Dokumentuaren akzioak
Dantzazko autokritika
Dantzaren ohiko ikuspegia hautsiz, bere izaeraren alderdi gaitzesgarrienen inguruko emanaldia osatu du Asier Zabaletak, Dantza, hitza, eta bideo-irudiak uztartut.
2002ko otsailean Donostiako Gazteszenan estreinatu zuen EGO izeneko 20 minutuko lanean oinarritutako ordubeteko emanaldia da EGO-tik; hura baino «osoagoa eta aberatsagoa». «Bit-artekoek bakarkako lan bat egiteko eskatu zidaten, solo bat», adierazi du Zabaletak, lan berriaren jatorria azaltzeko. «Orduan pentsatu nuen neure burua hartzea gaitzat, neure buruari autokritika egiteko».Besterik gabe «zerbait polita» egitearekin ez zen konforme, ezta «dantza hutsa» egitearekin ere. «Dantzaren munduan horretarako joera dago», Zabaletaren ustez. «Ahal dugun ederren atera nahi izaten dugu eszenatokian, ahalik eta birtuosoenak izan, oso estetikoak, baina axalean geldituta».Joera hori hautsi nahi du EGO-tik-ek: «Gustuko ez ditudan neure buruaren alderdiak hartu ditut gaitzat, eta neure buruari barre ere egin diot, zirikatzeko eta alderdi gaitzesgarri horiek eszenatokiaren gainean eta publikoaren aurrean jartzeko». Autokritika adierazten duten une horiek «ahalik eta benetakoenak» izatea bilatu du. «Ez ditut gehiegi ukitu edo biribildu, diren bezalakoak ematen saiatu naiz». Edertasun plastikoa izatetik landa, dantza barruko kezka eta sentimenduen adierazpide ere izan dadin, dantzaz gain hitza eta bideo-irudiak ere badarabiltza Zabaletak EGO-tik-en. Testu batzuk irakurtzen ditu, publikoarekin hitz egiten du, eta eszenatokiko hiru monitoreetan «interlokutore gisa» darabiltzan bere irudiak agertzen dira.
Genevako Alias konpainian egindako lanaren eragina
Genevako Alias konpainian egiten du lan Zabaletak, 1999ko abenduaz geroztik, eta konpainia horretan ikasi eta bizitakoak eragina du, berak aitortzen duenez, hartu duen bidean. «Genevan beti nahasten ditugu disziplinak: dantza, antzerkia, zinema... Erdi-bideko lengoaia bat lantzen dugu, emozioak adierazteko dantza hutsa baino zuzenagoa dena, aproposagoa».
«Zerbait adierazten duen dantza interesgarriagoa iruditzen zait niri mugimendu hutsa dena baino», dio Zabaletak. «Mugimendu hutsa den dantzak ere badu bere balioa, ez diot horri ezer kentzen, baina niretzat axalean geratzen da. Interesgarriago iruditzen zait eszenatokian barrutik irtendako zerbait ikustea. Barrutik irten eta, ahal bada, ikusleen barrura helduko dena, jakina». EGO-tik, ordubeteko emanaldia, Genevan baino ez du eman orain artean Zabaletak, urtarrilaren hasieran, eta pozik da han izandako harrerarekin. «Ez da erraza eszenatokian bakarrik izanik ordubeteko emanaldia egitea, baina espero dut jendea ez dela aspertuko».Aurretik beste bi emanaldi eszeneratu ditu Zabaletak: Danada (1998) eta Belaki efektua (1999). «Danada mugimendu hutsa izan zen, koreografia», ekarri du gogora. «Denbora eta espazioa erreferentzia gisa hartuta, ikerketa lana egin nuen, antzokietan aldez aurretik finkatutzat ematen diren alderdi batzuk zalantzan jarrita. Belaki efektua , aldiz, teatralagoa zen: hiru lagun ginen eszenatoki gainean. Nahiz eta artean Genevan lanean hasi gabea izan, lan horrekin hasi nintzen ikusten nondik nora jo nezakeen».Genevako Alias taldean oso gustura sentitzen da Zabaleta. «Lan egiteko prozesua» estimatzen du bereziki. «Denok parte hartzen dugu, denon artean erabakitzen dugu zer egin eszenatokian. Dena koordinatzeko zuzendari bat dagoen arren, dantzariak ez du, besterik gabe, koreografoak pentsatutakoa egiten». Baina gozotik bezala gazitik ere badu Genevak Zabaletarentzat. «Pertsonalki, Suitza oso gogorra egiten zait. Burua hemen daukat, Euskal Herrian, eta Suitzara noanean lanera joaten naiz». Horrenbestez, litekeena da luze baino lehen Geneva uztea Euskal Herrira etortzeko, nahiz eta badakien hemen kontua ez dagoela batere ondo dantzarientzat. Dantzari askoren arazoa da Zabaletak daukana. «Hasieratik ekin eta urteen poderioz jendea txikitatik dantza garaikidera zaletzeko hezitzea» iruditzen zaio egin beharrekoa, nahiz eta irtenbideraako formula magikorik ez duen. Bien bitartean, oso eskergarria eta meritu handikoa iruditzen zaio La Fundicion aretoak egiten duen lana. Areto horrek hartuko du EGO-tik-en emanaldia, bihar eta etzi. 20:30etik aurrera izango da bi kasuetan.
Dokumentuaren akzioak