Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka "Dantzen helburua ligatzea izan da gure plazetan"

Dokumentuaren akzioak

"Dantzen helburua ligatzea izan da gure plazetan"

Jon Maya, dantzaria

Egilea
Fermin Etxegoien
Komunikabidea
Argia
Mota
Elkarrizketa
Data
2008/06/22

Michael Schumacher, Valentino Rossi eta Jon Maya... Zer daukazue komunean?

Kirola gustuko dugula, eta gure lanbidea ere bai. Garai batean lehiaketa franko irabazita gaudela ere esan liteke.

Zazpina lehiaketa, hain zuzen.

Hara ba, egunero ikasten da zeozer.

Ez zintudan ikusi Fama reality-show lehiaketan!

Ezta ikusiko ere!

Euskal dantza irakaslea zara. Zer bilatzen dute zure ikasleek?

Ikasle gaztetxoak ditudanez, ongi pasatzea. Irakasleon lana da gazte horiek dantzara “engantxatzea”, eta haiek apurka-apurka dantzan beste zerbait bilatzen joatea.

Zuk zer aurkitu zenuen?

Hain justu ondo pasatuz hasi nintzen mundu honetan barneratzen. Eta gero aurkitu ditut afizio bat, ofizioa, lagunak, neska-laguna…

Gerria okertuz dantzatzen diren rock edota samba ez al dira askoz sexualagoak gure dantza-molde tradizionala baino?

Eszenatokietan ikusten dugun dantza kontuan hartuta bai, baina herri dantza hori baino askoz gehiago da. Jota eta porrusalda, baltsa, mazurkak, pasodobleak… Hain zuzen, dantza horien helburua ligatzea, erakartzea… izan da gure plazetan. Eszenatokiko rock eta sanba ere ez dira batere erotikoak.

Eszenatokia ez dela erotikoa?

Bai, eta oso, gainera. Esan nahi dut eszenatokirako egokitzen diren dantzak estilizatzera jotzen dutela. Gure dantzei hori gertatu zaie hein batean, baina zurruntasun hori ez da gaur egun uste dugun bezainbestekoa.

Nire herrian gizonek gonarekin egiten dute dantzan. Nongoa ote naiz?

Oñatiarra ala eskoziarra?

Aitortu egin behar dizut Corpus eguneko prozesioan doazela negar malkoei ezin eutsita izaten naizela...

Dantza erritualen magia da hori. Niri San Juan bezperako soka-dantzan gertatzen zait.

Kukai dantza konpainian euskal tradizioa nahasten duzue beste estilo zein pentsamoldeekin. Barkatu tematzea: dantzariek gerria okertzeraino?

Gerria okertzeko saioa egiten dugu, nahiz eta pixka bat kosta gerriak direnak eta ez direnak.

Aurten, Hnuy Illa... izenburuko lana taularatzen ari zarete. Joseba Sarrionandiaren testuak... dantzatuz?

Bai, eta oso-oso gustura gaude. Pozik gaude irten zaigun lanarekin eta jendearen harrera bikainarekin. Egia esan, lehengai oso onak izan ditugu lanerako. Sarriren poesia, Iñaki Salvadorren musika…

Noizko Silveiraren obrari buruzko balleta?

Orain Sarrirekin itzuli batzuk ematea egokitzen zaigu. Gero? Akaso Silveira? Zergatik ez!

Jon Maya 

Dokumentuaren akzioak