Dokumentuaren akzioak
Definizio bila
Aurten erabili diren areto zerrendari begi-kolpe bat emanda, argi dago
hiriko gune posible asko erabili direla ekitaldietarako, eta haietariko
gehienak itsasadarraren ertzean daudela. Beharbada, hori berori izan
liteke jaialdiaren ildo nagusietariko bat, kontuan izanda, gainera,
gehienen izaera alternatiboa, baina eskema horretatik kanpo geratuko
lirateke aurten baliatu diren Campos Antzokia, Alondegia eta BBK aretoa.
Ordutegiei dagokienez, berriz, ostera ere jasan dugu emanaldien
gainjartze ulertezina, eta ia egunero kalkulu konplexuak egin ditugu lan
guztiak ikusi ahal izateko baina, hala ere, egun batzuetan
ubikuotasunaren dohaina beharko genukeen leku bitan eta ordu berean
egoteko. Ea datozen edizioetarako arazo zentzugabe hau behingoagatik
konpontzen den!
Antolamendu edo egitura arazo hauek albo batera
utzita, argi dago era askotako performanceak, dantza emanaldiak eta
antzezlanak programatu direla, eta nire ustea da aurten bi bloke
kontrajarritan lerrokatu direla, oso era esanguratsuan gainera. Alde
batetik, hutsalkeria militantea hautatu duten emanaldi batzuk egon dira —Canción Laverinto, Privolva, Orbe, DreaMe, Autoestigma…—,
eta gainera, haietariko batzuek ez dute lortu jendaurrean aurkezteko
behar zen gutxieneko maila, ariketa tekniko hutsak izateagatik edota
diletantismo merkean jausteagatik.
Kontrako muturrean geratuko
lirateke beraien iragana, beraien sustraiak eta inguruan dituzten auzi
sozial eta politikoak beren lanetarako oinarritzat hartu dituzten
artistak. Multzo horretan daude Laida Azkonaren Mu-to —nazioarte mailako artistaren sustrai euskaldunetan sakontzen duen performance bikaina—, Horman Poster bikotearen Pasado perfecto —70ko hamarkadako gertaera nagusien errepasoa, bihotzetik eta baliabide apal-apalekin egina—, Marco Canale argentinarraren La puta y el gigante —El País egunkariak Kolonbia eta Guatemalako boteretsuen krimenak zuritzeko darabilen estiloa salatuz—, Rosa Casado eta Mike Brookes-en Tan solo un trozo de historia… —Euskalduna ontziolako epikotasuna bertako langile ohi batzuen testigantza fisikoen bidez berreraikiz—, eta Arkadi Zaides-en Quiet,
israeldarrak eta palestinarrak dantzaren bidez elkartu eta beren
sakoneko arazoez hausnartzen duena. Azkenik, tarteko eremu batean
jarriko nituzke beste lan batzuk, gure baitako gune sakonetara zuzentzen
direlako, zintzotasuna eta inplikazio pertsonal ikaragarria baliatuta,
eta haien artean daude Burkina Fasoko Tango cheval zoragarria, L'Alakran eta Legaleon-T konpainien muntaia sailkaezinak eta, zelan ez, orriotan hainbatetan komentaturiko Errautsak antzezlana.
Hain zuzen ere, Errautsak
izan da euskarazko ikuskizun bakarra jaialdi osoan zehar, eta horrek
berebiziko komentarioa merezi du. Marka da gero Euskal Herri osotik
ibili den eta Donostia Antzerki Saria eskuratu duen antzezlana orain
arte Bilbon egon ez izana, eta BADen meritua da hona ekarri izana, hiru
egunez gainera, baina salatu beharra dago BBK aretoan programatuta
zegoela eta azken momentuan hango arduradunek uko egin ziotela bertan
egoteari, eta Pabellon 6 izenekoan aterpetu behar izan zela non eta
Viktoria Eugenia antzokian egondako antzezlana. Horrekin lotuta, noski,
argi dago euskararena dela BADek gainditu behar duen arloetariko bat
—bai ikuskizunetan bai emanaldien hitzezko aurkezpenetan—, eta ez
bakarrik euskararen aldeko militantziagatik, baizik eta artista
gonbidatu askoren hizkuntza naturala delako, eta ikusleen artean ere
presentzia nabaria daukalako aretoetatik kanpoko itxaronaldietan.
Bestetik, nabarmendu behar da Hitzorduak eszenarekin
izeneko ekimenari izaera akademiko baliotsua eman zaiola EHUko
paraninfoan, eta zenbait artistarekin izandako solasaldiak ere —Show gela
izeneko formatuan— interes handikoak izan direla ikusleen eta artisten
arteko ikuspuntuak trukatzeko. Azkenik, aurtengo Itineris Apur BADek
aipamen berezia merezi du, zezen plazako ziega, korridore eta
instalazioen izaera makabroa ezin egokiagoa suertatu baitzen bertan
gauzatu ziren performance laburretarako eta gizakion gaineko
zapalkuntza, kartzela eta tortura irudikatzeko.
Bego Kregoren Asi y restar, Itineris Apur BADen barruan eskainitako lana. / MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS
Dokumentuaren akzioak