Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Edonork egin dezake dantza, denei irekia da»

Dokumentuaren akzioak

«Edonork egin dezake dantza, denei irekia da»

Joana Olasagasti dantzariak eta Kanaldude telebistak etxean dantza egiteko bideo laburrak eskaintzen dituzte itxialdirako
Egilea
Jakes Goikoetxea
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2020/04/17
Lotura
Berria

Joana Olasagasti, Kanaldudeko <em>Haurrekin dantzan etxean</em> saioaren aurkezlea.

Dantza lurrean. Dantza makurtuta. Dantza zutik. Dantza horma bati helduta. Dantza aulki baten gainean. Dantza puxika batzuekin. Dantza jolasean. Dantza bakarrik. Dantza elkarrekin. Dantza haurrekin. Dantza mota ezberdinak, baina guztiak dantza.

Proposamen hori eskaintzen ari dira Joana Olasagasti dantzari eta koreografoa eta Kanaldude telebista (kanaldude.eus) itxialdian: Haurrekin dantzan etxean.

Eskarmentu handiko dantzaria da Olasagasti (Baiona, 1990). Bartzelonan ikasi zuen dantza, eta Europako hainbat lekutan dantza egin ondoren Euskal Herrira itzuli zen 2016an. Dantzari lotutako hainbat proiektutan parte hartzen du gaur egun: kabareta, zirku berria, haurrentzako emanaldiak, dantza eskolak, dantza proiektu pertsonalak...

Parte hartzen zuen, zuzenago esateko. Kultur jardueretan lan egiten duten gainerako sortzaileen moduan, lanik gabe baitago. Uda bitarteko emanaldi guztiak bertan behera geratu dira, eta udan, auskalo. Intermitentea da, badaki Frantziako Gobernuak neurriak hartu dituela haientzat, baina Olasagasti oraindik ez da hasi arauak, baldintzak eta paperak begiratzen. «Paperetan sudurra sartu beharko dut; bestela, gainditua izanen naiz».

Telebista ezagutzen du. Kanalduden kolaboratzen du, bai Harri Salda magazinean —kulturari buruzko kronikak egiten—, bai jaialdiren bat aurkezten. Orain, dantza eta telebista uztartu ditu. Kanalduden itxialdirako proposamen berriak pentsatu zituzten, eta dantza bideoak egitea eskaini zioten Olasagastiri.

Bideo laburrak

Orain artean hiru bideo egin ditu astean, hamaika daude jada Kanalduderen webgunean ikusgai, eta azkeneko biak grabatzekoa zen atzo. Olasagastik berak grabatu ditu etxean, eta Kanaldude arduratu da edizioaz. Bideo xumeak eta naturalak dira, bost eta hamar minutu artekoak. Batzuetan Olasagastik bakarrik egiten du dantza; beste batzuetan haur batzuk ditu laguntzaile.

Berez, izenez, haurrentzako programa da, baina izaeraz guztientzako dantza aukerak eskaintzen ditu Olasagastik: «Hasieran haurrentzat zen, haurrak motibatzeko eta okupatuak izateko; baina, azkenean, haurrak gai badira egiteko, edonor da gai egiteko». Dantza ikastaroetan egiten dituen ariketetatik abiatuta, etxeko zatiak, elementuak eta jolasak ere (dadoak, kartak) baliatu ditu dantza eginarazteko, «dantza eguneroko bizitzan sartzen saiatzeko».

Olasagastik ez dio mugarik ikusten dantzatzeari. «Izan ere, edonork egin dezake dantza, denei irekia da», nabarmendu du. «Dantza egin dezakezu zure izaeraren arabera, zure morfologiaren arabera, elbarrituek ere egiten dute dantza». Hori izan du helburuetako bat bideoak egiteko orduan, «dantza eta artea ahalik eta jende gehienari irekitzea, eta ahalik eta jende gehiena erakartzea».

Horretarako, barne eta kanpo lotsak uxatu behar dira, eta, kasu askotan, urteetan zurrundutako eta antzututako gorputz adierazpena askatu. Bakarrik edo etxeko gainerakoekin etxeko lurrean zehar aurrera eta atzera ibiltzeko, esaterako.

«Horrelakoak dira dantza garaikidean ikasi ditudanak eta maite ditudanak, eta, beraz», jarraitu du Olasagastik, «horiek partekatu nahi ditut publikoarekin». Etxean eta etxekoekin egotea, intimitatean, lagungarria izan daiteke.

Konplexurik gabe. «Dena ongi da, ez dugu formarik edo gauza ederrik erreproduzitu behar», uste du Olasagastik. «Aska gaitezen. Dena egokia da, dena ona da. Gertatzen den gauza bakoitzari baietz esan behar zaio, geure burua epaitu gabe. Haurrek naturalki egiten dute».

Kanalduderena ez da itxialdian dantza egiteko proposamen bakarra. Dantzan.eus webguneak zenbait dantza ikasteko bideoak jarri ditu webgunean, Dantzaguneak dantza gela birtuala sortu du eta Euskal Herriko hainbat dantza taldek ere bideoak sortu dituzte.

Dokumentuaren akzioak