Dokumentuaren akzioak
Edu Muruamendiaraz: "Bizitzan behin irten daitekeen proiektua da; trenera igo eta aprobetxatzekoa da"
Zer moduzko harrera izan du Burnia ikuskizunak?
Harrera
polita izan du. Hiru egunean egon gara Bilbon eta saioko 400 lagun
pasatxo izan da. Proposamen ezberdina da eta jendeak gustura hartu du.
Arriaga moduko antzokiak errespetua emango du, ezta?
Hitz
potoloak dira! Arriagan dantza egin dugun arren, orain artean
egindakoarekin ez du zerikusirik izan. Hau beste gauza bat izan da;
produkzio aldetik izan duen kutsu profesionala igarri dugu. Presioa izan
dugu eta hortik asko ikasi dugu, errespetua ematen du. Ikuslea
exijentea da eta horrelako azpiegitura duen maila handiko
ikuskizunetara ohitua dago. Mundu profesionala zer den ikusi eta ukitu
dugu. Horrelako proiektu bat agian bizitzan behin irteten da, trenera
igo eta aprobetxatu egin behar da.
Nola espresatu duzu Bizkaiaren garapenean burdinak izan duen garrantzia?
Aukeranen
ukitua dute koreografiek, dantza tradizionaletik ateratakoak. Baina
ikuskizun honetan diziplina ezberdinetako dantzari berriek bestelako
ukitua eman diote. Garaiko koreografiak ere sartzen saiatu naiz eta
garaiko arte ikuskizuna egitea izan da nire asmoa. Esaterako,
flamenkoari keinu bat egiten diogu pasarte batean; izan ere, etorkinak
ere etorri ziren Euskal Herrira burdinagatik. Unai Elorriagaren gidoiak
asko lagundu dit koreografiak egiterakoan.
Bizitza eskaini diozu dantzari.
Nire bizitza guztia da, ez dakit zer izango nintzatekeen dantzari izango ez banintz. Ez dut beste mundurik ikusten.
Dantzaria izatearen gogorrena?
Diziplina oso
gogorra behar duzu. Ordu asko eta lan handia. Adibidez, 30 segundoko
koreografia bat egiteko orduak eman behar dituzu, dedikazio handikoa da,
baina merezi du. Ni profesionala naiz, baina nire dantzariak ez, eta
hori oso gogorra da. Baina poztekoa da, hemengo jendearen aldeko apustua
egin behar da-eta.
Eta onena?
Emaitza eta errekonozimendua.
Arriagan oharkabean ez garela pasatu ikusteak sekulako satisfakzioa
ematen dizu. Dantza tradizionalaren mundua hor dagoela erakustea
ikaragarria da. Dauden dantzari bikainak egonda, zu aukeratu zaituzte,
eta hori pozgarria da. Hemengo dantzariak errekonozitu egiten dira.
97an, zaletasuna ogibide egin zenuen Aukeran konpainiarekin.
14
urte daramagu eta bost ikuskizun luze egin ditugu. Ibilbidea badago eta
jendeari ez zaio oharkabean pasatu. Gero eta jende gehiago joaten da
ikuskizuna ikustera eta badauka bere publikoa. Zirkuitu batean gaude eta
izen bat dauka Aukeranek. Mundu honetan 14 urte irautea zaila da.
Aurrera egiteko motibazioa da. Publikoaren erantzuna behar duzu eta
hortik bizi zara; erantzuna ona bada, aurrera egin behar da.
Euskaldunok badaukagu ohiturarik horrelako dantzak ulertzeko?
Oraindik
asko kostatzen zaigu, baina pixkanaka badoa aurrera. Azken urteotan
ohartu naiz jendeak gauza desberdinak ikustea onartu duela; aldaketa
beharrezkoa zela onartu du jendeak.
Badago aukerarik Euskal Herrian dantzatik bizi izateko?
Ni
ez naiz kexu, pribilegiatua naiz, baina oso zaila da. Dantzari moduan
bizi denik ez dago Euskal Herrian; nik eskolak ematen ditudalako,
bestela ia ezinezkoa da une honetan.
Euskal Herrian dantzak aurrera egin badu ere, oraindik bide luzea egiteko dagoela uste duzu?
Asko
dago egiteko oraindik. Azpiegitura gehiago behar ditugu, laguntza behar
da eta dantzaren aldeko apustua egin behar dute eta bultzatu egin behar
dute.
Burnia ikuskizuna Debagoienean ikusteko aukerarik izango da?
Nire
asmoa da ikuskizuna formatu txikiagoan Euskal Herriko herri
ezberdinetara eramatea. Irailetik aurrera hasi nahiko nuke. Eta, zelan
ez, Debagoienera ere joango gara!
Dokumentuaren akzioak