Dokumentuaren akzioak
Datorren asteburuan hasiko da aurtengo 'Azpeitia dantzan' programazioa
Kolonbia, Kenya eta Mexikoko taldeak ariko dira bertan Itsasirekin batera eta hiru saiotan banatuta
'Azpeitia Dantzan'en bidez atzerriko folklorea azpeitiarren eskura jartzea izan da beti antolatzaileen helburua, dantza eta musika ikuskizun onak eskaintzearekin batera. Aurtengoan ere ildo berari eutsiko dio 'Azpeitia Dantzan'ek. Lau izango dira 2003ko edizio honetan parte hartuko duten taldeak, eta horietatik hiru Amerika eta Afrikatik etorriko dira. Laugarren taldea, ohikoa denez, herrikoa izango da, Itsasi alegia.
Hasteko, etxekoak
Itsasi Dantza Taldea izango da hain zuzen ere aurtengo 'Azpeitia Dantzan'i hasera emango dion taldea. Datorren larunbatean, uztailak 5, eskainiko dute euren ikuskizuna azpeitiarrek Izarraitz frontoian, 22:30etan hasita.
Iaz taldea sortu zeneko 25. urteurrena ospatu ondoren berriro eguneroko ibiliari eutsi dio Itsasi Dantza Taldeak, lehengo euskal dantzak landuz eta koreografia berriak ere sortuz, Euskal Herri osoko dantzak eta ohiturak bilduz eta zabalduz. Horren adibide izango da datorren larunbaterako prestatu duten emanaldia ere.
Agintariarena edo ikurrin dantza, Sardinerak, San Migel, Laukoa, Zortziko Batelera, Nesken Batelera, Ihaute dantzak, Aurkez -aurke, Baserrian, Uztai txiki dantza, Agurra, Nesken zortzikoa, Amaiako ezpata dantza, Axuri Beltza, Luzaide sorginak, euskalduna, pika, polkak eta Saludoa dira 'Azpeitia Dantzan'eko estreineko saio horretan emateko Itsasikoek aukeratu dituzten dantzak.
Afrika era Amerika
Aurtengo dantza eta folklore programazio azpeitiarraren beste bi saioetan atzerriko taldeak izango dira protagonista. Uztailaren 12an Kolonbiako dantzari eta musikoak etorriko dira Izarraitzera, beraien herrialdeko ohiturak eta Afrikar jatorriaren aztarnak uztartuko dituen ikuskizun bizi, koloretsu eta alaia taularatzeko asmoz. Uztailaren 19an, aurtengo hirugarren eta azken saioak, ikuskizun bikoitzaz gozatzeko aukera izango dute Izarraitz frontoira hurbiltzen direnek.
Horrela, alde batetik Keniako Algap taldearen saioa ikus ahal izango dute, eta bestetik Mexikoko Ballet Folclórico de Guadalajara taldearena. Azken hau, 1984an sortua, Mexikoko talde garrantzitsuenetakoa da gaur egun, eta Mexikoko zonalde desberdinetako dantzak eta ohiturak berreskuratu eta munduan zehar ezagutarazi dituzte. Horrela, Azpeitian eskainiko duten emanaldian Nayarit, Michoacan, Veracruz, Campeche eta Jaliscoko dantzak eskainiko dituzte Guadalajarako taldekoek.
Dokumentuaren akzioak