Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Diaspora koreografiko itzela

Dokumentuaren akzioak

Diaspora koreografiko itzela

Euskal Dantzariak Nazioarteko balet konpainietan ikasten eta antzezten

Egilea
A. M.
Komunikabidea
Zabalik
Mota
Erreportajea
Data
2003/12/25

«Euskal Herriaren eta dantzaren artean ez dut ikusten ezer berezirik gertatzen denik», erantzun digu Lucia Lacarra dantzari zumaiarrak egin diogun azken galderan. Beharbada, ez da ezer berezirik gertatzen elkarren artean –ez dira liskarturik egon, alegia–, baina jakin badakigu bien arteko kimika edo erlazioa ia-ia hutsa dela. Dantzarien ibilbidea, batik bat estilo klasikoan eta neoklasikoan diharduten horiena, nahiko hanka-motz geratzen da hemen, eta askok gabezia nabarmena ikusten dute esparru honetan: kalitatezko eta prestigiozko euskal baleta behar da. Bestela, ezin uler daiteke gure herriak eman dituen dantzari trebeek zergatik hartu behar izan duten atzerrira joateko txartela.

Hala, euskal dantzari askorentzat Mentxu Medel edo Jon Beitia izan dira euren estreinako dantza-irakasleak; izan ere, euren dizipuluak hagitz distiratsu zabaldu dira nazioartean. Bigarren eskola, ia gehienek, Madril izaten dute, eta hemen ere bidegurutze batekin egiten dute topo: batzuk Victor Ullateren eskolara abiatzen diren bitartean, beste hainbatek Carmen Rocheren eskolak hartzen dituzte. Ondoren, konpainia entzutetsuetan barneratzen dira salbuespenak salbuespen. Eta zerrenda uste baino luzeagoa da, honako dantzari hauek segidan aipatuko ditugun konpainia handietan baitabiltza edo aritu baitira: besteak beste, Xabier Irurzun (Londresko Royal Ballet), Urtzi Aranburu (Netherlands Dance Theatre), Jose Lainez (Het Nationale Ballet), Jon Garnika (Frankfurteko Baleta), Amancio Gonzalez (Scottish Ballet, NAPAC taldea, Rotterdamse Dansgroep, Scapino Ballet Rotterdam, Frankfurteko Baleta), Iratxe Ansa (Espainiako Dantza Konpainia Nazionala, Lyoneko Opera Baleta), Jone San Martin (Wallonianeko Ballet Royal, Frankfurteko Baleta)… Zerrenda handiagoa izan arren, orrialdeotan gure dantzarien lagin txiki bat eman nahi izan dugu, kontuan hartuta beste hainbat ere badirela.

Igor Yebra

Bakarkako ibilbideari ekin dion gaztea

1974an Bilbon jaio zen Igor Yebra, eta egun Madril eta Veronan bizi da. Lucia Lacarra bezalaxe, Yebra ere Victor Ullateren dantza-eskolan aritu zen eta berehala egin zuen debuta profesional mailan. Handik gutxira, Madrilgo Dantzako Errege Kontserbatorioan graduatu zen ohorezko matrikularekin. 1987tik 1996ra bitartean Madrilgo Erkidegoko Baleteko lehen dantzaria izan zen, eta bertan errepertorio neoklasikoekin aberastu zen: Van Manen, Van Dantzing, Linkens, Balanchine eta Van Hoeckeren koreografiak antzezten ibili zen. 1996tik aurrera, berriz, bakarkako ibilbideari ekin zion, bai dantzari bai koreografo gisa. Hainbat eta hainbat sari lortu ditu, eta maiz Atter Balleton, Kremlingo Baletean, Scottish Ballet-en edota Australian Ballet-en aritzeko gonbitak ere jaso ditu.

Iker Murillo

Zuricheko Baletean dantzan dabilen Pasaiako mutila

Iker Murillo Pasai Antxon jaio den duela 25 urte. 12 urte baino ez zituenean Mentxu Medelekin hasi zen balet mundua ezagutzen, eta lau urte geroago Madrilera abiatu zen Carmen Rocheren eskolan ikasketak egiteko. Kontuak kontu, han ez zuen askorik iraun Iker Murillok, izan ere urte eta erdira Stuttgarteko John Cranko-Schule-ra (Alemaniara) joateko proposamena jaso zuen. Ikasketak bukatu bezain laster, Saarbrückengo konpainian hasi zen. Hala, lau urteko esperientziaren ondoren, Heinz Spoerlik zuzentzen duen Zuricheko Baleteko kidea dugu Pasaiako semea.

Veronica Villar eta Juliette Villemin

Ibilbidea ganoraz egitea zaila denean

Berezia da bi euskal dantzari hauen, Veronica Villar eta Juliette Villeminen, kasua; izan ere, bizitza oso dantzari atxikiak egon diren arren inor gutxik ezagutzen ditu. Biak ala biak oso gazterik hasi ziren dantzan, ordea, Euskadiko Baletean: Juliette Villemin 11 urterekin eta Veronica Villar, ostera, 9rekin. Hain zuzen ere, Euskadiko Baleta garai hartan dantza ikasteko eta maila egokia zuen euskal balet konpainia bakarra zen. Urte batzuk geroago, atzerrira joatea erabaki zuten, hemen gogor lan egin arren inork ez baitzien behar bezalako kontraturik eskaintzen. Gauzak horrela, Europako hainbat eta hainbat herrialdetako baletetan ibili eta gero, Alemanian bukatu zuten: Wiesbaden Antzokiko Baletean ganorazko kontratua egin, eta harrezkerotik bertan dabiltza. Duela hiru urte, gainera, Donostiako Musika Hamabostaldiaren 60. urtemuga zela aitzakia hartuta, Rock Around Barock ikuskizuna aukezten aritu ziren. Muntaia hartan Bach, Chopin edo Beethovenen lan klasikoak The Beatles, Rod Stewart edo Pink Floyden abestiekin uztartzen zituzten bitartean, dantzan egiten zuten.


Jon Vallejo

Etorkizuneko Nureyev donostiarra

Irudian kolore berdeko jantziarekin ageri dena da Jon Vallejo, etorkizunean zeresan handia izango duen dantzari donostiarra. Egun 18 urte ditu eta Madrilgo Carmen Rocheren dantza-eskolan dabil ikasten. Lucia Lacarra eta Iker Castilloren pausoei jarraiki, Jon Vallejok ere Mentxu Medelen akademian ekin zion dantza ikasteari; ondoren, dantzari askok egin duten bezala, Madrilera abiatu zen bere teknika hobetzera. Datorren urtean dantza neoklasikoa jorratzen duen Holandako Netherlands Dance Theatre konpainiako hautaketa-probetan bere burua aurkezteko asmoa du.

Iratxe Ansa eta Ander Zabala

Herrialde ezberdinetan ikasitako dantzariak

Duela hilabete inguru, Vasos comunicantes dantza-ikuskizunaz gozatzeko aukera paregabea izan genuen Donostiako Kursaal auditorioan. Muntaia honetan hiru euskal dantzari aritu ziren: Iratxe Ansa, Monica Zamora eta Ander Zabala. Hirurak atzerriko dantza-konpainietan ikasitakoak dira, baina bakoitza toki ezberdinetan: Monica Zamora ordiziarra orain arte George Piper Dancesen aritu da, eta momentu hauetan free lance gisa dabil (bere kabuz, alegia). Iratxe Ansa donostiarra berriz, Nacho Duatok zuzentzen duen Espainiako Dantza Konpainia Nazionalean lau urtez ibili ostean, bere bigarren denboraldiari ekin dio Lyongo Opera Baletean; bere ametsa, hitz batez, Euskal Herrian dantza garaikideko koreografo bezala lan egitea da. Ander Zabala bilbotarra, azkenik, Maurice Bejart ezagunaren ikasle izan zen, eta Suitza, Cannes, Tours eta Birminghameko baletetan maila aparta erakutsi ondoren, egun Frankfurteko Baletean dabil. Alemaniako konpainia horretan beste bi dantzari euskaldun ari dira berarekin: Jone San Martin donostiarra eta Amancio Gonzalez portugaletetarra.

Dokumentuaren akzioak