Dokumentuaren akzioak
Ederraz mozorroturiko piztiak
Damian Muñozek eta Virginia Garciak bihar estreinatuko dute giza kondizioari buruzko 'Pobres bestias' obra
Muñozek eta Garciak osatzen duten La Intrusa konpainiak ekoitzi du Pobres bestias
obra, Arriaga antzokiarekin batera. Hala, Bilboko teatroan estreinatuko
dute bihar. Horretaz gain, beste bi emanaldi egingo dituzte etzi eta
etzidamu (20:00). Arriaga antzokiak historian lehenengoz ekoizten duen
dantza obra da Pobres bestias.
Jorge Fuentes aktorearekin batera ariko dira oholtzan Muñoz eta
Garcia. Azaldu dutenez, hasieran ez zuten asmorik aktorearen lana
dantzarien mugimenduetan barruratzeko. Aparte ematea pentsatua zuten,
«dantza eta antzerkia bereizita». Obra sortzeko prozesuan aurrera egin
ahala erabaki zuten aktoreak ere dantzan egitea. «Fresko zetorren,
kutsatu barik, eta gehienetan mugimendu eta bizio jakin batzuk izaten
ditugu», adierazi du Garciak. Jorge Fuentesen lanak, horrenbestez,
«sinesgarritasuna» ematen dio obrari, Muñozen arabera. «Oso egiazkoa
da».
Orobat, Enric Montefusco musikariarekin partekatuko dute
agertokia. Zuzenean ariko da Montefusco, eta obrarako espresuki
sorturiko piezak jarriko ditu unean-unean. «Harizko tresnen edertasuna
jasotzen duten erritmoak, rocka eta musika elektronikoa. Estilo
horietako doinuak izango dira, eta eszenaren giroaren eta animoaren
arabera joango dira elkarrekin lotuz», azaldu du musikariak.
Dantzariek eta musikariak elkarrekin egin dute bidea. Batera
diseinatu dituzte mugimenduak, pausoak, keinuak, bibrazioak, energiak
eta notak. Muñozen eta Garciaren imaginarioa, hortaz, musika bihurtu du
Montefuscok. Eta Montefuscoren doinuak, berriz, beren pentsabidearen
parte bihurtu dituzte Muñozek eta Garciak.
Bideoa ere baliatuko dute gizakiaren nortasunaren inguruan
garaturiko pentsamoldea azaltzeko. Sei pieza labur proiektatuko dituzte
agertokiaren atzealdean paraturiko pantailan.
Giza kondizioari buruzko gogoeta plazaratuko dute, hots,
gizarteari, gizakiari eta gizakien arteko harremanei buruzkoa.
Iluntasunetik argira bidaiatuko dute, «ezkortasunetik itxaropenera».
Garciak azaldu duenez, «kontzientzia hartzeko bidea da obra.
Gogorra da ibilbidea, gogorra izan da, halaber, obra prestatzea,
hausnartzea, idaztea...». «Hasierako testuak guztiz ezkorrak ziren,
erabat ilunak, baina emeki-emeki bestelako ikuspegia hartu dugu,
baikorragoa», erantsi du Muñozek. Umorea eta ironiaren bidez eman diote
buelta egoerari. «Hor dago koska, egoera iraultzea da gakoa ». Pobres bestias, funtsean,
zintzotasun ariketa dela diote koreografoek, «nork bere buruarekin egin
beharrekoa». Pertsonek gaiztakeria berezkoa dutela susmoa hartzen
hasiak baitira. «Ez al da egia burutapen txar gehiago izaten ditugula
onak baino? ».
Bizitzak teatrotik ere baduela uste dute. Telebista platoa
irudikatuko dute, hortaz, oholtzan. Eszenarik eszena maskara kenduko
diote ederraz mozorroturiko piztiari, eta saiatuko dira erakusten
piztia begiekin ikusita baino ederragoa dela mundua pertsonen
ikuspegiarekin begiratuta.
Dokumentuaren akzioak