrerako lasterketa egin du aurten, iaz bezala. Aurtengoan, ordea, min handiari egin behar izan zion aurre, batez ere jaitsieretan izandako karranpen ondorioz: «Amesgaiztoa izan da. Hasieran oso ondo aritu naiz, 9. kilometrora arte. Jendearekin asko disfrutatzen ari nintzen. Baina lehen jaitsiera motzean, karranpak izan ditut, eta bi minutuz gelditu behar izan dut», zioen lasterketa amaitutakoan. «Kanpoan ikusten nuen nire burua. Autoa hartu eta alde egiteko gogoa nuen. Zorionez, baikor izaten saiatu naiz eta buelta ematen. Aratz igotzean indartsu sentitu naiz. Baina jaitsiera bakoitzean, normalean alde egiten dudanetan, gaur atzean gelditzen nintzen. Sufritzen ari nintzen. Ez nekien helmugara iritsiko ote nintzen. Gorputza prest neukan baina karranpek asko eragin didate. Sufritzen jakin dut, oso harro nago, eta merezi izan du. Ametsa da podiumean egotea, eta uste dut iazko bigarren postuari baino balio handiagoa ematen diodala aurtengoari».

Gainera, biek parte hartu zuten Golden Trail World Series (GTWS) zirkuituan, urriaren 11n, Trentinon (Italia). Traileko topaketarik entzutetsuena da lasterketa hori; bigarren izan zen Alonso —, eta Osa, berriz, laugarren. Iaz hirugarren izan zen Osa GTWS zirkuituan eta Alonso bosgarren, eta aurten ere bost aurrenekoen artean sailkatu dira biak.

Dokumentuaren akzioak