Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Drag eszena berria garatzen ari da Ipar Euskal Herrian

Dokumentuaren akzioak

Drag eszena berria garatzen ari da Ipar Euskal Herrian

Azken urteetan, geroz eta ekimen gehiago ausartzen dira genero-rol eta kodeekin jolastera, bai kostaldean bai eta barnekaldean ere. Eszena artistiko eta politiko horrek bere ikuslego fidela du jadanik
Egilea
Flora Etienne*
Komunikabidea
Kazeta
Mota
Albistea
Data
2025/06/13
Lotura
Kazeta
Maiatza bukaeran, Altxalili kolektiboak ikusgarri bat eskaini zuen L'Atalante zineman, Baionan, Focales festibala kari. (Artxiboko irudia)
Maiatza bukaeran, Altxalili kolektiboak ikusgarri bat eskaini zuen L'Atalante zineman, Baionan, Focales festibala kari. (Artxiboko irudia) (Patxi BELTZAIZ)

Ipar Euskal Herrian, LGTBQIA+ eszena berri baten sorrera senti daiteke. Queer gaualdi arrakastatsuak, kolektibo berriak eta nortasunaren ikusgarritasuna aldarrikatzen duten ekintzak ugaritu dira. Drag izeneko arte forma horretan, artistek gizarteak ezarritako femeninotasunaren eta maskulinotasunaren kodeak apurtzen dituzte. Paisaia sozialaren aldaketa beharrezkotzat dute, belaunaldi zahar zein berriek genero-identitateen eta sexualitateen aniztasun osoa normaltzat hartzeko aukera izan dezaten.

Duela guti arte, gizarteak ezarritako maskulinitate eta feminitate kodeekin jolasten duten drag artistek ematen zituzten ikuskizunak ez ziren ohikoak. Barnealdean zein kostaldean, zis-hetero eredutik kanpo ziren ainitzek sentitzen zuten errepresentazio eza. «Nire inguruan ez zen LGBT+ pertsonarik, edo ezkutuan bizi ziren edo hiritik joan ziren, Parisera, Bordelera edo kostaldera», azaldu dio Mediabask hedabideari Kaiet Lapeyradek, 35 urteko baxe nafartarrak. «Erreferentziarik gabe hazi ginen, munduan bakarrik ginela pentsatuz. Nolabait, irainaren bidez ikasi genuen zer ginen: des pédés».

Urtebetez, Kaiet, arraosatarra eta maiasturua, Kanadara joan zen, Montrealera, Xavier Dolan-en filmetan ikusiak zituen paisaiak ezagutzeko gogoarekin. Bidaia horretan kultura oso bat deskubritu zuen, ezezaguna zitzaiona, eta aldi berean, Quebeceko euskaldunen elkartearekin harremanak izan zituen. Lehen aldiz drag egiten saiatu zen, bere garaiko bikotekidearen urtebetetzean, Mado kabaretean. Esperientzia hura berriz bizi zuen gero Xiberora itzultzean.

 

Prefosta elkartearen eta Altxalili kolektiboaren gidaritzapean, Ipar Euskal Herriko barnealdean aniztasun sexuala ospatzen du Bekat'uresek. (Artxiboko irudia) (Patxi BELTZAIZ)

 

2022an, Prefosta elkarteak Bekat’Uros izeneko LGBTQIA+ jardunaldia martxan ezarri zuen Atharratzen. Ekitaldiaren kari, Euskal Herritik joandako hamar bat xiberotar elkartu ziren, batzuk urte luzez kanpoan bizi izandakoak, «nolabaiteko erbestea», beren homosexualitatea askatasunez bizitzeko. Baina jaioterriko kultura faltak berriz ere Euskal Herrira ekarri zituen. Artzain, aktore, ilustratzaile edo dantzari diren 20 eta 32 urte arteko gazte horiek denek ez zuten bortxaz elkar ezagutzen, baina isolamendu sentimendu bera zuten. Hala sortu zen egun horretan kabaret bat osatzeko ideia, kultura euskalduna eta queer kultura uztartuko zituena. Horrela sortu zen Altxalili kolektiboa. Bertan, drag queen, drag king eta izaki artistikoak beren herrietako bizitzaz mintzo dira. Mutxikoak, trikia, panderoa, kantua eta antzerkia erabiliz, euren identitatea eta kultura uztartzen dituzte.

«Guretzat iraultza izan zen gure queer identitatea hemen bizi ahal izatea», azaldu du Altxaliliko kide batek. «Hastapenean gure kultura berreskuratzea zen helburua, gure genero-identitateari eta sexualitateari lotuta. Euskal kultura ez da folklorea, aldakorra da, bere buruaz irri egiten ahal du, eta horregatik da bizirik». Sortu zenetik, hiru urteko ibilbidea egin du proiektuak eta aitzina segitzen du, bere kideen zein publikoaren erantzun positiboa errezibiturik, «existitzen ez zen zerbaiti erantzuna ekartzen baitio».

Abiatu zenez geroztik, oren bat eta erdiko ikuskizun bat proposatzen du, euskaraz, hiru probintzietan barrena aurkeztua. Maitaldia festibalak Biarritzeko Atabal aretoan programatu zuen pasa den irailean. Aurkezpen eskaera bakoitza kolektiboan eztabaidatzen da, «dibertimendu hutserako edo pinkwashing-a egiteko tresnak ez bilakatzeko». 

Kodeekin jolastea

Bere aldetik, Kaiet Lapeyradek ez du bere identitateari etiketarik ezartzeko beharrik sentitzen. Saio irringarri batekin hasi ondotik, gaur egun Strass & Caillette izen artistikoarekin aritzen da, «mugak gainditzen» dituen pertsonaia batean, queen edo king etiketa erabili gabe. Ez du estilo artistiko finkorik, eta une bakoitzean sentitzen duenaren arabera ari da. 

Aurpegiaren ezaugarriak indartuz, maskulinitatearen edota feminitatearen estereotipoak zalantzan ezartzeko nahi eta joko horien lehen oroitzapenak libertimenduetan ditu, bertan generorik gabeko pertsonaiak jokatzen baitzituen, gizartearen nahasmendua irudikatzeko. Ttipitatik, mozorrotzea eta maskarak ezartzea askatasun momentuak ziren beretzat: «Biziki lotsatia naiz, sekula ez dut desira sortu nahi izan, eta hala ere, nire lehen saioa striptease bat izan zen. Boterea ematen dit, segurtasuna sentiarazten dit, eta nolabaiteko terapia da. Gizarteak zuregandik espero duenarekin haustea, hori politikoa da».

 

Iaz, Altxalili kolektiboak show bat eskaini zuen EHZn. (Artxiboko irudia) (Patxi BELTZAIZ)

 

Donibane Lohizunekoa den Julien Arbelaitzen haserrea pizten du «aniztasuna eta inklusibitatea sentitzen diren» guneen faltak. Bordelen ikasten ari zela, LGBTQIA+ giroa ezagutu zuen, eta Euskal Herrira itzulita, ez zuen bere gustoko giro inklusiborik atzeman. Hori dela eta, Camille Serenarekin batera, La Décadence izeneko kolektiboa sortu du aurten, beraiek desio duten eszena bultzatzeko.

Artelan politiko eta militantea

La Décadence izena Le Petit Journal-en saio batean emazte batek erabilitako adierazpen iraingarri batetik hartua da. Emazteak homosexualen kontrako iritzi biziki gogorrak zituen, eta «dekadentzia» hitza erabiliz bukatu zuen bere hitzartzea emankizunean. «Hitzaren esanahia bilatu genuen eta gizarte baten gainbehera aipatzen zuen; horrek erakarri gintuen», dio Julienek, 27 urteko gazteak. Bere burua «buruko militante» gisa hartzen du, ez baitu nehoiz manifestazioetan parte hartu, eta queer kolektibo bat sortzea bere jatorrizko lurretan borrokatzeko modu propioa duela adierazi du.

 

Julien Arbelaitz, La Decadence kolektiboaren sortzaileetako bat. (Guillaume FAUVEAU)

 

150 lagun ingururi inkesta bat igorri eta jasotako erantzunek argi erakutsi zieten eskaintza horren beharra bazegoela. Euskal Herriko queer eszena garatu nahi dute, bereziki drag mundua. Biarritzeko Bibi Beaurivageko bestetan, Club Sandwich eta Surf Queer Club-en gonbidapenez antolatutako lehen gaualdiak arrakasta handia izan zuen. Instagram kontuak, oraindik ekitaldirik antolatu gabe, astean ehun jarraitzaile berri lortzen ditu bataz beste.

Haurtzaroko zauriak eta «drag militantea»

Artista euskaldunak atzematea zaila izan zaie; horretan lagundu die Les Bascos elkarteak. Horien artean da Kylian Marquestaut, eszena izenez Le Projet Omega. 11 urte zituela ezagutu zuen drag artea, RuPaul’s Drag Race saioaren bidez. 20 urterekin Bordelera joan zen, drag komunitatea garatuagoa baitago han. «Ikasitakoa Euskal Herrira ekarri, drag eszena sortu eta haurtzaroan ikusi nahiko nukeena erakutsi nahi nuen», azaldu du baionarrak. Hala ere, oraindik ez da prest sentitzen Euskal Herrira itzultzeko, haurtzaroko homosexualitateari lotutako zauriak direla eta. «Drag-aren bidez, mutil izateagatik ukatu zitzaizkidan aukera batzuk lortu ditut, orain ileordeak eta takoiak eramateagatik eskaintzen zaizkidanak. Hasieran artea zen niretzat, baina denborarekin ohartu naiz nire draga militantea dela».

Iritzi hori partekatzen du Stephane Urgorry dantzari-koreografoak. Patrick Dupont, Leïla Da Rocha eta Marie-Claude Pietragalla bezalako irakasleekin trebatu ondoren, zortzi urtez Euskal Herritik kanpo egon zen. Itzultzean, dantza kurtsoak eman zituen Biarritzen, Itsasun eta Kanbon. 14 urterekin hasi zen jantziz aldatzen, bere identitatea zalantzan ezartzen zuenean. Drag munduan hasi zen, Bordelen bera ere, duela bost urte. Euskal Herrian behin bakarrik aritu da, ballet garaikide batean. Gero dena bertan behera utzi zuen, baina etenaldi bat baino ez zen izan. La Decadence kolektiboak berriz piztu zion gogoa: «Kolektibo baten babesa izateak segurtasuna ematen du». Xanaxa pertsonaiarekin, «dantza dragaren zerbitzura eta draga dantzaren zerbitzura» ezarri nahi du. Bere helburua «Euskal Herrian gauzak mugiaraztea» da, eta argi du, «ateak ixten badizkidate, leihoetatik pasako naiz».

 

 

*Erredakzioan itzuli eta moldatua.

Dokumentuaren akzioak