Dokumentuaren akzioak
Deabruen festa handia
'Les diables noirs' lanak 'les tambours de feu'-rekin Deabru Beltzek hainbat herritan eginiko biran ezagututako jendeen eta kulturen eragina du; taldeak parisen estreinatuko du lan berria, maiatzean
Hamar urteren buruan, taldeko kideek izan dituzten bizipenak jasotzen ditu obra berriak. «Les Tambours de Feu aurreko lanarekin munduan barrena egindako biretan ezagututako herri askotako lagunen eragina du», Deabru Beltzak taldeko zuzendari Garbitxuren hitzetan. Hala, hamar urteko bidean munduan barna aurkitu duten jende horren omenez, Bilbon barik, Parisen estreinatuko dute lan berria, maiatzaren 13an. Euskal Herrian, berriz, Leioako Umore Azokan emango dute aurrenekoz, maiatzaren 27an.
Les Tambours de Feu-n ez bezala, Les diables noirs-en sei deabruak ez dira kalerik kale ibiliko. «Les diables noirs ikuskizun estatikoa da, kalekoa, baina hara-hona mugitzekoa baino, leku jakin batean ematekoa». Irudia eta musika uztartzen ditu, piroteknia eta perkusioa. Halaber, deabruek ohiko filosofiari eutsi diote, eta hitzaren gainetik, keinuak eta soinuak dira nagusi obra berrian. Oraingoan, gainera, umorea ere jorratu dute. «Antzerki kutsua duen kontzertu erraldoia da Les diables noirs; izan ere, munduko hainbat tokitatik etorritako deabruen festa antzeztuko dugu. Deabruek bata bestetik oso desberdinak diren rolak jokatuko dituzte, Elizari estuki loturiko pertsona fededunetik kabaret munduko dantzari zirikatzailera». Estilo askotako jendea bilduko da festara. Baita ikusleak ere, deabruen probokazioei erantzuten badiete. Irudiari ez ezik, musikari ere aparteko garrantzia eman dio Bilboko taldeak bere azkeneko lanean. Iñigo Egiak (Oskorri eta Oreka Tx) eta Raul Sorianok sortutako musika piezak interpretatzen dituzte musikariak ere badiren sei aktoreek. Eta danborren erritmo eroari jarraiki ematen dituzte Quebeceko gigue izeneko zapateatua, Karibeko sangueo erritmoa, Brasilgo samba eta Euskal Herriko ezpata dantza nahasten dituzten piezak. Horiek guztiak sortzeko, Quebeceko Jean Francois Berthiaume dantzariaren laguntza izan dute sei deabruek. Ordubete irauten du Les diables noirs-ek, eta ez du hasiera baino bukaera apalagorik. Dantzak eta musikak gidaturiko antzezlana amaiera aldera iritsi orduko, soinuaren eta pirotekniaren fusioa ikaragarria da. Garbitxuk azaldu duenez, «ikuskizunak bukaera argitsu, koloretsu, zaratatsu eta zalapartatsua du».
Ikuskizun berriaren bertsio bi egin dituzte; hots, kalean emateko sortu dutenaz gain, espresuki areto itxietan eskaintzeko beste bat egin dute. Piroteknia, kolorea, txinparta eta suaren ordez, soinu ekipoko efektu bereziak baliatuko dituzte, eta kaleko bertsioa ez bezala, barrukoa Euskal Herrian erakutsiko dute estreinakoz; Donostiako Antzerki Ferian ariko dira, ekainaren 29an.
Nazioartean sona handia lortu dute azken bi urteetan
Deabru Beltzak Bilbon sortu zen, 1996an. Ordutik hona kale antzerkia landu du, batik bat, eta Euskal Herriko hainbat herritako kaleetan estreinaturiko zenbait ikuskarik sona handia lortu dute nazioartean.
Juste pour Rire Montrealgo (Kanada) Nazioarteko Arte Eszenikoen Jaialdi entzutetsuan parte hartu duen lehendabiziko euskal antzerki konpainia da; Les Tambours de Feu eman zuten bertan, orain urte bi, ehunka lagunen aurrean. Iaz, aldiz, lan hori berori Caracasco (Venezuela) Nazioarteko Antzerki Jaialdia ixteko aukeratu zuten. Venezuelan egon ondotik, Brasilen, Kanadan, Frantzian, Belgikan, Alemanian, Portugalen, Italian eta Espainian izan ziren. Bira bukatzerako, Les Tambours de Feu lanaren 200 saiotara iritsi ziren. Lan horrekin marka guztiak hautsi dituzte. Eta poz-pozik daude, erabat kontent. Alabaina, esku artean dutena lortzeko «lan handia» egin behar izan dutela dio Garbitxuk. «Hamar urteotan ez dugu euskal erakundeen laguntzarik jaso, ekinaren ekinez egin dugu ametsa egia». Merkatu berrien konkistan, herrialderik herrialde ibili dira; hala, atzerrian Euskal Herrian jaso ez duten babesa aurkitu dutela diote. Nagusiki, Frantzian. Duela urte bi bulego bat zabaldu zuten Parisen. Eta ez da harritzekoa, bertan hemen baino askoz obra gehiago ematen baitira. Garbitxuk adierazi duenez, «uneotan herrialde hori da Deabru Beltzen merkaturik handiena. Les diables noirs obraren 20 emanalditik gora hitzartuak ditugu, maiatzetik ekainera emateko».
Dokumentuaren akzioak