Dokumentuaren akzioak
Dferiak 30 ikuskizun eta opera bat aurkeztuko ditu
Antzerkiaren donostiar topagunea martxoaren 7tik 10era izango da, eta “elkarrizketa” kontzeptua izango du ardatz.
Dferia Donostiako antzerki azokak 31 ikuskizun eskainiko ditu hurrengo edizioan, martxoaren 7tik 10era. Antzerki eta dantza eskaintzen arteko oreka zainduko du aurten ere, aurkezpenean esan dutenez, eta opera bat programatuko du estreinakoz. “Quatro santos em três actos” izango da, eta lehenengoz ikusi ahalko da Estatuan, Donostiako emanaldian.
Opera berritzailea da, Virgil Thompsonek 1927an konposatutakoa, eta Teatro do Barrio portugaldar konpainiak eta Ar de Filmes ekoiztetxeak dakarte orain.
Martxoaren 7an paratuko dute lan hori Victoria Eugeniako agertoki gainean, eta toki horretan bertan aurkeztuko dituzte “Oskara” (Kukai Dantza Taldea, Marcos Morau eta La Veronal); “Foot-ball” (Gelabert eta Azzopardi Companyia de Dansa); eta “Aire” Fernando Bernuesek eta Patxi Barcok zuzendutako Emilio Aragonen ekoizpena.
Otsailaren 4an aurkeztuko dute azokaren programa osoa, baina berorren ardatza “Elkarrizketa” kontzeptua izango dela aurreratu dute gaur antzolatzaileek. Donostia 2016 Kultur Hiriburuaren filosofiarekin bat dator gaia.
“Oskara” antzinako eta gaur egungo euskal kulturaren inguruan eginiko ibilbidea da, eta martxoaren 8an taularatuko dute Dferian, antzerki horretantxe hilabete honetan estreinatu eta gutxira.
Kukai taldearen lan hau Mugalariak Donostia 2016ren proiektuari dagokio, sormen egonaldien eta koprodukzioen bidez Araba, Bizkai, Gipuzkoa, Nafarroa eta Iparraldeko antzokien eta antzerki taldeen arteko lankidetza sustatu nahi duen egitasmoari.
Martxoaren 9an, Victoria Eugeniak dantza hartuko du ostera ere; izan ere, “Foot-Ball” ikuskizuna jarriko dute ikusgai. Horretan, Cesc Gelaberten konpainiako dantzariek Bartzelona futbol taldearen jokaldirik onenak “dekodetzen” dituzte ikusleen aurrean.
Bestalde, Aragon familiak (Gabiren semeak, kasu honetan) antzerkia, musika, erritmoa, umorea eta klowna nahasten du “Aire”n. Madrilen estreinatu eta oso kritika onak jaso ditu lanak dagoeneko.
Norka Chiapuso Dferiako zuzendariak azaldu duenez, azokan, 12 eta 20 euro arteko prezioa izango dute sarrerek, baina zenbat eta lehenago erosi hainbat eta merkeagoak izango dira, jendea berorretara erakartzeko.
Dokumentuaren akzioak