Dokumentuaren akzioak
dFERIAk arte eszenikoei hauspoa ematen jarraitu nahi du 20. urtez
‘Mugak’ lelopean, 26 antzerki eta dantza ikuskizun eszeneratuko dituzte hirian, martxoaren 10etik 13ra.
Mugak izango da aurtengo azokaren leloa. “Sorkuntzaren mugak amaigabeak dira”, aipatu du Txapartegik, horren inguruan. Belen Moneok egin du kartela, eta irudiarekin hirian hain nabarmena den lurraren eta itsasoaren arteko muga irudikatu nahi izan duela adierazi du.
Aipatu bezala, Viktoria Eugenia izango da azokaren muina, baina, Gazteszena, Antzoki Zaharra, 2016 hiriburutzaren Easo kaleko gunea, Lugaritz kultur etxea, Intxaurrondo kultur etxea, Viktoria Eugeniako Klub aretoa, eta lehen aldiz, Atano III.a pilotalekua ere, emanaldien lekuko izango dira.
Sarrerak lehenago erosita, deskontua
Euskal Herriko zein kanpoko taldeek erakutsiko dituzte euren obrak azokan, tartean, Mexiko, Uruguay, Danimarka, Espainia zein Frantziakoak. Hala, Parasite Kolektiboaren Hautsa, Ados Teatroaren El amor despues del amor, Bramant Teatreren Casa de muñecas, Titzina Teatreren Distancia siete minutos, Tanttakaren Zazpi aldiz elur eta Compañia Esther Estebanen Memorias de un olvido moduko lanak ikusteko aukera egongo da, besteak beste. Egitarau osoa kontsulta daiteke jada, eta sarrerak otsailaren 11tik 16a bitartean erosten dituenak, 6 eta 10 eurotan lortuko ditu, otsailaren 17tik otsailaren 28ra, 8 eta 15 eurotan, eta martxoaren 1tik 9ra, 10 eta 18 eurotan.
Azokatik igarotzen diren konpainiek euren lanak promozionatzen dituzte, izan ere, ikusleen artean hainbat tokitako programatzaileak egoten dira, eta ikuskizunak erosten dituzte beste ziklo batzuetarako. Viktoria Eugenia izango da dFERIAren gune nagusia, eta bertatik arte eszenikoen munduko 500 profesional inguru igaroko dira. Iaz, esaterako, 883 emanaldi saltzea lortu zuten partaideek, milioi bat euro inguruko irabaziak sortuz. Beraz, Txapartegik azaldutakoaren arabera, dFERIAren aurrekontua baino bost aldiz gehiago lortzen dute kontratazioen bidez. Edonola, guztien artean ideiak trukatu, sormena landu zein kultura zabaltzeko aukera izango dute.
Dokumentuaren akzioak