Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Denek gaizki pasatuko genuke zortzikoa jo eta ezin dantzatuta»

Dokumentuaren akzioak

«Denek gaizki pasatuko genuke zortzikoa jo eta ezin dantzatuta»

Irakaslea eta abeslaria da Onsalo, eta musika beti du erdigunean. Erromeria taldea izanik, egoerara moldatu behar izan dute, baina ez da hain txarra izan 2020a: «Urtea gazi hasi zen, baina goxo akitu da».
Egilea
Iker Tubia
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2021/01/23
Lotura
Berria
JAGOBA MANTEROLA / FOKU

Bestarik gabe, kontzerturik ez. Trikidantz erromeria taldearentzat ezohiko urtea izan da, udan bi kontzertu baizik ez dutelako eman, baina disko bat kaleratu dutelako ere bai: Bizitzaz goxatu. Plazak dantzan paratzen zituzten; orain, diskoaren aurkezpena maskararekin eta jarrita gozatu du publikoak. Leire Onsalo (Elizondo, Nafarroa, 1997) taldeko kidea baikor mintzo da, hala ere.

Erromeria taldeak gehiago ibiltzen dira oholtzan estudioan baino. Nolatan atera duzue diskoa?

Aurretik disko bat bazuen Trikidantzek. Egia da guretako ohikoena dela bertsioak egin eta jendea dantzan paratzea. Baina, plazaz plaza joan, eta galdetzen ziguten ea ez genuen diskorik. Horrek animatu gintuen. Eta egin izan ditugu kantak: Uharteko Gazte Asanbladarentzat, Baztandarren Biltzarrerako...

Zer moduz joan da grabazioa?

Esperientzia arras ona, baina, aldi berean, gogorra. 2020 hasmentan, uste genuen sekulako urtea izanen zela: kontzertu pila bat, diskoa... Baina martxoan dena gelditu zen kolokan. Konfinamenduan, Inkisizio berriak kanta atera genuen, eta, erantzuna ikusita, erabaki genuen estudioan sartzea. Urtea gazi hasi zen, baina goxo akitu da. Kontzertu batzuk emateko aukera ere izan dugu; beraz, urte polita izan da.

Bertsolarien hitzei musika alaia paratu diezue. Estiloari eutsiz?

Gure sena mantendu nahi genuen: erromeria talde bat gara; gure helburua da musikaren bidez jendeak gozatzea, dantzatzea, kantatzea...

Baztani eta euskarari lotutako kantak ere ageri dira. Horiek dira zuen bereizgarriak?

Nafarroan mugitzen gara gehienbat, eta gure helburu nagusietako bat da euskara zabaltzea. Diskoan ere helburu hori argi utzi nahi genuen; adibidez, Eman eta egin kantan. Gero, badago 2014ko uholdeen kanta. Anitz ukitu gintuen horrek. Diskoa aukera aproposa izan da aspaldiko kanta hori ateratzeko.

Pandemia aurreko urteetan zenbat emanaldi izaten zenituzten?

60-65. 2020an, udan bi, eta diskoa kaleratuta, bortz-sei. Zortea izan dugu suertatu zaizkigula aukera horiek, baina badaude taldeak, eta batez ere erromeria taldeak, oholtzara ez direla igo 2019tik ez delako bestarik izan.

Imajinatu zenuten inoiz kontzerturik plazan inork dantzatu gabe?

Ez zaigu inoiz burutik pasatu, eta oraindik anitz kostatzen zaigu. Hasieran gogorra egiten zitzaigun, ohituta gaudelako hurbiltasunera, eta urrun daude. Hala ere, nahiago dugu jendea musukoarekin eta jarrita ikusi, ezen ez ikusi gabe.

 

 

Kontzertuak moldatu dituzue?

Errepertorio aldetik bai: ezinezkoa da plazako kanta horiek jarrita dagoen ikusleari eskaintzea. Denek gaizki pasatuko genuke zortzikoa jo eta ezin dantzatuta. Orain diskoaren aurkezpenaz gain, bertsioren bat jotzen dugu, egoerara egokituz.

Erromeria talde gisa, bertsioak defendatzea dagokizue?

Bai, azkenean urte anitzez gure oinarria izan dira. Bertsioak jotzen, izaten ahal duzu maila bat. Gero sorkuntzak, proiektu hau egiteak, bazuen indarra guregan. Bertsioak ez ditugu alde batera utziko, erromeria talde bat baikara, eta jendeak ezagutzen dituen kantak nahi ditu.

Bizitzaz goxatu diskoan, bada kanta tristerik. Bizitza halakoa baita?

Badaude gauza tristeak, baina saiatu gara era positiboan enfokatzen. Hutsunea kanta Jon Barberena bertsolariari eskainia da. Guk hartu dugu harentzat, guretzako letrak ere idatzi zituelako, eta baita gure inguruko heriotzentzat ere.

Heriotzari buruz egin zenuen Irakasletza graduaren bukaerako lana. Musikak zer du eskaintzeko hor?

Musika izaten ahal da heriotza bat gainditzeko giltza. Ikusi nuen nola hezkuntzak ez zion erantzun ondoan nuen ume txiki bati, eta zein gaizki pasatu zuen. Aztertutakoa martxan jarri nuen praktiketan, eta ikusi nuen musikak emozioak azaleratzen laguntzen digula. Gabezia izan zuten umeei husten lagundu zien musikak, eta, azkenean, lehen pauso bat gainditzen, onarpena eman behar delako lehenengo.

Baztan ikastolako irakasle zara. Zure lanean musikak zer toki du?

Handia. Edonoiz, aproposa bada, musika paratzen diet. Anitzetan beraiei uzten diet aukeratzen, adierazi dezaketelako nola sentitzen diren ezen ez hitzez.

Ostatuan kantatzea maite duzu?

Bertze batzuk kanta zaharrekin hasten badira, dudarik gabe segituko dut. Garai okerrean sortu nintzen. Kantu zaharrak badira gure euskal jatorria ezagutzeko manera, ondare kulturala, mantentzekoa. Zoritxarrez, gaztetxoek ez dute euskal musika hainbertze entzuten.

Trikidantzek lagundu dezake euskal kantak zabaltzen?

Bai, gure musikaren %90 euskaraz da. Euskal musikaren abaniko zabal bat hurbiltzeko modua da.

Dokumentuaren akzioak