Dokumentuaren akzioak
Dena prest Erromeria Egunerako
Aurtengoarekin hirugarren aldia izango du Ereintza taldeak Errenterian egiten duen dantzaldiak
Azken bi urteetan egin den bezala, Errenteriako Erromeria Eguneko egitaraua aurkeztu du bertako Ereintza dantza taldeak. Jaialdi honen helburua argia da: herri dantzei eta erromeria giroari bultzada bat ematea. Eta hau guztia asmo hutsean gera ez dadin, ekintza ugari antolatu dira egun horretarako, uztailaren 14rako, hain zuzen.
Ekitaldi hau duela hiru urte hasi zen, Ereintza dantza taldeak urtero antolatzen duen Gipuzkoako dantza solte txapelketaren urtemugan. Eta hasiera batean urtez urteko konpromiso gisa baino plantea ezin zitekeena, apurka-apurka sendotuz joan da, eta hala, hirugarren aldi honek egitasmoari jarraibidea emango dio. Hitzordua, beraz, finkoa izango da hemendik aurrera.
Ospakizunaren xedea ez da aldatu, lehen urteko bera da: jaialdi hau, batez ere, herri eta plaza dantzei aupada bat emateko sortu zen, baita erromeria giroa indartzeko ere. Asmo hauek besapean dituela aurkeztu zuen Ereintza dantza taldeak, hizlari nagusi lanak Jon Maya taldekideak eginez, aurtengo programa.
Antolatzaileen ustez, euskal dantzaren oinarriak plazan bertan egon arren, ez du zertan eremu horretara mugatu, zabalkundea onuragarri zaio. Gisa honetara, ´ahalegin horretan zerbait garrantzitsua egin zitekeela pentsatu zen, eta beste jende askok egin dituen saialdien artean Erromeria Eguna bat gehiago izango litzatekeª.
Erein beharreko hazia
Dena den, asko gustatuko litzaieke Errenteriaz gain beste euskal herri gehiagotan ere ekimen bera sustatzea, ikusi baita jendeak harrera ona egiten diela molde horretako ekintzei. Ez da gutxiagorako. Uztailaren 14rako aurreikusitako egitarauan ez dago gorputza astintzeari uzteko aitzakiarik. Dantzaldiei doinua jarriko dieten musikariak, era berean, ez dira nolanahikoak: horien artean izango dira, besteak beste, Tapia eta Leturia edota Etzakit taldeak. Ezin muzin egin honelako gonbita bati, deia zeharo irekia baita: ´Egun horretan dantzariek egingo dute topo Errenterian, eta, dantzari izan edo ez, festa-gogoa duten hainbatekª, esan zuen Mayak. Hauxe azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek, 2001eko Erromeria Eguneko festarako deia dantzazale, festazale eta euskaltzale orori eginda. ´Erromeria-giroan ez dago alderik: batzuk ondo arituko dira, beste batzuk ez hainbeste, baina horrek ez du garrantzirikª. Horrela bada, arte honetan trebe ez denak ere benetan iaio direnekin nahasian dantza egin ahalko du. Izan ere, bi oholtza ofizial baino ez izendatu arren, Errenteria osoa bilakatuko da dantzaleku erraldoi.
Egitarauari erreparatuz gero, izen ezagun askoak daude bertan: Ibon Koteron eta Juan Mari Beltran.
ëZatoz dantzara plazaraí
Hiru urteko bizia du jaialdiak. Horrek ez du eragotzi, ordea, milaka pertsona erakartzen dituen ekitaldiak lelo propioa izatea: Zatoz dantzara plazara lelopean batuko dira hainbat euskaltzale. Lehenagotik iragarritakoaz gain, bada uko egitea zaila egingo zaigun pizgarririk: herri bazkaria. Udal kiroldegian izango den otorduari 14:30ean emango zaio hasiera, eta hauxe izango da menua: onddo-krema urdaiazpiko-txirbilekin eta ogi frijituekin, legatza euskal erara, arroz-esnea, kafea, kopa eta ardoa.
Egitasmo hau guztia ez zen posible izango, bestalde, hainbat erakunde publiko zein pribatu eta, bereziki, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren laguntza gabe, berau baita sustatzaile nagusia.
deialdi irekia
Erromeria Eguneko antolatzaileek dantzazale, festazale eta euskaltzale orori luzatu diete festarako deia.
Dokumentuaren akzioak