Kuriosoa da ikustea, kongresu baten ostean, jendeak zer esaten dizun. Edo, beste era batera esanda, zer gogoratzen duen eta zurekin zer partekatzen. Urrats bat gehiago izan dela, gure gizartearen etorkizunaren lanketarako proposamen interesgarriak jaulki direla, elkarlanerako sare zabala hedatu dela… baina, batez ere, aipatzen dizutena da, dardar egin dutela. Eta sentitu duten dardara hori gainontzeko parte hartzaileekin konpartitu dutela eta, baietz, sentimendu ezin ederragoa izan dela. Ezin kohesionatzaileagoa. Ezin anitzagoa. Ezin bateratzaileagoa. Ezin komunitarioagoa.
Eta esaten dizute “hori” sentitu nahi dutela, “hori” dela bidea, “hori” biderkatu behar dugula.
Kukai Dantza Taldeak, kongresuaren baitan, XXI. mendeko nortasunen, hezkuntzaren, kultur politiken, aniztasunaren, belaunartekotasunaren, kultur transmisioaren eta lurraldeen kohesiorako trantsizio bidea erakutsi zigun. Izenik gabeko espazio zuri zabal batean, ortozik, musika(k) lagun, dantza-molde ezberdinak fusionatuz, lurralde eta molde ezberdinetako pertsonak harremanetan jarriz, gizarte bezala aldatzen ari garela erakutsi zigun. Ez garela geldik dagoen herri bat. Aurrera dagiena baizik. Eta aurrera egite horretan, gutako bakoitzak bere lekua duela sentiarazi zigun, han erdian, zutunik, kohesiorako bideak aldarrikatzen aritu ziren plazaren erdian, nor garela sentituz. Behin eta berriz txalotu genituen bideak: emozioz bete gintuztenak, negar egin arazi zigutenak… Eta gizarte kohesionatuago baten eraikuntzan sinisten bukatu genuen. Komunitate bat ginela sentitu ahal izan genuen, erro sendoak dituen eta bere etorkizunean sinisten hasia den komunitate berri bat. Eta esperientzia hura, elkarrekin dardar egiteko modu hura, hedatu egin behar genuela aitortu genion elkarri, hitzak sobera ziren begirada konplizeekin.
Azkenean, kate bat osatu genuen, aniztasun oro bertan sartzeko diseinatutako espazio zuri eta zabal hartan, giza-kate bat. Sokak batu gintuen dantzara. Behin berriro, Eusko Ikaskuntzak, kulturak gizartea eraldatzeko duen indarraren baitan eragin zigun dardar.