Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dotore eta alai

Dokumentuaren akzioak

Dotore eta alai

San Andres eguneko azokaz gain, Plazara Dantzara erromeria egingo da bihar Eibarko Untzaga plazan

Egilea
Bixente Merino
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2007/11/29

San Andres egunean baserritarrez janzteko ohitura dago, eta eibartar batek baino gehiagok baserritar jantziak prest izango dituzte bihar janzteko. Horietako batzuk gainera dotore jantziko dira; izan ere, Eibarko Kezka dantza taldeak eta Eibarko Udaleko Euskara Zerbitzuak antolatuta, baserritar jantziak janzteko ikastaro praktikoa egin dute azken egun hauetan. Ildo honetan, neguaren bueltan izaten diren jaietan baserritarrez janzteko ohitura handia dago Euskal Herrian, baina askotan jendea ez da behar bezala janzten: buruko zapia nola jantzi, gerrikoa nola eraman, abarkak ala espartinak eraman... kezka asko izaten ditu jendeak, eta zalantza horiek guztiak argitzeko ikastaroa antolatu dute aurten ere.

Ikastaroa antolatzen duten laugarren urtea da, eta ia 40 lagun izan dituzte. Aurreko urteetan ikastaro teorikoagoak ematen zituzten. «Baina aurten tailer praktikoagoak antolatu ditugu. Gu ez gara euskal jantzietan adituak; horretarako, Ane Albisu eta antzeko adituren azalpenak egokiagoak izango lirateke, baina irizpide batzuk ematen saiatu gara. Jendearen arazo praktikoei erantzuten saiatu gara», adierazi du Kezka dantza taldeko dantzari Oier Araolazak.

Sanandresak eta halako jai bereziak izaten direnean jende asko baserritarrez janzteko beharra izaten duela dio Oierrek, baina Kezka dantza taldeko dantzariarentzat «horrek ez du esan nahi baserritarrez janzteko moda honen ezaugarriak ezagutzen ditugunik. Egunetik egunera baserritar arropak saltzen dituzten denda gehiago badaude ere, ezjakintasun handia dago», gaineratu du Araolazak.

 

XX. MENDEKO JANTZIAK. Kezkako dantzariak garbi adierazi nahi du egun edo jai berezi hauetan erabiltzen diren baserritar jantziak moldaketa bat direla. «Horrelako azoka edo jaietan erabiltzen ditugun jantziak ez dira XIX. mendeko baserritar jantzi tradizionalak izaten, XX. mendearen hasieran ospatzen hasi ziren euskal festetan janzten zituzten jantziak baizik. Festetarako edo festari begira elementu batzuk egokitu direla esan daiteke», adierazi du.

XX. mendearen bigarren zatian jende ugari larruzko abarkekin janzten hasi zen. «Baina horiek baserritarrak lanerako erabiltzen zituen oinetakoak ziren. Baserritarrak plazara ahalik eta txukunena joaten saiatzen ziren, eta abarken ordez, zapata beltz edo ilunak edo espartina zuriak janzten zituzten», esan du Oier Araolazak.

Emakumeei buruko zapia jartzea da gehien kostatzen zaiena, eta jartzeko modu asko badaude ere, zapia jarri aurretik zinta elastikoa jartzea gomendatzen dute, beharrezkoa ez bada oso lagungarria da zapia eror ez dadin. Hala ere, argibide gehiago nahi duenak www.dantzan.com/blogak/kezka webgunean aurki dezake.

Sanandresetako azokan baserritar eta erosle edo ikusleen artean giro berezia sortzen da. Produktua oinarritzat hartuta, hainbat kontu eta komeri izaten dituzte, eta horixe adierazi nahi izan du Nestor Perezek aurtengo sanandresetako kartelean. Kartelen lehiaketa hiru mailetan banatu dute: helduena, 11-14 urte bitartekoa eta 10 urte artekoa.

Kartela azaltzeko eskatuta, Nestor Perez egileak dio ez zaiola gustatzen ikusleari inolako aurreiritzirik jartzea; izan ere, «ikusleak adierazi nahi dudana ikusten ez badu, frustrazioa bat sor dakioke, eta ondorioz, kartela ez gustatzea. Ikusle eta kartelaren artean elkarrizketa libre bat sortu beharko litzateke», adierazi du Nestorrek.

 

KARTELA, NESTOR PEREZENA. Amamak aitxitxari mutxikiña da Nestor Perezen kartelaren izena, eta sagar bat erdian dagoela bi aurpegiren arteko elkarrizketa islatu nahi du.

Kartel lehiaketetara maiz aurkezten da Nestor Perez, eta sari gehiago irabazi ditu. Irabazten duen laugarren aldia da, eta sari berezi bat ere irabazita dauka. Inguruko herrietan ere aurkeztu da. «Eta batzuetan zortea ere izan dut». Eibarko Aratuste eta San Joan jaietako kartel lehiaketan irabaztea zer den badaki: «Baina sanandresetan ez nuen ezer lortu. Kartelak herriko kaleetan ikusteak ilusioa ematen diola aitortu du. «Herritarren komentarioak entzuteak ere ilusioa ematen dizu. Lan bat egin eta horrelako aitortza jasotzea polita da». Garaipena Eduardo Lizundiari eskaini dio Nestor Perezek.

 

Egitaraua

Gaur

19:30. V. San Andres Aizkora Txapelketa, bikoteen artekoa.

 

Bihar

09:30. 29. San Andres nekazari azoka eta ganadu erakusketa hasiko da. Nekazarien erakusmahaiak ikuskatzen hasiko da epaimahaia.

11:00. Usartza txistulari bandaren kalejira.

12:30. Narbaiza eta Azpilaga bertsolarien eta Jainaga eta Narbaiza trikitilarien emanaldia.

13:00. San Andres azokaren, pintxo txapelketaren eta kartel lehiaketaren sari banaketa. Jarraian, Plazara Dantzara erromeria, Jainaga eta Narbaiza trikitilariekin eta Kezka dantza taldearekin.

17:00. Koadrilen arteko jokoak. Jarraian, kalejira Musika Eskola eta Ustekabe fanfarrearekin, eta Miss eta Mister Baserritar lehiaketa. Antolatzailea: Gazte

Dokumentuaren akzioak