Dokumentuaren akzioak
Dantzek “Martin Zalakain” gorpuztuko dute Arriaga Antzokian
Dantza eta antzerkiaz haratago doan obran, Juan Antonio Urbeltzek, Ander Lipusek eta Harkaitz Canok bat egin dute Pio Barojaren Zalacaín el aventurero eleberrian oinarritutako ikuskizun dramatiko berria egiteko xedez.
Juan Antonio Urbeltzek gidatutako Argia dantza konpainia donostiarraren egitasmoa da ikuskizuna. Aditu honek hain ondo ikertu eta ezagutu duen euskal dantza tradizional garaikidean oinarri bat ezarri nahi du “dantzarako antzerki dramatikoaren ildotik”, izan ere, betiko dantza tradizionaletan oinarriturik bestelako proposamen berriak sortu nahi izan ditu.
Ez da lan erraza izan idazlearentzat: “ez da erraza izan berrehundik gorako eleberri bat kondentsatu eta lauzpabost foliotara ekartzea. Eskerrak Koro Nabarroren itzulpena neukan. Nire lana aportazio txikia izan da, izan ere, obra honetan dantzak du protagonismoa”, esan du Harkaitz Canok.
Jantzitegiak ere sekulako garrantzia izango du obran, elementu horrek eszena bikaina adornatzen baitu, eta ikusgarriago gertatuko zaio ikusleari. Eta bestetik musika ere parte inportante bat izango da ikuskizunaren baitan. Mikel Urbeltz musikariak adierazi duen bezala, “dantzarako musika egin dugu, bai eta soinu banda jantziko duen musika ere”. Fikzio dramatikoan oinarritutako obra izanik, gure musika tradizionalekin batera beste musika batzuen aberastasuna uztartu dute bertan.
Eta gero dantza dago, eta dantzari elemenia bat. Argia dantza konpainiarekin batera beste bost dantza talde arituko dira: Kezka (Eibar), Haritz (Elgoibar), Duguna (Iruñea), Maritzuli (Miarritze) eta Elai-Alai (Portugalete). Guztiek Marian Arregi dantza maisuaren batutapean lan egin dute. Dantzariez gain, Ander Lipus aktorea izango da, On Pio maisuki antzeztuz.
Hortaz, Pio Barojaren nobela berreskuratuz eta beste ertz batetik interpretatuz, adierazpen artistiko ugari erakutsiko dira taula gainetik, anbizio handiz, garai bateko erretratu bikaina eskaini hala izateko.
Martin Zalakain Arriaga Antzokian estreinatuko da datorren larunbatean, azaroaren 11n, arratsaldeko 20:00etan.
Dokumentuaren akzioak