Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Edu Muruamendiaraz: "Ikuskizunaz gozatzera animatzen ditut guztiak"

Dokumentuaren akzioak

Edu Muruamendiaraz: "Ikuskizunaz gozatzera animatzen ditut guztiak"

Aukeran dantza konpainiako koreografo eta zuzendaria da Edu Muruamendiaraz bergararra; Pentekoste jaietan, konpainiaren azken lana egongo da ikusgai, frontoian. Maiatzaren 20an izango da Aukeran 20 urte emanaldia, 22:00etan. Sarrera doan da.
Egilea
Eneko Azurmendi
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Bergara
Mota
Elkarrizketa
Data
2018/05/14
Lotura
Goiena

Aukeran 20 urte izeneko ikuskizuna eskainiko duzue. Nolako emanaldia da?

1997an sortu zen Aukeran dantza konpainia, eta, 20. urteurrena ospatzeko, ikuskizun hau osatu genuen iaz, 2017an. Urte hauetan guztietan egin ditugun zenbait koreografia agertuko dira, hainbat aldaketarekin. Horiez gain, koreografia berriak ere eskaintzen ditu ikuskizunak.

Hogei urteotan egin duzuen ibilbidearen bilakaera moduko bat da?

Ez nuke esango. Azken finean, koreografia esanguratsuenak aukeratu ditugu, eta moldatu egin ditugu ikuskizun honetarako. Baina ez du hogei urteotako ibilbidea deskribatzen.

Zuzeneko musika ere badauka emanaldi berri honek, ezta?

Hala da, bai. Zuzeneko musikarekin uztartzen ditugu dantzak, eta goi mailako musikariak dira, gainera: Mixel Ducau izango da musika zuzendaria eta Xabier Solano, Xabier Zeberio eta Iñigo Egia ere izango ditugu.

Zuen emanaldietan ohikoa da zuzeneko musika?

Lehenengo urteetan, zuzeneko musikarekin hasi ginen, baina esfortzu handia dakar horrek, bai ekonomikoki, baita estruktura aldetik ere, eta grabatutako musikara pasatu ginen. Edozelan ere, urteurren hau behar bezala ospatzeko, zuzenekora itzuli gara.

Ohorea izango da halako musikariekin oholtza partekatzea.

Bai; zorte handia eduki dugu, eta, guretzat, ohore handia da maila honetako musikariekin aritu ahal izatea. Izan ere, ikuskizunaren parte garrantzitsu bat da musika.

Zenbat pertsonak osatzen dute ikuskizuna?

Dantzariak eta musikariak batuta, hogei bat kide egongo gara oholtza gainean.

Joan den azaroaren estreinatu zenuten Aukeran 20 urte, Victoria Eugenia antzokian.

Bai. Esan dizudan moduan, urteurrenaren harira sortu genuen ikuskizun hau, eta hiru aldiz eskaini dugu. Donostian estreinatu genuen eta Bilbon eta Irunen ere egon gara. Bergarakoa laugarrena izango da.

Eta ze erantzun izan duzue orain arteko emanaldietan?

Ikaragarria. Aretoak bete egin ditugu eta jendeak zoriondu egin gaitu. Ikuskizunak maila izugarria daukala esan digute behin eta berriz. Zuzeneko musikak balio erantsi bat ematen dio, eta koreografiek kutsu ezberdina dute. Nabaritzen da hogei urte daramatzagula batera. Ondo ezagutzen dugu elkar, eta ikuskizunean ondo baino hobeto islatzen da hori.

Ikus-entzunezko muntaia ere azpimarratzekoa da, ezta?

Zalantzarik gabe. Jesus Mari Lazkanok koadro bat egin zigun 20. urteurrena ospatzeko, eta koadro horretan oinarritzen da emanaldia. Leitmotiva koadro hori da, ezinbestekoa, eta horren baitan egiten den ikus-entzunezko muntaiak istorioa ehuntzen laguntzen du.

Ainhoa Aierbe da eszena zuzendaria. Zein izango da haren zeregina?

Hein batean, hark gidatzen du ikuskizuna, hark garamatza alde batera eta bestera.

Nola salduko zenuke Aukeran 20 urte?Zer nabarmenduko zenuke?

Ez da Aukeran dantza konpainiaren ohiko emanaldi bat izango. Betiko estiloa mantendu dugu, baina ikuskizun honek maila bat gehiago duela esango nuke. Orain arte, behintzat, jendeari asko gustatu zaio, eta zerbaitegatik izango da hori. Ordu eta erdi inguruko ikuskizuna da, oso dinamikoa; dena jarraian doa, etenik gabe.

Bergararrei frontoira joateko dei egiten diezu, beraz.

Noski. Seguru gustatuko zaiela, eta herritar guztiak animatzen ditut ikuskizunaz gozatzera.

Konpainiari dagokionez, zein egoeratan dago gaur egun?

Oso egoera osasuntsuan gaude. 2017koa eromena izan da. Ikuskizun asko eskaini ditugu, toki askotan egon gara, eta, hogei urteren ostean, merkatuan izen bat daukagula esango nuke.

Aurrera begira, beste proiekturik baduzue esku artean?

Orain, proiektu honekin zentratuta gaude buru-belarri eta horri eutsi nahi diogu. Baina aurrera begira badugu proiektu potolo bat, datorren urterako edo. Hala ere, oraindik ezin dugu ezer aurreratu.

 

Edu Muruamendiaraz: "Ikuskizunaz gozatzera animatzen ditut guztiak"

Edu Muruamendiaraz, Bergaran. Argazkia: Imanol Soriano.

Dokumentuaren akzioak