Dokumentuaren akzioak
Denak dantza zitezkeela dio Elbeteko Besta Batzordeak
Plazara Dantzara taldeak salatu du batzordeak ez dituela gaitzetsi joan den astean emakumeek jasan zituzten irainak
Elbeteko (Nafarroa) bestetan egiten dituzten mutil dantza horietan emakumeek ezin dutela parte hartu salatzeko asmoz, joan den ostiralean dantzara hainbat lagun sartu ziren. Dantzara sartu ziren emakumeek «txistu eta oihu» artean hartu zituztela adierazi zuten. Plazara Dantzara herri ekinbideak azaldu du taldekoa ez zen gizon bat sartu zela lehenengo, eta ez zela ezer gertatu, hala ere dantzan «lasai segitu» zutela. Eta emakumeak sartu zirenean, aldiz, dantzariek alde egin zutela. Herri ekinbideko kideek esan dute «harriturik eta kezkaturik» daudela Elbeteko Besta Batzordeak eta Elbeteko Herriak ezer esan ez dutelako emakumeek jasan behar izan zituzten irain, mehatxu eta eraso fisikoei buruz. Eta gaineratu dute Baztango Mutil Dantzaren gaineko interpretazioa berresten dutela, «talde baztertzailea» dela, eta «espazio publikoaren erabilera partikular eta pribatiboa» egiten dutela, «neskek parte hartzea saihesteko helburu garbiarekin».
Bestalde, besta batzordeak salatu du festen aurreko egunetan Plazara Dantzara taldearen «presioak» eta telefono deiak «jasan behar» izan zituztela. Herri ekinbideak erantzun dio «inoiz eta inongo modutan» ez dituztela «presionatu», eta ziurtatu dute deiak «informazioa eskatzeko eta galdetzeko» egin zituztela. Gaineratu dute gaur egun norbaitek presioa jasaten badu «horiek plazetan libre dantzatu nahi duten emakumeak» direla, «zalantzarik gabe».
Elizondoko mutil dantza, artxiboko irudi batean. / JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak