Dokumentuaren akzioak
Diaspora Egun laburra izan da
Ormaiztegin ospatu dute aurten Euskal Diaspora Eguna. Ekitaldi instituzionala izan da, ordubeteeskas iraun duena. Zumalakarregi Museoan ekin diote egunari. Besteak beste, Bakartxo Tejeria Parlamentuko presidenteak, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak eta Jon Enrique Galarza Ormaiztegiko alkateak harrera egin diote Iñigo Urkullu lehendakariari museo sarreran eta Leopoldina Rosa: gaur egungo istorio bat erakusketa bisitatu dute jarraian Mikel Alberdi komisarioaren eta Lurdes Azpiazu koordinatzailearen eskutik.
Koronabirusa dela eta, ekitaldi apala eta azkarra izan da. Erakusketa ikusi ondoren, eliza atarian prest zegoen eremura abiatu dira agintariak. Hainbat herritar ere inguratu dira bertara. Ainhoa Garcia kazetariak gidatu du saioa eta Jon Enrique Galarza Ormaiztegiko alkateak hartu du aurreneko hitza: «Urteak daramatzagu migrazioen gaia lantzen, fenomeno konplexua izanik ikuspegi desberdinetatik heldu diogu», adierazi du Enriquek Zumalakarregi Museoko erakusketaren harira.
Dantza izan da ikusgai gero, herrialde desberdinetako dantzari euskaldunen bideoak proiektatzen zituzten bitartean, eta antzerkia ostean. Jose Maria Iparragirreren jaiotzaren 200. urteurrena dela eta, antzezlana eskaini dute Jose Kruz Gurrutxaga eta Miren Arrieta aktoreek, kantari urretxuarraren bizitza labur azaltzeko.
Iñigo Urkulluk hartu du hitza ekitaldiari amaiera emateko: «Herri migratzailea gara eta izaten jarraituko dugu». Gehitu du «aldi berean mundu osoko herritarrei harerra» egiten dietela eta Ormaiztegi horren adierazle dela: «Ormaiztegin 25 herrialde desberdinetako pertsonak bizi dira eta inklusioaren aldeko konpromisoa nagusitzen da».
Bideo bilketa
Irailaren 8an izan ohi da Euskal Diaspora Eguna. Aurtengoa hirugarrena izan da, eta Eusko Jaurlaritzak aste osora zabaldu du ospakizuna osasun egoera dela eta. Horrela, Euskal Diaspora Egun birtuala bultzatu du: dantza, antzerki edo bestelako ekintzak grabatu eta bideoa bidaltzeko eskatu die herrialde desberdinetako euskal herritarrei eta Euskal Etxeei.
Jasotzen dituzten bideoekin dokumentala egingo dute. Ikus-entzunezkoak bidaltzeko epea irailaren 13an amaituko da, datorren igandean, alegia.
Dokumentuaren akzioak