Dokumentuaren akzioak
“Diasporan ikasten dugu, hitzezko euskararik gabe, mundu osoko euskaldunon hizkuntza dela dantza”
Bisitaren lehen geldialdia Argentinan egin zuten; Misiones probintziako Posadas hirian, hain zuzen. Bertan egiten da Co-Cine Entre Fronteras jaialdia, zinema eta sukaldaritza nahasten dituen ekimen berezia. “Bertako entzulegoa izan da agian euskal kulturatik urrunen zegoena”, diosku Esnalek, “eta egia esan interes handia piztu zuen pelikulak, jendea oso pozik irten zen”. Ostera, La Plata hirira lekualdatu ziren, eta bertako emanaldia euskal diasporako jendeari zuzendua izan zen ia osotasunean. “Bietan, esperientzia pozgarria izan genuen”, gehitu du zuzendariak.
AEBetako emanaldietako entzulegoa ere, oro har, euskal kulturaren ezagutzailea zen. Seattlen, Ontarion, Boisen, San Franciscon, Chinon, Los Angelesen, Renon, New Yorken eta Washintonen izan dira Otamendi eta Esnal filma aurkezten. Esperientziak “bizi osoko lagunak agurtzeko” aukera eman dio lehenari, hainbat aldiz izan baita Otamendi AEBetako euskal diasporarekin kontaktuan, “baita lagun berriak egiteko aukera ere”. Bigarrenak, bestalde, entzulegoaren Euskal Herriarekiko loturari buruzko konparaketa bitxia egin du: “Mendebaldean (San Franciscon, Los Angelesen, Seattlen edota Ontarion) oro har ‘bertako’ euskaldunak baziren, ekialdeko hirietan (New York edota Washington D.C.) hemendik joandako euskaldunak ziren gehienak. Gure herria modu ezberdin batean bizi izan duen jendea da, baina bi eremuetakoek jaso dute gogo onez gure filma”.
Leku bakoitzean, bertako baliabideen mailako emanaldiak eman dira, entzulego zabalago edo murritzagoarekin. “Boisen bakarrik jarri da pelikula zinema aretoetan, adibidez”, zehaztu digu Esnalek; “baina Chinon, esaterako, baliabide gutxiko ekitaldia izanagatik ere, emanaldiaren amaieran entzulegoa Uxo Zuria abesten hasi zen, eta oso hunkigarria izan zen hura”.
Bira batek ez du inoiz gauzak lasaitasunez eta behar den denborarekin egiteko tartea eskaintzen. “Egia esan oso azkar ibili gara batetik bestera; agian denbora gehiago edukita, hangoekin gauza gehiago partekatzeko aukera izango genuke”, aitortzen du Esnalek. Otamendik iritzi bera du: “Leku askotan izan gara denbora tarte urrian, eta alde horretatik, bizitakoaren liseriketa itzuli ostean egin dut”.
Baina merezi duela, hori dudarik gabe uste dute biek ala biek. “Ez gugatik; gehiago haiengatik”, zehazten du Esnalek; “asko estimatzen dute hemendik iristen zaien kultura guztia, bere sustraiekin lotzen baitute”. Otamendik, aldiz, dantzak diziplina artistiko bezala komunitateen arteko loturak indartzeko duen ahalmenaz hitz egin digu: “Dantza izan da gure (nire eta bertako lagunen) harremanaren oinarri nagusia, eta Dantzak eraman nau berriz itsasoaren bestaldera. Diasporan ikasten dugu, hitzezko euskararik gabe, mundu osoko euskaldunon hizkuntza dela dantza”.
Bira hau, Etxepare Euskal Institutuak Argentinako eta AEBetako Euskal Etxeekin duen kolaborazioari esker gauzatu ahal izan da.
Dokumentuaren akzioak