Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "De Norte a Sur eta Alicia askatasunerako atea dira"

Dokumentuaren akzioak

"De Norte a Sur eta Alicia askatasunerako atea dira"

Egilea
Maialen Zuazubiskar
Komunikabidea
Anboto
Tokia
Abadiño
Mota
Albistea
Data
2024/11/23
Lotura
Anboto
25. urteurreneko galako argazkia. BORJA MEDELA

Aurten 25 urte dira Alicia Gallardok Abadiñon De Norte a Sur taldea sortu zuela. Lagun batek bultzatuta hasi zen dantzak irakasten, eta gaur egun 200 lagunetik gora daude taldean. "Kultura egiten dugu eta horretan jarraituko du", esan du Gallardok

De Norte a Sur dantza taldeak izen-abizenak baditu, Alicia Gallardo dira horiek. Lagun batek bultzatuta, orain 25 urte De Norte a Sur taldea sortu zuen Abadiñon, eta harrezkero sevillanak irakasten dabil. "Nigaz lan egiten zuen lagun batek sevillanak ikasi gura zituela esan zidan, taldetxo bat dantzak ikasteko irrikan zegoela, eta mesedez eurei irakasteko. Horrela hasi nintzen. Bost bat lagunegaz hasi, eta astetik astera taldea izugarri hasi zen; hirugarren hilabeterako, 50 lagun baino gehiago ginen taldean. Erokeria bat izan zen, eta nire ametsik onenean ere ez nuen hau guzti hau espero", argitu du Gallardok. Gaur egun, De Norte a Sur taldeak 155 dantzari ditu eta 200 lagunek baino gehiagok osatzen dute. 

Hasiera "gogorra"
De Norte a Sur dantza taldeko kideen berbetan, hasierako urteak "oso gogorrak" izan ziren. "Jendeak ez zuen ulertzen Abadiñon flamenkoa eta sevillanak dantzatzen zituen talde bat egotea. Lokal bat lortzea asko kostatu zitzaigun, eta hasierako urteetan izugarri borrokatu behar izan genuen lokal hori izateko", nabarmendu du Gallardok. Hala ere, gaur egun Abadiñon taldea errotuta dago eta erreferentziazko talde bihurtu da herrian. "Apurka-apurka jendea taldea onartzen joan zen, errespetuz hartu gintuzten eta gaur egun herrian estimuan gaituztela esango nuke", nabarmendu du Gallardok. 

Herrira begira hasierako urteak "zailak" izan ziren arren, sorreratik bertatik familia giroa izan da nagusi taldean. "Ni neu hasieratik nago taldean. Lana dela eta, urte batzuetan utzi egin behar izan nuen, baina inoiz ere ez naiz taldetik guztiz aldendu", adierazi du Juani Perez taldeko kideak. "Hasierako urte haiek oso bereziak izan ziren niretzat. De Norte a Sur taldeari eta Aliciari eskerrak herriko emakume askok, gure familiak etxean utzi, eta bidaiatzen hasi ginen. De Norte a Sur arnasgune bat izan zen askorentzat, eta arnasgunea da gaur egun", gaineratu du Perezek.

Taldeak orain 23 urte egin zuen lehenengo bidaia. Kordobara (Espainia) joan ziren dantzatzera, eta harrezkero Euskal Herriko, Espainiako eta Frantziako hainbat herritan izan dira. 

Esker oneko berbak
De Norte a Sur taldeko dantzariak zeozertan ados badaude, taldearen motorra eta arima Alicia dela da. "Niretzat De Norte a Sur eta Alicia askatasunerako ate bat dira. Aliciak argi berezi bat du eta hori guztioi transmititzen digu. Taldea egiten du, familia handi bat sortu du", gaineratu du Perezek.

Jokin Marinek ere esker oneko berbak baino ez ditu taldeko zuzendariarentzat. Marin 11 urtegaz hasi zen sevillanak dantzatzen, Bermeon, bere sorterrian. 14 urte zituela, Alicia ezagutzeko aukera izan zuen, eta harrezkero bere eskutik doala esan du. "Aliciak niri, beste askori legez, aukera itzela eman zidan eta oso eskertuta nago. Beti diot Alicia nire bigarren ama dela, eta bere familia neurea balitz lez sentitzen dudala. De Norte a Sur taldeko motorra Alicia da eta berak batzen gaitu denok. Alicia ez dagoen momentuan, guk kontaktua mantentzen jarraituko dugu, baina beragaz batera erretiratuko gara", esan du Marinek. 

Gallardok etorkizun handia ikusten dio taldeari. "Harrobia indartsu dator eta hori garrantzitsua da. Guk kultura egiten dugu, eta kultura egiten jarraituko dugu", esan du.

Dokumentuaren akzioak