Dokumentuaren akzioak
Edanak ez du dena kalte
'Txootx!' ikuskizuna eskainiko dute datorren igandean, Astigarragan, Euzkitze eta Peñagarikano bertsolariek, Ereintza abesbatzak eta Aiztondo abesbatzak, Sagarrondotik jaialdiaren barruan
Guztira, 50 edo 60 lagun inguruk hartuko dute parte emanaldian, eta 400 bat ikusle biltzea espero dute. Ondoren, 120 lagun inguru geratuko dira bertan bazkaltzen.
«Txootx! ez da ikuskizun berritzailea», adierazi du Jon Maia Ereintza taldeko dantzariak. «Ez dugu ezer berririk asmatu. Jende guztiarentzat oso ezagunak diren dantzak, kantuak eta elementuak batzen ditu ikuskizunak». Baina «inongo konplexurik gabe» eskainiko dituzte horiek, «gure kulturan dauzkagun elementuak erakusteko modukoak eta ikuskizun polita osatzeko egokiak baitira».Iazko udan, Donostiako Musika Hamabostaldiaren barruan, Getariako Ameztoi txakolindegian egin zuten emanaldian du jatorria Txootx!-ek. Orduan Landarbaso abesbatzak egin zuen lana Aiztondok egingo du igandean, Igor Arroio zuzendari duela.«Jose Inazio Ansorenari bururatu zitzaion mahaiaren inguruko giroak gure kulturari zer eman dion erakutsiko zuen ikuskizuna osatzeko ideia. Askotan aipatzen dira edariaren ondorio kaltegarriak, baina ez da ahaztu behar edariaren inguruko giroan zenbat kantu eta dantza sortu den». Elementuak ezagunak izateak jendearen parte hartzea bultzatuko duela eta «oso giro alaia» sortzen lagunduko duela uste du Maiak. «Naturaltasuna» da ezaugarrietako bat. «Une oro gaude guztiok jendearen bistan, eta ez dago argi efekturik».Kanpoaldean hasiko da ikuskizuna, nesken soka dantzarekin eta sagardo dastatzearekin. Barruko saioak edanarekin eta afalosteko dema giroarekin zerikusia duten kantuak, bertsoak eta dantzak uztartuko ditu.Getariako esperientziaren emaitzak igandeko saioaren aurrean lasai sentitzeko bidea ematen dio Euzkitzeri. «Uste dut Getariko saioan lortu genuela jendearengana iristea eta gauza atsegina, bizia eta gustagarria egitea. Inprobisaziorako eta ezustekoren bat emateko parada izan genuen, eta horretarako oinarri ona dugu oraingoan ere».
Euzkitze, bertsotarako animatuta
«Geldi egonean ardoa ontzen da, baina bertsolaria nekez», Euzkitzeren ustez. Azken sei urteetan bertso saio bakan batzuetan baino ez aritu arren, bertsolari izaten jarraitzen duela dio, eta bertsolariek egiten dituzten lanik gehienetarako «lehengo maila bertsuan» ikusten duela bere burua, nahiz eta badakien puntu askoko bertsoetan edo bestelako ariketa zailetan hasiz gero errima almazena urritua izatearen ondorioak pairatuko lituzkeela.
Sortzen dioten irrikaren arabera erabakitzen du Euzkitzek, gaur egun, eskaintzen dizkioten bertso lanei zer erantzun eman. Alboka taldeko kideekin batera, uztailean AEBetara joango da, Rockspringsen egingo den AEBetako euskaldunen festa nagusian bertsotan aritzera.
Dokumentuaren akzioak