Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzen usadioa berreskuratuz

Dokumentuaren akzioak

Dantzen usadioa berreskuratuz

Dantzen tradizioa gogoratuz, Bizkaiko dantzak eta dantzariak erakusketa dago ikusgai Bilboko Euskal Museoan

Hiru larunbatetan dantza erakustaldiak antolatu dituzte Plaza Barrian
Egilea
Jonebati Zabala
Komunikabidea
Berria
Tokia
Bilbo
Mota
Albistea
Data
2013/04/13
Lotura
Berria

Txistua, danbolina eta atabala eskuetan duten dantzari bik ematen diete ongietorria bisitariei Bilboko Euskal Museoan. Dantzen eta arropa tradizionalen bitartez, Bizkaiko dantzei buruzko ikuspegi zabala eskaintzen ahalegindu dira, hainbat dantza tradizional berreskuratuz. Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak antolaturik, Bizkaiko dantzak eta dantzariak erakusketa dago ikusgai. Ekainaren 23a arte, musika erritmoak, dantzak, eta hori guztia inguratzen eta testuinguruan kokatzen duten eszenografia eta arropak ikus daitezke. Iñaki Irigoien dantzari ohi eta ikerlariak, Bizkaiko folkloreari loturiko dokumentazio historiko lan sakona egin du, eta haren ekarpenari esker antolatu dute erakusketa. Gaur, omenaldia egingo diote museoan bertan, Bizkaiko dantzak berreskuratu eta dokumentatzeko egin duen lana eskertzeko.

Areto bitan dago banatuta erakusketa. Batetik, herri dantzen aretoa, eta, bestetik, erritu dantzak biltzen dituena. «Herri dantzak edozeinek dantzatzen zituenak dira, herriko ospakizunetan zein jaietan egiten zena, eta herritar guztiek edo askok parte hartzen zuten», azaldu du Amaia Mujika museoko teknikariak. Dantzarik esanguratsuenak erromeria, sokadantza, erregelak, mahai gainekoak eta txakolin dantza dira.

Dantza horietan ez zuten jantzi berezirik erabiltzen, bakoitzak soinean zuenarekin egiten zuen. Horren erakusgarri dira XIX. mendeko herri janzkera oroitzen duten manikiak. Lekeitioko emakumezkoen soka bat ageri da erakusketan; horiek xala erabiltzen zuten, zetazkoa zein kaxmirezkoa izaten zen. «Dotoreagoak izaten ziren, zapatak erabiltzen zituzten, abarkak beharrean».

Izenak esaten duen bezala, mahai baten gainean dantzatzen da mahaigainekoa. Hainbat lekutan galduta badago ere, Xemeinen eta Mendexan dantzatzen dute oraindik ere. «Batzarrak egin ostean, amaiera emateko, mahai gainean egiten zen dantza».

Txakolin dantza ere berezia da, zinez, makila bi gurutzatu eta horien gainean egiten da, eta lanak amaitu ondoren dantzatzen zen. «Joko antzekoa zen, esaten da mahatsa jaso ondoren egiten zela».

Egitura finkoa

Erritu dantzak egitura jakineko dantzak dira, dantzarien eraketa itxiari dagokionez. Dantzaren urrats eta koreografiak ezarrita daude, eta berezkoa duen musikaren akordeei jarraitzen die. Dantzari dantza, kaxarranka, entradillak, errebonbiloak, arku dantza, ezpata dantza eta saragi dantza. «Hauetan hierarkia egoten da dantza talde barruan; dantzari bakoitzak bere tokia du, janzkera, pausoak...».

Denak dantzatzen dira dagokien egunean. Iurretan ezpata dantza dantzatzen da San Migel egunean, Bizkaiko ezpata dantza bakarra. Lekeitioko kaxarranka, XVI. mendetik dago dokumentuetan, San Pedro egunean dantzatzen dute, erritua jarraituz, arrantzaleen kofradiako etxezainak kargua uztean, etxezain berriaren etxera eramaten zuten dokumentuz beteriko kaxa. Bidean, kaxa gainean egiten zuen dantza dantzari batek.

Apiril eta ekain artean, Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak hiru emanaldi antolatuko ditu Bilboko Plaza Barrian. Apirilaren 20an, Durangaldeko dantzak; maiatzaren 11n, Lea-Artibai eskualdekoak; eta ekainaren 1ean, Bizkaiko beste zenbait dantza.

Arropa tradizionalak ere badaude ikusgai. / JON HERNAEZ / ARGAZKI PRESS

 

Iñaki Irigoien. Dantzari eta ikerlaria

«Gero eta herri gehiagok beren dantzak erakusteko indarra hartu dute»

J. Zabala Bilbo

Bizitza osoa eman du dantzan Iñaki Irigoienek (Bilbo, 1935). Euskal Herriko plaza eta kale guztietan dantzan aritu ondoren, irakasle eta ikerlari gisa ekarpen handia egin dio Bizkaiko dantzagintzari. Bere ibilbide luzea gogoratu eta eskertzeko, omenaldia egingo diote, gaur, Bilboko Euskal Museoan.

Noiz hasi zinen dantzan?

1952an hasi nintzen dantzan Bilboko Dindirri dantza taldean, 20 urtez. Zuzendaria ere izan nintzen. Bestalde, Olaeta ballet talden ere aritu nintzen, baita Txinpartak taldean ere. Gero, dantzatzeari utzi nion, eta soziologia ikasketak egin nituen Deustun, baita Bizkaiko Dantzari Biltzarrean.

Euskal Dantzarien Biltzarraren lehen urteetan parte hartu zenuen. Zelakoa izan zen hasiera?

Diktaduran sortu zen taldea, eta Franco hildakoan, hasi ginen gehiago mugitzen. Orduan sartu nintzen ni Biltzarrean. Lehen urteetan ezin izan zen gauza gehiegirik egin, aldizkari bat atera zuten, egun eta leku jakin batzuetan kongresu batzuk egin ziren... Franco hildakoan batzarrak gehitu egin ziren, esaterako, Dantzari Egun oso berezia antolatu genuen Iruñean, 1978an.

Zer dela-eta hasi zinen ikerketa arloan?

Behar hori zegoela ikusi nuen. Euskal Herri osotik ibili naiz, dantza taldeak ikusten, dantzatzen, eta abarretan. Baina, batez ere, nire ikerketa historikoa izan da. Denbora gehiena Bizkaiko artxiboetan eta hainbat udaletxetan eman dut, dantzen historian sakondu nahi izan dut. Gainera, elkarrizketak, galdetegiak ere egin izan ditut herrietan.

Ikerketan zerk harritu zaitu gehien?

Batez ere, herrietan zaletasun handia dutela oraindik ere. Nik ikusi dut dantza asko ehunka urtez egin izan direla, eta gutxi gorabehera egitura berdina dute gaur egun. Esaterako, XVI. mendeko dokumentazioa dago. Dantzari dantza Durangon egiten zen, geroztik baita inguruko herrietan ere, XVII eta XVIII. mendeetan. Ikusten da aldaketa gutxi gabe egin dutela denboran aurrera dantzek. Orain dela ehun urte inguru ere dantzatzen ziren egun dantzatzen ditugun dantzak. Durangoko dantzari dantzaren kasua ere aipa dezaket, eta gauza bera gertatzen da kaxarrankarekin. Horrek esan nahi du belaunaldiz belaunaldi dantzak ondorengoei irakatsiz joan izan garela.

Zer ondorio atera dituzu?

Herri honek zaletasun handia eduki duela dantzarako, eta dantza asko gorde egin dituela. Arlo horretan, aberatsa da zinez.

Nola ikusten duzu dantzaren egoera egun?

Alde batetik, herrietan dantzatzen diren dantzak daude; maskaradak, pastoralak, kaxarranka dantzatu egiten dira, une eta egun jakin batean. Bestalde, dantza ikuskizunak daude, dantza folklorikoekin egiten direnak. Dantza erritu bat da, une jakin batean eta herri batean egiten dena. Hori da folklorea, eta beste gauza bat da, dantza horiekin ikuskizuna egitea antzoki batean, esaterako, horrek ez du erritu zentzurik. Esango nuke herri bakoitzak bere dantza erakusteko indarra hartu duela. Etorkizuna bermatuta dago, herri sentimendu eta nortasunak horrela jarraituz gero.

Dokumentuaren akzioak