Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Donostia saria 36ko gerran erbesteratutako umeentzat

Dokumentuaren akzioak

Donostia saria 36ko gerran erbesteratutako umeentzat

Antzerkiaren Nazioarteko Egunean jasoko du saria Tanttaka Teatroaren eta Kukai taldearen '1937, gogoaren bidezidorretatik' ikuskizunak

Egilea
Ainara Gorostitzu
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2004/03/19

Sari-banaketa ekitaldia antzerkiaren nazioarteko egunean egingo dute, martxoaren 27an. Egun horretan 1937, gogoaren bidezidorretatik beharrean «izugarrizko arrakasta» izan duen Gorringo taldearen Kutsidazu bidea, Ixabel eskainiko dute, Kukai-Tanttakak Miarritzen aurkeztuko baitu obra saritua, Ipar Euskal Herriko estreinaldia eginez. Hurrengo egunean, igandean, ikusi ahal izango da haur erbesteratuei buruzko antzezlana Antzoki Zaharrean, 20:00etan hasita.



1937an Euskal Herria utzi eta erbesteratu zituzten zazpi haurren bizipenak kontatzen ditu Donostiako Euskararen Udal Patronatuak saritu duen ikuskizunak. Juan Mari Beltranen Arditurri diskoko doinu poetikoak, Euskadiko Filmategiko irudi erreal eta gordinak eta dantza tradizionalak dira haur horien sentipenak igortzeko bide. Jon Maia, Eneko Gil, Urko Mitxelena, Alain Maia, Ibon Uharte, Nerea Vesga eta Vanesa Castaño dantzariak dira ume horiek interpretatzen dituztenak. Ikuskizunaren «osotasuna eta kalitatea» nabarmendu du epaimahaiak, eta baita «Mireia Gabilondoren gidoia eta dramaturgia, eta irudi filmatuen garrantzia» ere, antzerkia eta dantzak ondo uztartzeaz gain. Iaz Donostian programaturiko euskarazko ikuskizunak dira sari honetako hautagaiak; gainera, aretoetako helduentzako ikuskizuna behar du izan, eta konpainia profesionalak egitea. Baldintza horien arabera Maiak eta Gabilondok zuzendutakoaz gain honako ikuskizun hauen artean aukeratu du epaimahaiak: Tentazioaren Terralurtarrak eta Metxa,Vaivenen Victor Gezk, Maskaradaren Kontenedore baten istorioa, Hikaren Ixa eta Gorringoren Kutsidazu bidea, Ixabel. Obra Euskal Herrian barrena nola Tarregako antzerki ferian, Uruguain, Argentinan eta Txilen erakutsi ostean, «oso gustura» agertu ziren Gabilondo eta Maia sariarekin: «Bereziki pozten gaitu euskararen mundutik datorrelako, berriro antzezteko aukera ematen digutelako, eta baita beste obra bat egiteko diru laguntza delako ere», esan zuen Gabilondok. Maiak, bestalde, «euskal dantza tradizionala zirkuituetan eta antzokietan sartzea» lortu izana nabarmendu zuen, «XXI. mendean euskal dantzaren lekua zein izan behar den eztabaidatzen den garaian».Antzezlan hori, halaber, ikuskizun onenaren Max sarietako hautagaia da.



Elena Soteloren obra, sari



Elena Sotelok «literaturari omenaldi gisa» eginiko collage bat jasoko dute Antzerki Sariaren irabazleek, Godoten esperoan izeneko artelana. Samuel Becketten antzerki obraren jatorrizko testua, eta Juan Garziak egindako euskarazkoa konbinatzen dira artelan horretan. «Jolas bat eginez», Estragon eta Vladimir pertsonaien lekuan Toribio Altzaga eta Martzelino Soroa idazleak ipini ditu artistak.

Dokumentuaren akzioak