Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Doinu zaharren emakumezko dantza txapelketa jokatuko da gaur Hondarribian

Dokumentuaren akzioak

Doinu zaharren emakumezko dantza txapelketa jokatuko da gaur Hondarribian

Bakarkako sariketa da, Euskal Herri mailakoa, eta hemezortzi dantzari lehiatuko dira

Egilea
Lorea Agirre
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2000/04/30

Gaur 11:00etan abiatuko da doinu zaharren txapelketa, bigarren aldikoz. Hondarribiko Hondartza kiroldegian jokatuko da, eta 18 dantzari irtengo dira txapelaren bila. Euskal Herri osoko sariketa izanagatik, gipuzkoarrak dira lehiakide guztiak: Donostiakoak Monica Bañales, Miren Illarreta, Haizea Poza eta Ainara

Vazquez; Errenteriakoak Nagore Indakoetxea, Maite Lekuona eta Nerea Vesga; Legazpikoak Maider Fernandez, Miren Makibar eta Eider Mujika; Lezokoak Itxaso Irastorza, Leire Irasuegi eta Josune Rodriguez; Irungoak Itziar Arretxe, Miren Bermudez eta Amaia Otxoa de Zabalegi; eta Hondarribikoak Nerea eta Nagore Arbelaitz. Itziar Arretxe da iazko txapelduna eta, beraz, txapela defendatzera irtengo da taulara.

Eguerdian finala

Txapelketa bi zatitan banatuko da. Lehenengo Ehun dukat izeneko doinua dantzatu beharko dute dantzari guztiek, eta hortik hamar dantzari sailkatuko dira eguerditik aurrera jokatuko den finalerako. Erribera eta Hondarribi txikia doinuak dantzatu beharko dituzte. Epaimahaiak erabakia hartu bitartean, iaz gazte mailan irabazle izandako dantzarien saioa eskainiko da, eta ondoren Kemen dantza taldeak Luzaideko inauteriko dantzak dantzatuko ditu.

Horrenbestez amaituko da Euskal Herrian egiten den emakumezko dantzarien arteko lehiaketa bakarra. Izan ere, gizarte dantzak joan den aspaldian ahazturik geratu diren piezak dira, eta horien artean doinu zaharrak deituak. Kemen dantza taldeko lehendakari Patxi Pagolak adierazi duenez, erritual kutsuko eta taldean dantzatu beharreko dantzak dira dantza talde gehienen errepertorioa osatzen dutenak. «Horrekin, Iztueta maisuak utzitako ondarearen zati handi eta garrantzitsu bat baztertua izan da folklorean lan egiten dugunon artean», dio Pagolak.

Juan Ignacio Iztuetak 1824an Gipuzkoako dantza gogoangarriak liburua idatzi zuen, eta bertan 36 dantza jasotzen dira; horietatik 30 gizonezkoek eta emakumezkoek elkarrekin dantzatzekoak dira.

Bazterketa horren ondorio bat zera da: «Euskal folklorearen barruan, emakumea ohiko dantzetatik kanpo utzi duen topiko horrek. Hori kasu batzuetan egia da: adibidez, dantza erritualetan emakumeak ez du garrantzi handirik, erlijio-gerlari-mitiko kutsua duten dantzetan gizonek bakarrik hartzen dute parte. Baina badaude beste dantza mota batzuk, kutsu sozial-herrikoia dutenak eta bai gizonek eta bai emakumeek dantzatzen dituztenak».

Dantza sozial horiek berreskuratzeko asmoz, Euskal Dantzarien Biltzarrak hainbat ekimen jarri ditu abian, eta horietako bat doinu zaharren txapelketa hau da.

Zailago baina libreago

Doinu zaharra dantzatzeak baditu bere berezitasunak. Arau jakin batzuk errespetatu behar dira, baina gainontzean egitura librea da eta dantzari bakoitzak nahi dituen urratsak egiten ditu. Horretaz gainera, doinuaren egituraketan ere alde nabarmena dago zortzikoarekin alderatuta. Zortzikoan doinua uniformeki egituratzen da, eta, beraz, dantzari batek edozein zortziko dantzatu dezake aurretik jakin gabe. Doinu zaharra ez da uniformea, eta, horregatik, dantzatu aurretik oso ondo ezagutu behar da. Horrek guztiak dantzariari abilezia handia eskatzen dio, baina baita estilo propioa lantzeko aukera ere.

Doinu zaharrak, gizaldiz gizaldi eta ahoz aho, gurasoendik seme-alabengana, igaro diren koplak dira.

Dokumentuaren akzioak