Dokumentuaren akzioak
EEBBetako Upeletan erronka hiru saio arrakastatsurekin hasi da
Azken emanaldia otsailaren 24an eskainiko dute, Kaliforniako Chino hirian
Jardun oparoa izan du orain arte Laxok taldeak Estatu Batuetan. Ostiralaz geroztik Upeletan erronka ikuskizunaren hiru saio eskaini ditu Kalifornian, San Frantzisko eta Bakersfield hirietan hirurak. Emanaldi guztiak hiri horietako euskal komunitatearen egoitzetan egin dituzte. Guztira, 1.500 lagun inguru izan dituzte ikusle. Esate baterako, 600 lagun baino gehiago bildu ziren San Frantziskon, NABOren bilkura nagusia baitzen. Hain zuzen ere, iparramerikako euskal etxeen elkarteak, NABOK, gonbidaturik ari dira Laxok taldeko dantzariak, bertsolariak eta trikitilariak emanaldiak eskaintzen EEBBetan.
Jon Maia dantzariak egunkariari jakitera eman dionez Kimetz Larrañaga, Iban Agote eta Oier Imaz dantzarien izenean ere ari zitzaigun, oso harrera ona egin diete euren emanaldiei ikusle estatubatuarrek: «Beti euskal dantzek harrera ona izan dute atzerrian. Estatubatuarren artean are eta gehiago izan dute; gauza indartsuak eta ikusgarriak gustatzen baitzaizkie, eta gure dantzak horrelakoak dira». Horrez gain, bertako euskaldunek euskal dantzekiko erreferentea nahiko galdua zutela esan digu Maiak, «eta pozik hartu dute horrelako dantzak ikusteko aukera izatea».
San Frantziskon euskaraz
San Frantziskon euskaldun asko topatu dituztela esan digute Upeletan erronka ikuskariko partaideek. Gauzak horrela, bertsolariek hasieran uste baino lan errazagoa izan dute azkenean. «Beldur ginen hizkuntzaren kontuagatik», esan digute Egaña eta Peñagarikano bertsolariek, «baina nahikoa ongi ulertzen zuten euskara, eta, gainera, istorioaren barruan ongi kokatzen zuten bertsoa». Uste baino hobeto ulertu direla zehaztu digute.
San Frantziskoko euskal jatorriko bizilagun gehienak lapurtarrak omen dira, «Bakersfieldekoak, berriz, nafarrak». Hala ere, ezberdintasun handia nabaritu dute belaunaldien artean: «Lehendabiziko belaunaldikoak badira euskaldunak, baina haien seme-alabak, euskal etxera joan arren eta euskaldunak sentitu arren, ez dakite euskaraz». Hori dela-eta, saioen aurkezpena egiteko aurkezle iparramerikar baten laguntza izan dute zeinak azaltzen duen saioaren nondik norakoa.
Ikusle animosoak
Euskal Herrian ez bezalako ohiturak dituzte iparramerikarrek: «Hemengo ikusleak asko erakusten du bere sentimendua. Adibidez, dantzariak edalontzi gainean jarri behar duen dantza egiterakoan, NBAko partiduaren antza hartzen du saioak. Jendea oihuka, txaloka... hasten da», adierazi digu Jon Maia dantzariak.
Datorren larunbatean, hilaren 24an, eskainiko dute azken saioa Chinon. Horren aurretik beste saiotxo bat egingo dute Bakersfielden, «baina ez dugu Upeleten erronka ikuskizuna osorik eskainiko; zati bat soilik», bukatu du Jon Maiak.
IRITZIA
Andoni Egaña, bertsolaria
Epeletan erronka
Alabak Kanariar Irletan pare bat asteko egonaldia egin zezan gonbita egin zion. Etxekoia da gizona eta ez zuen joan nahi. Bigarrenez ekin zion alabak, baina ezetz, bera ez zihoala etxetik urrutira hamabost egun pasatzera. Azkenean, ama-alaben artean konbentzitu zuten gure gizona, baina jakinaren gainean jarri zituen aldez aurretik, badaezpada: «Bale, joango naun, baina aspertzen banaiz taxia hartu eta etxera itzuliko naun». Hontza adinako begiekin gabiltza Kalifornian. Dena zaigu berri, eta esponjen modura dena zurrupatzeko prest gaude. Duela urte eta erdi upeletan erronkan hasi ginenean ez zitzaigun burutik pasa ere egiten epeletan erronkan bukatu behar genuenik. Gainerantzean, ideiak nahasten ditu hemengo ikusleen beroak. Nekatutako herrimina nabari zaie dantzariak ikusiz oihu amerikarrak egiten hasten direnean. Bertsolariok badugu aski lan. Hemen esatea ez baita nahikoa; nola esan ere asmatu egin behar da bat-batean. San Frantziskon, non iparraldetik iritsiak baitira euskaldunik gehienak, mutil zahar etorri eta donado esan behar da. Eta biharamunean Beikerfielden donado etorri eta mutil zahar esan, gehienak nafar jatorrikoak baitira.
Mintzaira dugu kezkagai bertsolariak. Hona etorritakoen bigarren eta hirugarren belaunaldietakoek euskararik gordeko duten ez dakigu. Zailtasun handiak izango dituzte eusteko. Eta galtzen badute bertsolariak alferrik ginateke. Kontuak kontu, guk oraingoz ez dugu etxerako taxia hartzeko asmorik.
Dokumentuaren akzioak