Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Denboraren morrontza

Dokumentuaren akzioak

Denboraren morrontza

Egilea
Agus Perez
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Kritika
Data
2024/09/11
Lotura
Berria

'tumulte'

Konpainia: Vilcanota. Koreografia eta interpretazioa: Bruno Pradet. Kantua eta musika: Marion Dhombres (sopranoa), Mathieu Jedrazak (kontratenorra eta biolin altua), Frederic Joiselle (ahotsa eta gitarra), Franck Tilmant (ahotsa eta baxua). Soinu manipulazioa: Joann Sanson. Argiak: Vincent Toppino. Jantziak: Laurence Alquier. Lekua: Miarritzeko Kasinoa. Eguna: Irailaren 9a.

Okzitaniako Vilcanota konpainiaren TumulTe lana izango da segur aski aurtengo Dantza Maitaldiaren lanik onena. Hasiera batean, ilunetik agertu dira isiltasunean eta lerro frontala eginez konpainiako zortzi partaide, bederatzigarrena atzean eta altuera batean zegoela. Hortik hasi dira kanon konplexu bat a capella abesten, eta house estiloko musika ahotsei gehitu zaienean jauzi txikiekin joan dira sakabanatzen, atrilekin V bat eginez haien atzean.

Oro har, atriletan jarritako foku txikiek argiztatu dute eszena, baina gero argi zenital baten pean elkartu dira dantzariak eta, une batzuetan, atzean jarritako lerro bikoitzeko zutabetik ere piztu dira giro intimista eta atsegina sortu duten bonbilla suabeak. Ikusten denez, nahikoa luzatu naiz argiaren deskribapenean, argia izan delako emanaldi osoaren protagonista diskretua. Diskretua, zinez, edozein efektismotik urrun, baina ezinbestekoa aldi berean, proposamenaren xede poetikoari babes emozionala emateko.

Lehen esandako house estiloari perkusio dotore baina erabakigarria gehitu zaio beranduago, eta hor agertu da dantzaria zirudien soprano baten ahotsa, aria eder batekin emanaldiaren maila igoaraziz. Kontratenor baten ahots miresgarriak ere egin dio bere ekarpena proposamenari —biolin altua ere jotzen zuen birtuosismo handiz—, eta gitarra eta baxua hasi dira une batetik aurrera musikaren laguntzaile izaten, bai hariz eta bai ahotsez.

Berriro diot: ikusten denez, nahikotxo luzatu naiz musikaren deskribapenean ere, musika izan delako emanaldiaren ildo nagusia. Duela gutxi ikusitako Käfig konpainiaren Folia izeneko piezan bezala, musika ez da dantzaren laguntzaile soila izan, eta bi arteek —gehi argiak— elkarrekin topo egitearen ondorioz sortu da printzipioz dantza emanaldi soila zena.

Eta koreografiari buruz, zer? Ez dugu hura ere aipatu behar izango? Egiari zor, esan genezake bigarren plano batean geratu dela. Baina oker ibiliko ginateke, hautu kontziente horren bidez hartu duelako dantzak bere benetako dentsitatea, ustez sublimea baina egiatan hutsala dena saihestuz, pauso ikusgarriei eta teknika erakustaldiei uko eginez eta bere burua gorputzen desplazamendu lasai eta poetikoetan zentratuz.

Gauzak horrela, beste dimentsio bat hartu du dantzaren arteak, eta ordubetez horretan ibili gara, mundu honetatik kanpo eta zenbait irudi onirikoz gozatuz. Azkenean, bukaera hurbil zegoelarik, anabasa pasarte bat eta amaierako apoteosia etorri dira ideia koreografikoen eztanda betean, eta geroko a capella gozo batekin denboraren morrontzari ihes egin izanaren plazera eraman dugu gure bihotzetan.

Dokumentuaren akzioak