Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka dFeria laburbiltzen

Dokumentuaren akzioak

dFeria laburbiltzen

Ez da erraza dFeriaren egunak laburbiltzea: faktore asko gurutzatzen dira bere baitan —batzuetan kontrajarriak, beste batzuetan elkarren osagarri—, eta zaila izaten da haien guztien arteko oreka aurkitzea. Hasteko eta behin, argi dago gure arte eszenikoen elkargune nagusia dela, eta horren adibide da euskal ekoizpenen pisua, emanaldien erdiak Euskal Herrian sortuak izan baitira. Ildo beretik, handia da kultur eragile askorengan pizten duen interesa, eta gainera, azken urteotan nabaria izaten ari da Iparraldeko ekoizpen gune nagusien presentzia.
Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Mota
Kritika
Data
2013/03/24
Lotura
Berria

Baina dFeriaren proiekzioa ez da gurean bakarrik geratzen. Gure inguru hurbiletik, Herrialde Katalanetatik eta Espainiatik, etortzen dira profesional gehienak, eta aspaldikoa da Latinoamerikari begirako proiekzioa. Aurten, besteak beste, Uruguai, Costa Rica eta Kolonbiaren parte hartzearekin gauzatu da. Horrek ezinbestean garamatza hurrengo faktorea aztertzera, kanpora begirako proiekzioak asko baldintzatzen baitu euskararen erabilera. Aurten, ordea, nolabaiteko bultzada jaso du euskarak: antzezlan batzuk ele bietan programatu dira, dantza emanaldi batzuetan nabarmena zen euskararen pisua —Naufragoak, Komunikazio/Inkomunikazioa...— eta lau albo-ekintzetatik hiru euskaraz, mamitsuak eta arrakastatsuak izan dira: Literatura eta memoria hitzaldia (Harkaitz Cano eta Mari Jose Olaziregi, Iñigo Astiz moderatzaile), Agurtzane Intxaurragak gidaturiko Ideiatik sorkuntzara mintegia eta Asier Zabaletaren tailerra. Pena da, ordea, Asierren NAN ikuskizuna gaztelaniaz eman izana, eta horren harira berriz galdetuko dut: hizkuntza arrotzetan datozen obrak azpitituluekin eman ahal badira, zergatik ez baliatu sistema bera euskararen doinua kanpotarrei erakusteko?

Programazioa bera aztertzen hasita, denetarik egon da aurtengo eskaintzan: muntaia handiak eta txikiak, estilo komertzialekoak eta esperimentalak..., haur-antzerkia eta dantza garaikidea ahaztu gabe. Kalitatea, ordea, beti zaindu behar da, eta alde horretatik, argi dago produktu batzuek ez dituztela bete sortutako esperoak —Zoomwooz, Bottom Paint eta Laboatik, nik ikusitakoen artean—, beren planteamendu edota egikera eskasa direla-eta. Bestetik, aurtengo edizioan izandako zortzi bat lan jada ikusiak nituen, eta orriotan komentatu ditut unean-unean —Hitzak, Naufragoak, Soinujolearen semea, Antigona oriental...—, baina esan beharra dago estreinaldi zaparrada izan dela dFeria honetan, euskarazko Terapiak-ena barne. Beste garai batekoa dirudien komedia honek ondo funtzionatu zuen, rol sexualen gaineko ikuspegi diskutigarria gorabehera, baina askoz hobeto funtzionatuko luke hizketaldien abiadura itzela ikusle arrunton neurrikoa izango balitz.

Erdarazko estreinaldien artean, Sergio Rubio egile eta zuzendari andaluziarraren Lo que ocurre dentro azpimarratuko dugu, zelatari zantar pare baten mundu zital eta lizuna gordintasun osoz erakusteagatik, eta baita ere dFeriaren azken emanaldia —Sexpearemente—, Espainia aldean gero eta makalago dabiltzan satira eta sormena barra-barra banatzeagatik.

Azkenik, dFerian izandako bi dantza lan aipatuko ditut: Igor Calonge donostiarraren Facil izenekoan, eremu enigmatiko batean agertzen dira bera eta Andrea Quintana, eta dentsitate handiko giroak sortzen dituzte, batzuetan butoh-tik hurbil dagoen mugimendu geldoarekin, beste batzuetan denboraren iragate soilari ausardia handiz eutsiz, eta uneoro gorputz malgutasun itzela eta barne energia trebeki kudeatuz. Daniel Abreuren Cabeza-n, aldiz, bidaia intimista bat egiten du koreografo espainiarrak bere barne unibertsoan zehar, estetika aratzeko eremu eszeniko batean kokatuta eta bere mugimendu kalitateaz esangura estrainioko sinfonia eder bat eraikiz.

dFeria azokak 7.243 ikusle bildu ditu aurten; iaz baino % 33 gehiago

Arte eszenikoen azokako arduradunek adierazi dute «poza» sentitzen dutela izan duen harrera ikusita

Odei Irigoien Aizpitarte Donostia

«Poza» sentitzen dutela esan dute Donostiako dFeria arte eszenikoen azokaren arduradunek; izan ere, 7.243 pertsona joan dira antolatutako ikuskizunetara, iaz baino %33 ikusle gehiago. 543 sarrera gehiago saldu dira aurten. Martxoaren 18an hasi zen jaialdia, eta joan den ostegunean bukatu zen. 27 ikuskizunen 31 emanaldi antolatu zituzten, eta horietan, batez beste, eserlekuen okupazioa %80 izan dela eman dute aditzera. Jarduera paraleloetan —mahai inguruak, ikastaroak, eta bestelakoak— 1.265 pertsonak hartu dute parte. Azken hiru urteetan zifrak bikoiztu egin dira, Donostiako Udaleko Kultura arduradun Nekane Txapartegiren arabera.

«Hemen aurkeztu diren ikuskizunek mundu zabalera bidaiatuko dute». Txapartegik gogora ekarri du azokaren helburua arte eszenikoak bultzatzea dela. Jakinarazi du 301 egiaztagiri eman dituztela kultur programatzaile, konpainia, kazetari, eta abarrentzat. Emanaldi bakoitzean «50 profesionaletik gora» egon direla zehaztu du Norka Chiapusok, dFeriaren zuzendariak. Hala, egindako inbertsioa hirukoiztea espero dute.

Chiapuso zuzendariak argibideak eman ditu ikuskizunek izango duten zabalkundeari buruz: «Poloniarekin proiektuak egiten hasi da 2016ko Kultur Hiriburutzaren bulegoa, eta Hego Amerikan sare berri bat sortzen ere bai». Costa Rican, Kolonbian, Brasilen eta Uruguain interesa agertu dutela gaineratu du. Beste urte batzuekin alderatuz, euskarazko obrak egotea «hobeto ulertu eta baloratu» dela uste du Chiapusok. Dantzaren presentzia orekatzea lortu dutela ere esan dute; emanaldien %41 izan dira dantza ikuskizunak.

Euskal Herriko konpainienak izan dira ikuskizunen %51, eta euskararen presentzia «handia eta nabarmena» izan dela esan du Txapartegik: «Gure apustuetako bat da bertako kultur industria babestea eta sustatzea».

Dokumentuaren akzioak