Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dekadentziaren lilura

Dokumentuaren akzioak

Dekadentziaren lilura

Izugarrizko plazera izan da Kubako Ballet Nazionalaren saio bat ikustea. Ez da bakarrik dantza ona disfrutatzeagatik, baizik eta mila sentsaziok inguratzen zaituztelako haien emanaldi bakoitzean. Perfekzio teknikoa ez da gauza bakarra, edo garrantzitsuena; are gehiago, ez nintzateke perfekzioaren bila joango Alicia Alonsok zuzentzen dituen ikuskizun eder horietako batera hurbiltzen naizenean. Perfekzioa bigarren plano batean geratzen da edertasuna lehen mailan eskaintzeko.
Egilea
Montserrat Azurmendi
Komunikabidea
Argia
Mota
Kritika
Data
2013/12/08
Lotura
Argia

Bai, espektakulu ederra eman zen Kursaal Auditorioan, akats edo doitasun-ezez betea, baina xarmagarria, ondo egina, alaia eta beste garai batera eramaten zaituena.

Coppélia ballet tradizionaleko titulu ezagunenetako bat da, Léon Delibesen musika duena. E.T.A Hoffmann-en ipuin batean oinarritzen da, eta, labur-labur esanda, Coppélius izeneko jostailu-egile zoro baten burutazio eroaren istorioa kontatzen du: berak egindako panpina batekin maitemintzen da eta bizitza eman nahi dio panpinari, hau da, Frankensteinen alde gozoa, eta komikoa.

Oso erraz jarraitzen da kontakizuna Alicia Alonsok egindako koreografian, Marius Petiten bertsioari jarraituz. Bestalde, nabaritzen da zuzendariaren ukitua, numero birtuosistiko ugari eskaintzen baitira, eta, orokorrean, koreografia distiratsua eta alaia egiten zaigu saio osoan.

Ezin da ukatu talde legendario honek eta Alonsoren bertsioek kutsu nolabait dekadentea dutela, bai. Eszenografia ezin sinpleagoa, margotua, baina oso eraginkorra; jantzi koloretsuak, nahiz eta soilak… Kubako Balletaren saioek badute sinplizitatearen edertasun ulergarri eta gertukoa. Askotan behar duguna, hain zuzen ere.

Interpretazio aldetik, azpimarratu behar da protagonisten lan aparta. Yanela Piñerak, Swanilda-ren rolean, dotorezia ematen dio pertsonaiari. Dantza elegantea du, fina, leuna. Camilo Ramosek, berriz, lan akrobatikoa egiten du Franz-en rolean, dantza sendo eta doia du, ikusgarria. Eta Diazek Coppélius jeniala egin zuen, oso komikoa, primeran interpretatua. Saioaren izarra suertatu zen, benetan. Agian puntu negatiboa taldeko numeroena izan zen. Doitasuna ez zen izan ezaugarri nabarmenena. Alaitasunez eta modu biziz interpretatua, baina sinkronizazio suitzarrik ez.

Coppélia. Kubako Ballet Nazionala.

Musika: Léon Delibes.

Zuzendaria: Alicia Alonso.

Bakarlariak: Yanela Piñera, Camilo Ramos eta Enrique Díaz.

Lekua: Kursaal Auditorioa.

Data: Azaroaren 23a.

Dokumentuaren akzioak