Dokumentuaren akzioak
Dena prest, Erraldoien I. Topaketarako
Erraldoiak herriko kaleetan zehar ikustea beti da zirraragarria, batez ere, umeentzat. Zapatuan [urriak 5], herriko erraldoiak ez ezik, beste lau herritako erraldoiak ibiliko dira Markina-Xemeinen zehar. Izan ere, Markina-Xemeingo Erraldoien konpartsak Erraldoien I. Topaketa antolatu du herrian. Hori horrela, 100 parte hartzailetik gora elkartuko dira herrian, eta tartean izango dira, Markina-Xemeingo erraldoiez gain, Lekeitioko, Debako, Elgoibarko eta Bergarako erraldoiak ere.
11:00etan emango diote hasiera egunari, erraldoien silueta eskulanaren tailerragaz, Uhagonen. Azaldu dutenez, ordu bete inguruko tailerra izango da, eta nahi dutenek parte hartu dezakete. Duela hiru urte Barinagan egin zuten tailer berdina izango da: “Erraldoien siluetak inprimatuta eroango ditugu, aurretik eta atzetik. Margoekin, artaziekin eta kolarekin eurek margotu eta moztu egingo dituzte siluetak, eta medikuen makiltxoak erabiliko ditugu lotu eta txotxongilo moduan erabiltzeko”.
Tailerragaz amaitu eta gelditzeko astirik barik, kalejiragaz hasiko dira. Herrigune guztia zeharkatuko du ibilbideak, eta toki batzuetan dantzak ere egingo dituzte; ibilbidea luzea denez, dantzetako bakoitzean talde batek parte hartuko du. Hala, Uhagonen hasi eta Xemeingo elizarantz joango dira; handik San Roke egoitzara joan, eta Tate ingurua pasata, Artibai kaletik udal arraindegirantz joango dira. Han egingo dute lehenengo dantza, eta baita 10 minutuko geldialdia ere. Handik egurren parkerantz joango dira, eta bigarren dantzaren txanda izango da. Ostean, Beheko Mojen plazara joan, eta Babbelen atzekaldera heltzeagaz batera hirugarren dantza egingo dute. Kalejiragaz amaitzeko, Osteko kalea zeharkatu eta Okerra kaletik Goiko portalera joango dira, dantzan egin eta Zelaian aurkezpenak egiteko.
Markina-Xemeingo erraldoi guztiak aterako dira kalejirara, bai handiak eta baita txikienak ere.
Kalejira eta dantzen ostean, 14:00etan, erraldoi txikien erakusketa ikusteko aukera egongo da: “Arrasatetik Rober eta Oier aita-semeak etorriko dira. Oierrek Arrasateko konpartsan egiten du dantzan, eta erraldoien 250 panpinatik gora dituzte. Erakusketa moduan ipiniko dituzte Uhagonen”. Toki eta une berean Erraldoiak liburua erosteko aukera ere egongo da. Hala, parte hartzaileek kopautxoagaz amaituko dute eguna.
Antolatzaileek ohartarazi dute eguraldiaren arabera, kalejiraren osteko aurkezpenak Goiko portalean edo Zelaian egingo dituztela. Hala, goizeko ekitaldiagaz amaitzeko dantzak eskainiko dituzte, eta Uhagonera itzuliko dira. Era berean, goizean euria egingo balu, dena frontoi txikian egingo dute, eta dantzak 11:30ean hasiko dira, Uni Frontoian.
Afizio “handia”. Hamar dira gaur egun Markina-Xemeingo erraldoiak dantzan ipintzen dituztenak, eta horiez gain, beste hainbat laguntzaile ere taldearen parte dira. Hori horrela, zapatuan herriko erraldoi denak aterako dituzte kaleetara. Elorrio, Kontxita, Peru Abarka eta Bixenta Mogel, Markina-Xemeingo lau erraldoi nagusiez gain, beste txikiago batzuk ere irtengo dira: “Beste bi ertain ditugu, Zerutxu (Mikel Ibarzabal urretxuarrak egindakoa; Kontxita ere hark egin zuen) eta Kokote (taldeko famili batek egindakoa)”.
Gainera, beste txikiago batzuk ere badituzte, herrian egindako sormen lantegi bateak sortutakoak: “Bertan buruhandiak egin zituzten, eta guk, horiek aprobetxatuta, estruktura eta erropak egin dizkiegu”. Hori horrela, erraldoiekin batera irtengo dira Zezena, Piña, Zana eta Belarriebaki pirata. Gainera, eurekin batera aterako da Osteko erraldoi txikia ere: “Badago herrian beste familia bat, eta euren 3 urteko umeak sekulako afizioa du erraldoiekin. Karmen jaietarako euren kabuz erraldoi bat egin zuten, eta Osteko izena ipini zioten; zapatuan ere gurekin egongo dira”.
Argi dago markina-xemeindarrek erraldoiekiko duten afizioa “handia” dela, eta horri erantzuteko asmoz antolatu dute, hain zuzen ere, I. Topaketa: “Herrian afizio handia dago, eta horrek beti ematen du gogoa zerbait gehiago egiteko. Uda aurretik Bergaran egindako topaketa batera joan ginen, eta sekulakoa izan zen hori ikustea. Orduan piztu zitzaigun zerbait egiteko gogoa, eta hasteko, goizeko ekitaldia antolatzea pentsatu genuen, proba moduan”. Hala, dena ondo irtengo balitz, baliteke datorren urtean ere beste ekitaldiren bat antolatzea: “Azkenena, gauza polita da ikusteko. Talde bakoitzak bere gaiteroak eroango ditu, eta ume, gazte nahiz nagusi, denentzat da polita ikusteko. Badaukagu esperantza jendea etortzeko, gogoz gaude eguna heltzeko”.
Dokumentuaren akzioak