Dokumentuaren akzioak
Donibane Garaziko Libertimendia
Joan aurretik, eta zerbait jakin nahian, Antton Lukuk www.dantzan.com
delakoan idatziriko artikulu interesgarriak irakurri nituen. Horrela
jakin nuen Baxenabarreko inauteria bi zatiz osaturik zegoela: Santibate
edo Martin Beltza eta Libertimendia. Lehena neguaren agurra omen da eta
bigarrena udaberriaren etorrera igartzen duena.
Donibane Garaziko inauteriaz gain Donapaleukoa ere aski ospetsua da.
Herri bakoitzak bere datak ditu eta Donibane Garazik aurten otsailaren
4an, ostiralarekin, ospatu du Santibate eta martxoaren 6an,
igandearekin, Libertimendia. Santibate delakoan, zirtzilak etxez etxe
eta karrikaz karrika ibili ziren kantuz eta bertsoz , zerriki eske.
Zirtzilek neguaren garaipena ekartzen digute gogora.
Nik, martxoaren 6an, Libertimendia izeneko ekitaldi ederra ikusi nuen.
Erran beharra dago inauteri hau erdi galdurik egon dela luzaz, eta
Donibane Garazin duela hiruzpalau urte Garaztarrak dantza taldearen
eskutik berpiztu dela. Goizeko hamarretan Senper karrikaren goiko aldean
biltzen hasi ziren kabalkadan parte hartu behar zuten neska-mutilak.
Karrika honen izena bertan bizi ziren gaskoien deituratik omen dator,
nahiz eta azken urte hauetan Espainiako karrikaz birbataiatua izan den.
Bada beste karrika bat Nafarroako karrika deitzen dena. Izen berri hori
ez dut biziki maite, eta Senper Karrika, betiko izena egokiagoa delakoan
nago.
Hamarrak eta laurdenean hasiera eman zioten kabalkadari. Zaldizkoak
hasieran bidea zabaltzen. Makilaria gero makila behin eta berriro
dantzatuz, airera indar handiz jaurtikiz eta lurra ukitu aitzin
trebezia handiz berriro eskuan jasoz. Zapurrak ondoren, zurezko
aizkorekin eta kapelu militar handi bereziekin. Ondoren neska itxura
duten bi ziganteak eta hauen gibeletik banderariak. Ezkerrekoak euskal
ikurrina zeraman eta eskuinekoak Arrano Beltza ederra. Soinulariak gero
eta hauekin batera bolanta izeneko dantzari trebeak. Bukaera aldean,
Santibate egunean zerriki biltzen aritu ziren zirtzil bihurriak. Azken
hauek zuhaitz adaxkak eramaten zituzten eskuetan eta horiekin bidean
topatzen zituztenak zirikatzen aritu ziren.
Bidean zehar, bolantak ohiko dantzetan aritu ziren: Hegi, Mutxikoak,
Xibandriak, Ostalersa, Dantza luze, Euskaldunak eta Sorginak… Hauen
jantzia sobera ederra zen, zuria, koloretako xingolez apaindurik, eta
buruan ttuntturro luze eder bat. Kapelu hauek ere koloretako xingolez
edertuak ziren, eta aurreko aldean ispilu karratu batez hornituak.
Horrela ibili ziren herri zaharreko karriketan barrena, eta 11,30ak
adera, herriko etxetik gertu den zabaldian, errepide erdian, Zuberoako
maskaradaren antza zuen antzerki edo parodia luze bat jokatzeari ekin
zioten. Jendea pertsonaien inguruan pilatu ziren eta hortxe, kalea
betetzen zuen jendearen artean iñaute-antzezlana jokatu zuten. Gai ugari
izan baziren ere, aipatzekoak dira Asiatik etorri zaigun liztorra eta
Ipar Euskal Herriko azken bertso lehiaketaren gorabeherak aipatzen
zituztenak. Irri egiteko orduan zuberotarrak aipatzen zituzten behin
eta berriro, Zuberoan biarnesekin egiten duten antzera. Parodia hiru
zatitan banatu zuten, eta tarte horietan Eki Erramundegi eta Gilen
Iribarren bertsolari gazteak ederki aritu ziren bertan geundenon
loriarako, baita tarteka bolantak ere ohiko dantza ederrak eskainiz.
Ordu-bat eta erditan lagun arteko bazkaria Donazaharreko kultura-gelan.
Hortik aitzina kantuak eta dantzak Mispirarrak taldearekin. Bazkari eder
baten ondoren, makilariak hasi ziren ohiko dantzarekin. Oraingoan, hiru
makilari aritu ziren, kabalkadan aritu zena, bigarren mutil gazte bat,
eta zazpi urteko Ellande Larralde mutiko bizkorra. Makilariek badute
segida, bai! Gero, banakoak, fandangoak, zortzikoak, dantza-jauziak…
euskal kantuak nonahi eta noiznahi…, ohiko euskal besta. Arratseko
azken orduetan hor jarraitzen zuten dantzaz eta kantuz.
Bazkarian adin guztietako jendea bazen ere, arratseko dantzetan
gazte-gazteak ziren gelditu zirenak, hemezortzi eta hogeita hamar urte
tartekoak gehien-gehienak. Nik, nire berrogeita hamalau urterekin, zahar
samarra ikusten nuen nire burua gazte haien artean. Eta horrek,
nolabait, poza piztu zidan bihotzean, garbi ikusi bainuen euskaldunon
geroa gazte euskaltzaleen eskuetan dagoela. Belaunaldi berriek
euskaltasunaren eta euskal kulturaren lekukoa jaso dute eta helmugara
eramateko asmo suharra daukate.
Dokumentuaren akzioak