Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Edertasun handia

Dokumentuaren akzioak

Edertasun handia

Egilea
Edu Apodaka
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2019/11/28
Lotura
Berria

Paolo Sorrentinoren La Grande Bellezza filmaren une batean Jep Gambardella protagonistak lagun bati diotso «ederrak dira gure jaietan egiten ditugun trenini-ak, ederrak dira ez doazelako inora». Trenini, horrela deitzen omen diete Italian jira-biraka, itzulika, katean loturik egindako talde dantzei. Metafora bat da, noski, haren eta bere lagun aberatsen bizitzari buruzko metafora bat. Ez doa inora, iradokitzen du, ez du zentzu handirik, baina zein ondo, zein poz-algara handia gurea bizi-dantzan mugitzen garen artean.

Halakoa da neoliberalismo garailearen politika eta bizitza. Halakoa dirudi maiz Euskal Herriko politikak. Inora ez doan dantza zirkularra. Dantza alegeran mugitzen dira gaur adituak, atzo ekintzaileak, bihar kontsumitzaileak edo turistak, batek daki zein. Itzulika, inguruka, jira-biraka: geundenera geunden baino nekatuago itzultzeko, nekatuago baina ondo entretenituak. Inpresio ezkorregia? Aldaketak izan badira, diost nire baitako soziologo zuhurrak, ezarian, poliki-poliki etorri behar dute ondo finkatu eta luzaro iraungo duten aldaketek. Jarrai dezagun biribilketan larritu gabe, alai edo soraio baina gelditu barik. Ez naiz guztiz fidatzen. Errazegi nahastu ahal dira inora ez doazen biribilketa histrionikoak eta ibilera zuhur eta irmoa, areago, biak nahastea estrategia ezin hobea da bertan goxo nahi duenarentzat. Erreakzionarioen lelo hura ere ondo ezaguna da: dena aldatu behar da, dena bere horretan gera dadin. Hortaz, itzulikako dantza politika eraldatzailearentzat nahasmendua, gabezia eta porrota da, botereak jarri dion tranpa.

Ezker abertzaleari begiratu nahi diot, bere luze-zabalean, bere nahi eta ezinetan, 78ko erregimena serio aldatu nahi duten indarrak, gutxi asko, hor batzen direlakoan. Nire ustez, ezker abertzalea borroka eta lan tradizio bat da, zenbait erakunde, elkarte eta talde antolatuk eroan duten tradizio bat. Tradizio hartan estatuarekiko eta estatu erakundeekiko mesfidantza, etsaigoa, handia izan da oso. Erabatekoa esango nuen, udaletxeetan eta estatu erdigunearen eragin zuzena lausotu eta ahuldu egiten den erakundeetan izan dituen konfiantza eta parte hartzea izan ez balira. Tradizioak asmatu behar dira, ezker abertzalearena ere bai. Zein izan da tradizio horren hari ezkutua, erdigune sinboliko eta materiala? Nire gustuko erantzuna emango dizuet: estatuaren aurkako herri mobilizazio haustaile eta destituitzaileak, mugimendu haietan sortu diren hamaika herri ekimen eta erakunde, jende xume askoren eta askotarikoaren artikulazioak. Hori dena atzera begira, baina tradizioak asmatu, aurrera begira ere asmatu behar dira. Metafora eta galdera berriak behar ditugula irakurri dut. Estrategia irudi batzuen magiaz ardazkatzeko edo praxia nora fokatu behar dugun zehazteko: metaforak eta galderak.

Zoritxarrez, jira-bira nerbioso horren antzera, metafora hegemonikoak oso materialak izan ohi dira, hau da, diren eta ez diren gauzetan gauzaturik, erreal askoak dira inora ez doazen dantzen itzuli-mitzuliak. Bertatik bertara ditugu aditu ezin adituagoak abiapuntura helmugaratzen; hortxe ere, geldizaleak EAEko Estatutu osaezin bezain eternala edota La Constitución delakoa edozein politikaren abiapuntu eta helmuga sakratu bihurtzeko prest. Baina beste puntakoak omen direnak ere atzera begira, osteraka, langile klase batua sortu nahian. Eta zer esan, ezker abertzalearen patuaz? Ez ote da patu hori Bietan jarrai lelo zaharrean laburtzen: bi horiek herrigintza eta estatu-erakundeetako lana izan daitezen asmatzeko lan gaitzean?

Mundu zabalean jira-birak handiagoak, ez oso desberdinak ordea. Mende erdiko biribilketa batek ekarri gaitu geunden honaxe bertara. Kapitalismoa, patriarkatua, industria-kontsumo masiboa, oligarkien nazio-estatuak, neokolonialismoa: haiek astindutako treninoan aritu eta dantzatu edo, okerrago, festatik kanpo hala moduz iraun. Ilusio apurrak biltzen dituztenak orotako krisi baten etorreraz mintzo dira. Haustura gertatzear dago, kolpe bat baino ez omen da behar. Ai baletor badioutarren jazoera, edo zizekiarren klase-ez-klase iraultzailea, edo marxista dotrinadunen langileria antolatu eta kontziente hura, ai baletoz denak, orduan sistemaren biribilketa tranpati hartatik askatu eta norako argian ekingo genioke emantzipazio unibertsalari (ez datoz ordea; emantzipazioak, unibertsala barik, anitz emantzipazio partikular izan behar duen seinale?).

Euskal dantza partikularrean, berriz, irtenbide bat badugu, ez da erreza eta ez da behin betikoa, ezinbestekoa da: nire irudimeneko tradizioari jarraikiz herri erakundeak eta ekimenak sortzea. Fronte guztietan aritu beharra dago, bai, nik hartan inolako dudarik ez: ekin lan instituzional deritzon horri, boterearen zelaian sutsu jokatu, lotsa barik, baina ez ahaztu herri politikaren eginkizuna herri erakundeetan dagoela, haientzat egin behar du lan, haiek egin behar ditu posible. Ez dakit arian-arian, euren dantzaz, estatu eta kapitala eraitsi eta ezabatuko dituzten, ez dakit indar destituitzaile nahikoa duten, ez dakit independentzia, bai estatutik, bai kapitalismotik, lortuko duten; baina gutxienez, bizi gune eta une pozgarriak, libreagoak, eman ahal dizkigute, herri soinuz dantzan bizitza sortzen delarik. Hura bai edertasun handia.

Dokumentuaren akzioak