Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Denboraren metafora fisiko eta mugitua

Dokumentuaren akzioak

Denboraren metafora fisiko eta mugitua

Borja Ramosen musika elektroakustikoak jantziko ditu dantzarien pausoak

Egilea
Ivan Santamaria
Komunikabidea
Euskaldunon Egunkaria
Tokia
Gasteiz
Mota
Albistea
Data
2002/04/04

Idoia Zabaleta, Jorge Jauregi eta German Jauregi dantzariek indarrak bildu dituzte proiektu batean, eta bihar izango dute jendaurrean estreinatzeko aukera, Gasteizko Hegoalde gizarte etxeko antzerki aretoan. El rato de Jose izena eman diote sortzaileek ikuskizunari, eta bihar zein etzi arratsaldeko 20:00etatik aitzina ikusi ahalko da.

Lanaren oinarrian denborari buruzko gogoeta orokorra dago. Iraganak, orainak eta etorkizunak gizakiari sortzen dizkion kezkak eta zalantzak dantza garaikidearen hizkuntzan metatzen saiatu dira. Idoia Zabaletarentzat zaila da ikuskizuna definitzea, oholtza baten gainean ordezkatu baino lehen. «Teoriaren alorrean, izateko eta egoteko ahalegin bat dela esan dezakegu», azaldu du koreografoak. Estetikari dagokionez, hiru dira El rato de Jose-ren elementu nagusiak: izerdia, larrua eta arnasketa.

Ikuskizuna «oso fisikoa» dela narbarmendu du Natalia Monge produktoreak. Dantza garaikideak izan ditzakeen espresio guztietatik ia muturreraino heltzen da. «Formaltasun orotik erabat urrun dago», gehitu du.

Ordubeteko iraupena izango du emanaldiak. Eszenak egon badaude; ez, ordea, zatiketa bat adierazteko. «Ez dago alderik mugimenduan, musikan edo argietan. Jarraikortasun handiko lana da», zehaztu du Mongek. Ez dago inolako historiarik edo gidoirik: «Dena da fisikoa eta mugimendua. Lan handia egin da arnasketarekin, pultsu baten antza du».

Elementu lagungarri gutxi baina adierazgarriak ditu El rato de Josek. Musika jorratzeaz Borja Ramos arduradu da. Soinu elektroakustiekoekin jantzi ditu dantzarien mugimenduak. Horietako batzuk aurrez grabatu baditu ere, nahasketak eta musika tresnaren bat zuzenean lantzen ditu. Emanaldiaren atal batean, gainera, Marian Gerrikabeitiaren laguntza du gitarrarekin eta ahotsarekin.

Ikus-entzunezkoak

Ikuskizun «biluzia» da El rato de Jose, Natalia Mongek argitu duenez. Ez dira jantzi edo argi deigarriak bilatu. Eszenatokia bera ere elementu gehigarri guztiak kendu eta biluztu dute, benetako arreta dantzaldiak berak eskuratzeko. Musika eta dantzarien mugimenduetatik haratago, lagungarri bakarra dago: Isabel de Naveran bilbotarrak sortu dituen proiekzioak.

Idoia Zabaletaren aburuz, «taldeka eginiko lanik onena» izan da. Izan ere, talde guztia ezaguna bazen ere, oraingoan izan dute batera lan egiteko beta. Bi hilabetez prozesua garatu ondotik sortu da El rato de Jose. «Entseguak Traspasos eta Bilboko Muelle 3 eraikinetan egin ditugu. Horretan, bazen gure ordutegi bera zuen atezain bat, Jose izenekoa, eta hari zor diogu izenburua», azaldu du produktoreak.

Hiru dantzariek dagoeneko eskarmentu zabala dute. Idoia Zabaleta, esaterako, Parisko Saint Dennis eremuko dantza jaialdirako hautatu dute, La puta inocencia ikuskizunarekin. Han, gainera, Borja Ramos eta Isabel de Naveranekin aritu zen lanean. German Jauregi, berriz, Wim Vandekeybus Holandako koreografo ezagunaren konpainian dabil 1999tik. Gazteenak, Jorge Jauregik, Maskarada taldearekin edo Damian Muñozekin lan egin du.

Gasteizko estreinaldiaren ondotik, taldeak Bilboko la Fundicionen egingo ditu datozen emanaldiak.

Dantza emanaldia
Izenburua: ‘El rato de Jose’
Dantzariak: Idoia Zabaleta, German Jauregi eta Jorge Jauregi.
Musika: Borja Ramos eta Marian Gerrikagoitia (ahotsa)
Emanaldiak: Apirilaren 5ean eta 6an, Hegoalde gizarte etxeko aretoan (Gasteiz), 20:00etan.

estetika
Estetikaren ikuspuntutik emanaldia izerdiak, larruak eta arnasketak ezaugarritzen dutela uste du Idoia Zabaletak

Dokumentuaren akzioak