Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dena gogoangarri egin zuen

Dokumentuaren akzioak

Dena gogoangarri egin zuen

Juan Inazio Iztueta Etxeberria koreologo eta dantzariak (Zaldibia, 17671845) hiru gerra ezagutu zituen bizi izan zen artean. Goseteak, tentsio politikoak, euskal hizkuntzaren eta kulturaren aurkako jazarpenak, ideologien gatazkak eta erregimen zaharraren eta berriagoaren arteko lurrikarak tokatu zitzaizkion parez pare, bere azalean orbantzeraino askotan. Garai gogorrak zizelkatu zuen euskal pizkunde aurreko pertsonaiarik esanguratsuenetakoa. Jaio zeneko 250. urteurrenean, hilaren 29an, Zaldibian bertan gogoratu, goratu eta omenduko dute Txuri ezizenarekin ezaguna zen herritarra.
Egilea
Aimar Maiz
Komunikabidea
Gipuzkoako Hitza
Mota
Albistea
Data
2017/11/17
Lotura
Gipuzkoako Hitza

Bi lanekin igaro da Euskal Herriko historiografiara: Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia (1824) eta Gipuzkoako probintziaren kondaira (1847). Baita Kontxesiri bertso sortarekin ere. 1806an espetxean idatzia da sorta hori, eta 1825ean argitaratua. Horrez gain, gogotik lan egin zuen dantza zein musika zaharrak biltzen eta iraunarazten. XVIII-XIX. mende arteko idazle laiko bakanetakoa izan zen Iztueta, nola izatez, hala tematikaz; apologista kartsua izan zen, Agustin Pascual Iturriagarekin batera.

Langai asko jorratu zituen, erpin ugariko pertsona izaki. Aditu ugarik aztertu izan dute azken bi mendeetan, baina zenbait arlo askorik aztertu gabe gelditu dira, agian. Iztueta kultur elkarteak azaldu duenez, hutsune hori sumatu zutelako bete nahi dute ikerketa alor hori Zaldibiako zikloan. Iztuetari lau omenaldi egin dizkiote 1929tik, eta hilaren 26an egingo diote bosgarrena.

Iztuetaren inguruan sortutako interesa eta hari egindako omenaldi kopurua aipagarriak izan arren, bizi izan zen garaian ez zuen izan itzalik Tere Irastortza Iztueta elkarteko kidearen aburuz. “Herri txiki bateko maisua zen. Ausardia handiz aldarrikatzen zuen eskoletan euskaraz irakatsi behar zela, eta dantzak erakutsi behar zirela ere bai”. Irastortzaren hitzetan, Elizaren korronte handi batekin topo egin zuen. “Inkisizioa barne. Gizon ezjakina zen dantzen eta euskal kulturaren kontra ari zen gizarte batean, handi horien artean. Gipuzkoan, euskaraz idatzi zutenen artean, hura zen apaiza ez zen bakarra. Ez zeukan itzalik, nahiz eta besteek eman dioten gerora”.

Bestetik, Iztueta espetxean egona zen bi arotan: 1801etik 1807ra lehenik, eta 1814tik 1815era gero. Lapurreta egitea, erlijio eta moral gaietan zabarra izatea, eta frantsestua izatea leporatu zioten. “Errealitatean, bi bando zeuden orduko Zaldibian: bikarioaren aldekoak eta kontrakoak”, azaldu du Irastortzak. Elizaren boterea mantendu nahi zutenak eta hala ulertzen ez zutenak, alegia. Iztueta liberala zen pentsamoldez, nahiz eta foruzalea ere bazen aldi berean. Elizaren jazarpena jasan zuen.

Hain justu, azaroko hitzaldietan zalantzan jarri nahi dituzte Iztuetari jarritako hainbat etiketa: emakumezalea zela, moral gaietan laxoa, hiru aldiz ezkondu zela… Berriz aztertu nahi dituzte uste horiek. “Gizarte jakin baterako ez zen egokia, nolabait esatearren. Asko hitz egin izan da Iztuetari buruz, baina ikuspegi jakin bat eman izan dio garai bakoitzak. Polita da ikustea nola goratzen dugun aldi oro”.

Gerardo Elortza historialari oñatiarrak xehatu du Iztuetaren garaiaren testuinguru historikoa. Jose Inazio Ansorena musikari donostiarrak aurkeztuko du Iztuetak Pedro Albenizekin batera dantza zaharrak biltzen, dantza-eskolak nahiz maisuak sortzen eta musika paperean jartzen egin zuen lana.

Betidanik balio handia eman zaio Iztuetak dantzen arloan egindako bilketari, idazketari eta horiek iraunarazteko egin zuen lanari. “Izugarrizko iraultza sortu zuen, ez dantza liburua idatzi zuelako bakarrik, baita dantza-maisu izan zelako eta beste maisu batzuei erakutsi zielako ere”. Iztuetak berak deskribatu zituen dantzak. “Eta Albenizekin egin zituen partiturak. Baina, berriz ere, zentsura iritsi zen hitzak jartzean: ez zioten utzi tabernetako egiazko hitzak idazten, eta berak asmatu zituen”.

Bere garaiaren biktima

Garai nahaspilatsuak izaki, bere garaiaren biktima izan zen Iztueta. Desagertzear zen Inkisizioa, baina, Frantziako Iraultzaz geroztik, komisario asko zeuden herrietan, itsas trafikoa zegoen tokietan, batez ere: Pasaian, Irunen… “Baina baita Ezkion eta Zaldibian ere. Bitxia da. Kurioski, Ezkion amabirjina agertu zen geroago; Iztueta ere bada zerbaiten ordezkari. Herri txikietan ere gertatzen da historia.

Eta, neurri berean, ondorengo garaien biktima ere izan zen zaldibiarra, epai etikoak jasan behar izan zituelako. “Mitoak behar ditugu euskaldunok, eta Iztuetak ez dauka indarrik mito gisa, orbanak dauzkalako. Baina ez zen izan gizon zoro bat”.

Dena gogoangarri egin zuen

Egitaraua

Atzo hasi zen Zaldibian Iztueta jaio zeneko 250. urteurreneko ospakizuna, Jose Inazio Ansorena musikariaren hitzaldiarekin.

Abenduaren 29ra arte. Iztuetari buruzko erakusketa, Karreane kultur etxean, 17:00etatik 19:30era. Larunbatetan eta igandeetan, 10:00etatik 12:00etara.
Azaroak 18. Iztuetaren testuen irakurketa ibiltaria, Zaldibian, 12:00etan Mugertzatik abitauta. Eta Zaldibiko lehengo eta oraingo dantzarien saioa, 18:30ean, Resti pilotalekuan.
Azaroak 23. Gerardo Elortzaren hitzaldia: Iztuetaren garaiak eta lanak. 18:30ean, kultur etxean.
Azaroak 26. Dantzen erakustaldia. Donostiako Udal Txistulari Taldea, Zaldibiko txistulariak eta Gipuzkoako hainbat dantza talde, 12:00etan, plazan.
Azaroak 29. Iztuetari omenaldia eginez, dantza saioak Gipuzkoako hainbat herritan, 18:30ean.

Dokumentuaren akzioak