Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Donibane Garaziko libertimendua eta Hazparneko gertakariaren harira beste gogoeta zenbait

Dokumentuaren akzioak

Donibane Garaziko libertimendua eta Hazparneko gertakariaren harira beste gogoeta zenbait

«Trangresioa gizartearen arauak eta barne-legeak hankaz gora ezartzea da. Arau horien gibelean babesten diren boteredunek ez dute nehoiz inautea maitatu eta, aitzaki batengatik edo bestearengatik, inautea debekatzen edota aldarazten saiatu izan dira».
Egilea
Joseba Aurkenerena
Komunikabidea
Kazeta
Tokia
Donibane Garazi
Mota
Albistea
Data
2026/02/19
Lotura
Kazeta

Zitadelako goiko atetik abiatu zen eta Merkatu estalian amaitu zen libertimendua.

Zitadelako goiko atetik abiatu zen eta Merkatu estalian amaitu zen libertimendua. (Joseba AURKENERENA)

Ez dut bi aldiz erran behar libertimendua maite dudala, ahal dudan guztietan, horrelako inaute-ekitaldietara hurbiltzen bainaiz, eta atsegin handiz, gainera. Ahal dudan aldiro, herri batera edo bestera hurbiltzen naiz libertimenduaren xarmaz eta giro ederraz gozatzera, eta beti, poztasun zimiko batez itzultzen naiz etxera. Donibane Garazikoa izaten da niretzat ezinbesteko hitzordua, bera izan baita besta eder honen arrapiztearen sehaska eta abiapuntu.

Hasiera batez, Antton Lukuk maisukiro gidatua, eta duela zenbait urte, gazteek hartutako lekukoari jarraituz egiten dutena. Beti eder eta alai. Iaz, maluruski, ez zen izan; baina aurten bai, gazte talde kementsu batek antolatua eta jokatua. Hori dela eta, aurten ere, Donibane Garazi ederrera hurbildu nintzen otsailaren 15ean, bertan jokatu behar zuten libertimendura.

Goizeko 09:30ean, abiatu ziren zitadelako goiko atetik, eta karrikatik beheiti jarraitu zuten, gero Jatsutarren Atetik herriko etxe aldera ateratzeko. Aste osoan izan genuen eguraldi euritsuak bazter guztiak blaituak bazituen ere, egun horretan etenaldia eskaini zigun, eta horrela libertimenduaren karrikaz karrikako ibilaldia eta merkatu estalian egiten duten inaute jokoa arazorik gabe egin ahal izan zituzten. Hori bai, zola bustia zenez, aurten zaldizkorik gabe, zaldiak lerratu ez zitezen.

Desfile koloretsu eta bikaina, zinez, 11:30ean merkatura iritsi zena. Ordurako bazter guztiak jendez mukuru ziren, eta ni, ez oso handia izaten, gaizki ibili nintzen eroso ikusteko moduko tokitxo bat bilatzen. Azkenean, hala nolakoa topatu, eta ederki jarraitu ahal izan nuen arizale edo aktore gazteek airoski eskaini zuten umorezko antzezpena.

Garaztarrak taldeko dantzariek dantza ederrak eskaini zizkiguten: gau-ainerak, azkaindarrak, xibandiarrak, lapurtar motxak, euskaldunak, sorginak eta dantza luze. Dantzari bikainak!

«Zergatik ote? Non ziren Garaziko mutilak, neskekin batera, libertimendua jokatzeko? Ziur aski nire galdera honek ez du erantzun erraza izanen»

Jokoak abantzu ordu bat arte iraun zuen, istorioak kontatzen, kritikak egiten, eta merkatua betetzen zuten ikus-entzuleen bihotzak alaitzen. Izan ziren irriak eta barre algara handiak. Arizale guztiak neskak izan ziren, mutil bat bera ere, ez zen jokoan agertu, eta horrek zer pentsa eragin zidan.

Zergatik ote? Non ziren Garaziko mutilak, neskekin batera, libertimendua jokatzeko? Ziur aski nire galdera honek ez du erantzun erraza izanen, gaurko gazteek bizi duten errealitate konplexua ez baitzaie oso aldekoa agertzen. Nire gogoeta hau utzirik, erran dezadan joko ederra egiten jakin zutela.

Elixabet Etxandi eta Bittor Tikoipe bertsolariek ederki zuzendu eta bideratu zituzten jokoaren nondik norakoak.

Gero, herri bazkaria izan zen, ikastolak ederki antolaturik. Mahai guztiak lepo egon ziren, eta giro ederra sortu zen bertara hurbildutako guztien artean. Arratsalde polita izan zen, adiskide-giro ederrean pasatu genuena. Hori bai, inork ez zuen kantatu, ezta kantu bakar bat ere; batzuek, mahai gainera igota, mahaigaineko izeneko dantzari ekin bazioten ere.

Honek ere zer pentsa eragin zidan: kanturik ez, non eta Donibane Garazi ederrean! Gauzak eta ohiturak aldatzen ari dira, zalantzarik gabe.

Ederki bazkaldu ondoren, herritarrek inguruetako ostatuetara jo zuten, azken kafe goxoa dastatzeko asmoz. Hor ere izan ziren, hizketa alaiak eta adiskide-aldarte politak. Horren ondotik, bakoitzak bere etxeko itzulbidea harturik, amaitu zen Garazik aurten eskaini digun libertimendua.

Zoriondu nahi nituzke aurtengo antolatzaileak eta parte-hartzaile guztiak, baxenabartar inautearen sugarra, aurten ere, iraunarazten jakin izan dutelako. Eta nola, gainera!

Transgresioa, kritikak eta Hazparneko zanpantzarra

Zuberoako maskaradak urtarrilaren 18an hasi ziren, eta apirilaren 25era arte iraunen dute, igandez igande Zuberoa inaute-erritu zaharraz betez eta alaituz. Lapurdiko herrietan ere kaskarotak, hartza, zirtzilak… eta zanpantzar duela bi aste hasiak dira, herriz herri euskal inautearen magia eta xarma zabaltzen. Nafarroa Beherean santibateak eta libertimenduak jadanik jokatzen ari dira arrakasta handiz eta herritar franko erakartzen.

Otsailaren 8an Amikuzekoa jokatu zuten, 15ean Donibane Garazikoa, 22an Baigurakoa jokatuko dute, martxoaren 1ean Baigorrin eta 14an Hazparnen. Beraz, euskal inauteak badu oraindik ibilbide luzea egiteko Iparraldeko herri, karrika eta plazetan.

Hain zuzen, azken herri horretan, Hazparnen, gertakaria izan da zanpantzarrekin

Hazparneko Zanpantzarren auziaren bideoa sare sozialetan hedatu zen. (Pantaila argazkia)
Hazparneko Zanpantzarren auziaren bideoa sare sozialetan hedatu zen. (Pantaila argazkia)

 

Inaute erritu zaharra da Euskal Herrian eta Europa osoan. Iduriz, jai erlijioso gisa sortu zen historiaurreko aro ilunetan, hasieran ehizarekin loturik, eta geroago laborantzarekin. Bazuen bere baitan, eguneroko gizarte arauak denbora batez etetea, eta bizimodua beste modu batez antolatze nahia.

Inautea eguzki jaio berriarekin hasten zen, hau da, neguburu edo neguko solstizioarekin, eta negu osoan zehar jarraitzen zuen udaberriko ekinokziora iritsi arte. Neguan lotan zen lurra eta gizarte bera arrapizteko erritual luzea zen. Europako herri eta kultura guztietan, horrela egiten zuten, tokian tokiko erritu eta bestak antolatzen zituztelarik.

«Iñautea esku artetik joan zaie beti, eta horregatik, horrelako sukar gaiztoa erakusten dute, horrelako inaute-jokoen aitzinean»

Aipatu dudan bezala, inautea trangresioarekin lotua izan da beti, hau da, eguneroko gizartearen arau hertsietatik harago doan balizko iritzi, jarrera eta jokaerekin. Trangresioa gizartearen arauak eta barne-legeak hankaz gora ezartzea da; eta horregatik, kritikak ohikoak izan dira eta dira inaute guzti-guztietan, eta Europako geografia osoan.

Arau horien gibelean babesten eta nagusitzen diren boteredunek ez dute nehoiz inautea maitatu, eta askotan, aitzakia batengatik edo bestearengatik, inautea debekatzen edota aldarazten saiatu izan dira. Paganoa dela, basa dela, erlijio kristaua iraintzen duela, botere sozio-politikoaren kontra egiten duela, sexuaren jokaera ez-ofizialak hedatzen dituela, hamaika aiduru, eta hamaika debeku izan dira; baina inautea beti horien gainetik pasatu da, eta gureganaino bizi-bizirik iraun du.

Bai, transgresioa ezinbesteko osagaia dugu edozein inautetan, trangresioa eta askatasuna, erranen nuke nik.

Erasoak eraso, horietako bat izan dugu berriki Hazparneko inautean gertatu dena. Jordan Bardellaren itxura omen zuen zanpantzarra erre zuten herrian, eta eskuin-muturrekoek sekulako eskandalua altxatu dute, hautsak harrotuz, salaketa jarriz, eta horrelako jokoetan aritzen diren herritarrak kikildu nahiz.

2016an, antzeko zerbait gertatu zen Donibane Lohizuneko plazan, Marc Aillet apezpikuaren irudiko zanpantzarra erre zutenean. Iñautea esku artetik joan zaie beti, eta horregatik, horrelako sukar gaiztoa erakusten dute, horrelako inaute-jokoen aitzinean. Ziur naiz, oraingoan ere, inautea horien guztien gainetik pasatuko dela eta pentsamolde librea nagusituko dela. 

Dokumentuaren akzioak