Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka DFeria azokak hamazazpi estreinaldi ekarriko ditu Donostiako antzokietara

Dokumentuaren akzioak

DFeria azokak hamazazpi estreinaldi ekarriko ditu Donostiako antzokietara

Guztira 31 ikuskizun izango dira martxoaren 18tik 21era bitartean, horien proiekzioa bultzatzeko

Aurten DFeria antzerki azokan 31 emanaldi izango dira eta 27 konpainia ariko dira Donostiako hainbat antzokitan. Emanaldien erdiak, gutxi gorabehera, Euskal Herriko konpainienak dira; Dantzaz konpainia, Vaiven eta La Pavana, Spasmo Teatro eta Hika Teatroa konpainiak euskarazko lanak aurkeztuko dituzte. Hamalau antzerki obra, 11 dantza emanaldi eta hainbat diziplina uztartzen dituzten beste bi ikuskizun izango dira aurtengo dFerian. Horietariko hamazazpi lehendabiziko aldiz estreinatuko dira Euskal Herrian. Martxoaren 18tik 21era arte izango dira guztiak.
Egilea
Odei Irigoien Aizpitarte
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2013/02/12
Lotura
Berria

Oholtza gaineko ikuskizunek Euskal Herrian zein nazioartean ezagutzera ematea da dFeria jaialdiaren helburuetariko bat, Norka Chiapuso zuzendariaren berbetan. Chiapusok jakinarazi du hirurehun profesional baino gehiagoren eta egundik gora ikuskizun programatzaileren topagunea izango dela aurtengoa. Joan den urteko zifrak ere eman ditu: 2012ko dFeria egin eta sei hilabetera, parte hartu zuten taldeek 190 emanaldi hitzartuta zeuzkaten, eta beste 63 ere hitzartzeko bidean ziren.

Konpainiei emanaldiak hitzartzen laguntzeaz gain, herritarrei ere gerturatu nahi dizkie oholtza gaineko obrak, dFeriako zuzendariaren arabera. Horregatik, hilaren 17ra arte, 5 euroan eros daitezke emanaldi guztietarako sarrerak. Gero, garestituz joango dira. Eskaintza hori ikuskizunak herritar guztien eskura jartzeko baliatu nahi dutela nabarmendu du Chiapusok.

1. Euskarazko obrak

Martxoaren 17an, Hika Teatroak Hitzak obra taularatuko du, Antzoki Zaharrean. Hurrengo egunean, gaztelaniazko estreinaldia egingo dute, leku berean. Spasmo Teatro taldeak e-Book obra emango du martxoaren 18an; haurrentzako ikuskizun horretarako, Gaztela eta Leongo konpainiak obrako ahotsa euskaratu du, guztia off-ean da eta; euskarazko estreinaldia izango da, Lugaritz kultur etxean. Dantzaz konpainia Zurriola hondartzan izango da martxoaren 19an, Naufragoak obra eskaintzeko; lur ezezagun batera iristen diren naufragoek dantza emanaldi bat egingo dute; Joseba Sarrionandiaren testuetan oinarrituta Mikel Laboak, Kortatuk, Jabier Muguruzak eta Ken Zazpik eginiko abestiekin osatutako lan bat da. Vaiven eta La Pavana konpainiek elkarrekin ekoitzitako Terapiak komedia eskainiko dute martxoaren 20an, Antzoki Zaharrean.

2. Dantzak

Complot konpainia Viktoria Eugenian izango da martxoaren 18an, Autopsia ikuskizuna eskaintzeko. Zazpi koreografok hamar minutuko beste horrenbeste saiotan mugimendua ikertzen dute. Egoera politiko eta sozial anitzetatik datoz, eta hori islatu nahi dute, gorputza hizkuntza tresna moduan ulertuta.

Nerea Martinez eta Laura Cobo dantzariek eurek egindako koreografia bat taularatuko dute martxoaren 18an, Gazteszenan. Aquí y ahora izeneko dantza saioa estreinatuko dute. Horrekin batera, Losdedae taldeak Return saioa estreinatuko du Euskal Herrian. Ikuskizun horretan, hitza eta dantza plano berean jarriko dituzte Marta Eturak eta Chevi Muradayk. Ertza taldeak N.A.N. ikuskizuna egingo du hurrengo egunean, leku berean. Dantza garaikidea testuekin, bideoarekin eta zuzeneko musikarekin elkartzen da obran. Herria kontzeptuari heltzen diote, baina nazionalitate eta nortasunaren mugetatik haratago joanez.

3. Performanceak

Botton Paint ikuskizuna ekarriko du Pi Piquerrek Viktoria Eugenia klubera martxoaren 19an. Rafael Argullolen El fin del mundo como obra de arte liburuan oinarrituta, ideia baten taularatze plastikoa dakar lan horrek. Margolana sortu egiten du Piquerrek, eta horren historia kontatu, suntsitzen den arte, pinturaren muturrerainoko bidaia moduan.

Laboatik Jesus Rubiok zuzendutako obra da diziplinartekotasuna jorratzen duen beste bat. Burua estalita eta zuriz jantzitako bi pertsona agertzen dira taula gainean, eta Mikel Laboaren musika eta gaiei helduz, inkomunikazioa, identitatea, hizkuntza, hezkuntza eta haurtzaroa ehuntzen dituzte. Lehendabiziko aldiz taularatuko da Europan.

4. Diktadurei buruzkoak

Aurtengorako, diktadura militarretan kokaturiko bi antzezlan ekarri dituzte. Y mi voz quemadura Alberto de Cassok idatzitako obra emango du Serendipia Teatro konpainiak martxoaren 19an, Intxaurrondoko kultur elkartean. Autorearen berbetan, «lan hori herrialde erreal batean gertatzen da; herrialde krudelegia, irudikaturikoa izateko». Obrak aktorea den neska baten istorioa kontatzen du, torturatu eta bahitu egiten dutena.

Gai bera jorratzen duen beste obra nabarmen bat Antígona oriental da. Parte hartzen duen koruko abeslari guztiak Uruguain diktadura garaian arrazoi politikoengatik espetxeratu edo erbesteratu zituzten. Antzezlan horrek Uruguairen historia modernoaren zati bat kontatzen du, 1973tik 1985era arte iraun zuen diktaduraren garaikoa.

5. Bestelako jarduerak

Aurtengo dFerian antzerki eta dantzaren sorkuntzari buruzko mintegiak izango dira, martxoaren 15ean eta 16an hurrenez hurren. Mahai inguru bat ere izango da, Harkaitz Cano eta Mari Jose Olaziregirekin. Suntsipenetik sorkuntzarako bideaz ariko dira. Iñigo Astiz BERRIAko kazetaria eta poeta ariko da moderatzaile lanetan.

Spasmo Teatroren e-Book obrako eszena bat. / BERRIA


Hainbat antolatzaile eta arduradun, kartelarekin. / JUAN CARLOS RUIZ / ARP

Dokumentuaren akzioak