Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna 43 urteren ostean bueltatuko da Mallabira

Dokumentuaren akzioak

Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna 43 urteren ostean bueltatuko da Mallabira

Komunikabidea
Drogeten Itturri
Tokia
Mallabia
Mota
Albistea
Data
2025/05/27
Lotura
Drogeten Itturri

Behin bakarrik ospatu da Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna Mallabian, 1982. urtean, eta zapatu honetan bueltatuko da herrira. Sei herritako zortzi dantza talde elkartuko dira eta Jaizaleko txistulariek lagunduko dituzte doinuz.

2023an, urte batzuetako etenaldiaren ostean, Abadiñon hasi zuten bide berria Durangaldeko ezpatadantzariek. Iaz, ospakizuna Zaldibarren izan zen eta aurten Mallabian egingo dute, maiatzaren 31n. Durangaldeko sei herritako zortzi talde egongo dira: Iremiñe eta San Lorentzo (Berriz), Kriskitin eta Txoritxu Alai (Durango), Iurretako dantzariak (Iurreta), Urduri (Otxandio), Udabarri (Zornotza) eta Mallabiko Gazte Alai taldea, noski. Durangaldeko Jaizale txistularien taldeak jotako doinuak jarraituta dantzatuko dute.

Zapatu arratsaldeko programazioa

17:30ean, kalejratxoa egingo dute herrigunean, Mallabiko pilotaleku paretik hasita. Parkean bukatuko dute eta bertan izango da dantza erakustaldi nagusia, 18:00etan. Dantzari-dantzako 9 piezak dantzatuko dituzte: Agintariena, Zortzinangoa, Ezpata joko txikia, Banangoa, Binangoa, Ezpata joko nagusia, Launangoa, Makil-dantza eta Txotxongiloa; eta bukaeran soka-dantza edo erregelak egingo dira. Saioa amaitzean, 20:00ak aldera, triki-poteoari ekingo diote.

Mallabiko dantza taldea

Mallabiko ezpatadantzari taldea agertzen den lehenengo argazkia 1934koa da. Gerora, 1969. urtean Justo Azagirre buru zela, kultur mugimendu indartsua jaio zen Mallabian: Santa Agenda bezperan eskean ateratzeko ohiturari ekin zioten, herriko ermitetan jaiak berreskuratu ziren eta dantza taldea berpiztu zen, besteak beste. Ermuko Joseba Idigoras ibili zen dantza-maisu eta Emilio Txurruka zein Eloi Zelaieta txistulari. 1995. urtera arte martxan izan zen taldea. Baina etenaldia etorri zen gero. 

Gazte Alai
Mallabiko Gazte Alai dantza taldea, 1970eko hamarkada hasiera. Iturria: Drogeten Itturri

Gazte Alai
Mallabiko Gazte Alai dantza taldea. Iturria: Drogeten Itturri

2011. urtean, berriz, bandera zaharra galdu eta erreplika bat egiteko aitzakiaren haritik Gazte Alai taldea berriro martxan ipini zen. 50 ume ingururekin dantza eskola ere sortu zuten. Ume eta gaztetxo horiek, auzoetako jaietan parte hartzen zuten. Nagusien dantza talde batek, gainera, Dantzari-Dantza Andra Mari egunean plazan dantzatzeko ohitura hartu zuten. Tartean, Jesus Mari Uribelarreak erakutsitako erregelak ere egiten zituzten.

Gaur egun, gazte-nagusien taldean 10 neska-mutilek osatzen dute Mallabiko Gazte Alai dantza taldea. Eta umeen taldea ere badago, 30-40 umerekin. 

Dokumentuaren akzioak