Dokumentuaren akzioak
dFeria egitea erabaki dute
Trantsizioko ekitaldia izango du aurten, eta hiru egunetan 12 obra programatuko ditu, Euskal Herrian ekoitziak guztiak . Aurrekontu txikiagoa izango du: 174.000 euro, eta ez lehen bezala 350.00o euro inguru
dFeria izenari Antzerkiaren eta dantzaren euskal hitzordua
leloa gehitu diote antolatzaileek, aurtengo ekitaldiari begira, eta,
guztira, hamabi emanaldi eskainiko ditu, guztiak Euskal Herrian
ekoitzitakoak, ekainaren bigarren erdialdeko hiru egunetan.
Jaialdia ez egitea erabaki zenean, krisi ekonomikoaz gain,
aurreko ekitaldietako ikusleen kopuru eskasa aipatu zen jaialdia bertan
behera uzteko arrazoien artean. Aurten, ikusleak erakarri nahian,
sarrerak nahiko merke jartzeko asmoa dute: bost eta hamar euro
bitartekoak helduentzat, eta hiru euro ingurukoak gazteentzat. Antzoki
Zaharrean, Lugaritz kultur etxean, Gazteszenan eta Viktoria Eugenia
antzokian izango dira emanaldiak.
Programazioa osatuko duten hamabi emanaldiak Norka Chiapuso
dFeriako zuzendaria buru izango duen batzorde batek hautatuko ditu.
dFeriaren iazko ekitaldiaz geroztik estreinatutako obrak izango dira,
eta baliteke dFerian estreinatutakorik ere izatea. Dantzaren eta
antzerkiaren arteko oreka egokia egon dadin nahi du batzordeak, Euskal
Herriko produkzio osoa kontuan hartuta. Aurrekontua murriztearen
ondorioz, konpainiek ordainsariaren %50 kobratuko dute.
Programatzaileen aldetik ere izango da murrizketarik. Gehienez
ere ehun programatzaile gonbidatuko ditu jaialdiak. Hautatutako
konpainia bakoitzak zein programatzaile gonbidatu nahi duen adieraziko
du, eta zerrenda horietan oinarrituta hautatuko dira, gehienez ere, 60
edo 70 programatzaile inguru. Gainerakoak, ehun osatu arte, dFeriak
hautatuko ditu. Gonbidapena jaso ez duten programatzaileei logistika
aldeko aholkuak eta ikuskizunetarako sarrerak emango zaizkie.
Salmentetan baldintza bereziak eskaintzea eskatu diete antolatzaileek konpainiei, zehazki, %10eko deskontua egitea.
«Haiekin egin ditugun bileretan, sektoreko ordezkariek esan
digute azokak jarraitu beharreko ereduaz gogoeta egin beharra dagoela
etorkizunari begira, baina gogoeta hori oinez egin behar dugula,
ibiliz, eta 2010eko ekitaldia bertan behera utzi gabe», azaldu du Denis
Itxaso Donostiako Kultura eta Gazteria zinegotziak. «Gainera, argudiatu
dute, arrazoi osoz, justu krisi garaietan egin behar dela ahalegin
handiena sektorea mantentzearren».
Laguntza behar duen sektorea
Antzerkia eta dantzarena «sektore hauskorra da, ahula»,
Itxasoren ustez, «eta garai hauetan azoka ez antolatzeak sektorea
babesik gabe utziko zukeen. Zergatik? Azokaren xede nagusia antzerki
eta dantza konpainiek egindako lana erakustea delako, gero saldu eta
programadoreen bitartez zabaltzeko. Azokarik gabe, horretarako oso
baliagarria den tresna bat galduko zatekeen».
2011ko ekitaldiak beste bide bat hartu beharko duela uste du
Itxasok: «sektorearekin ahalik eta gehien adostutako arauekin eta
nortasunarekin». Horregatik, sektoreko ordezkariekin biltzen
jarraitzeko asmoa dute Donostia Kulturako ordezkariek.
Gogoeta horiek egiteko lagungarri izango delakoan, azoka
amaitzen denean egindako salmenten kopurua ematea eskatuko diete
antolatzaileek dFerian programatutako konpainiei.
Ahalegina eskertu dute sektoreko ordezkariek
Ondorengo ekitaldietan dFeriak berriro ere Euskal Herritik kanpoko obrei lekua egitearen alde daude
Antzerkiaren eta dantzaren sektoreko ordezkariekin batera egin zuten atzo 2010eko dFeriaren aurkezpena Denis Itxasok eta Norka Chiapusok. Zailtasunei aurre eginik azkenean azoka egingo delako, esker ona agertu zieten profesionalek Donostia Kulturako ordezkariei eta erakundeei.«Niri oso gaizki iruditu zitzaidan dFeria bertan behera uztea, eta, beharbada, are okerrago erabaki hori guri kontsultatu gabe hartzea eta guk albistea prentsa irakurriz jasotzea», azaldu zuen Ana Remiro Dantzako Profesionalen Elkarteko ordezkariak. «Baina hasierako une gogor hori gaindituta, uste dut balio handikoa dela dFeriaren arduradun guztiek gure eskariak bideratzeko erakundeen aurrean egin duten lana».
Remirok uste du aurrera begira dFeriak ez duela berriro ere «lokalista» izan behar, hau da, ez dituela soilik Euskal Herrian ekoitzitako lanak eskaini behar, eta prest dago ideia hori defenditzeko erakundeetako ordezkariek eta sektoreko profesionalek dFeriaren etorkizunaz gogoeta egiteko egingo dituzten bileretan. «Endogamikoa eta arriskutsua da hori, eta ez dator bat kulturaren bokazioarekin, kultura bidaiaria eta mugez gaindikoa baita berez».
Sektorea «guztiz batua» ikusi duela nabarmendu zuen Xabier Agirre Txalo Produkzioak konpainiako ordezkariak. «Une zaila da, baina denok oso garbi geneukan dFeriak garrantzi handia duela. Eskertzekoa da Donostia Kulturak egin duen ahalegina, eta gu ere prest gaude geure aldetik geurea jartzeko, ordainsariak murriztuz eta azokan gure lanak baldintza berezietan salduz».
Dokumentuaren akzioak