Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Dantzaz maitemintzeko

Dokumentuaren akzioak

Dantzaz maitemintzeko

Bihartik goiti, dantzaren hiriburua bihurtuko da Miarritze, hamar egunez, 18. Maitaldiarekin Jende oro erakarri nahi dute, baletak oholtza eta plaza gehienetan eskainiz

Egilea
Xan Aire
Komunikabidea
Berria
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2008/09/11

Urtez urte, arrakasta handiagoa lortzen du Maitaldiak. Aurten, iaz baino leku gehiago saldu dituzte, oraingoz. Arrakastaren oihartzuna berriz ere Miarritzeko ateari joka. Bihar hasiko da 18. edizioa, lekuko baletari oholtza zabalduz. Aurretik, Fanfare Baletak berotuko ditu bazterrak, karrikaz karrika ibiliz. Bere nortasuna zizelkaturik, orotariko jendea harrapatu nahi baitute antolatzaileek. Hots, hamar eguneko besta eskaini, egunero bizpahiru ikusgarrirekin. Baina, batez ere, jendeari buruz joanez. Entsegu jednaurrekoak antolatuko dituzte, datorren astelehenetik goiti, egunero, hiriko parke publikoan. Jendeari gauza ederrak xuxurlatuz bezala. Horiez gain, argazki erakusketak ere izanen dira; gune publikoetan, horiek ere. Ballet Biarritzi omenaldia izanen da bat. Bestea, haatik, inprobisaketa osoa, ikusgarri denboran hartutako argazkiak, biharamunetan azaltzeko. Iazko jaialdiko irudiak ere izanen dira.

Lau haizeetatik etorriak, oso estilo ezberdineko konpainien lanak ikusten ahalko dira. Eta izarrak hunkitzen ahalko. Israelgo Inbal Pinto koregrafoaren taldea etzi arituko da. Tim Burton eta Charlie Chaplinen filmak izan ditu ereduak, Shaker ikusgarria ekoizterakoan. Asteartean, berriz, Germaine Acogny, «Afrikako dantzaren ama» ikusten ahalko da Miarritzen. Haren estiloa, nortasuna. Eta haren konpainiako dantzariak. 17an, berriz, Josef Nadj eta Dominique Mercyren elkarlana. Bi dantzari ospetsuen arteko elkarrizketa ez huts egitea gomendatu dute antolatzaileek. Bestalde, Ravelen Bolero-a eroetxean sartuko dute Ukrainiako Kiev Modern Balletekoek.

Hip hopari leku berezia

Beste bitxikeriei dagokienez, dantza hankaz gora jarriko dute Retouramont konpainiakoek, Miarritzeko paretetan barna, Herriko Etxearen eta Kasinoaren artean, irailaren 20an. Euskal talde bat ere gonbidatu dute, Miarritzekoaz aparte: Donostiako Aukeran taldea, Bideak ikusgarriarekin, jaialdiko azken egunean iraganen dena. Euskal dantzak irauli ditu Katixa Perea koregrafoak, tradizioa eta garaikidea nahasiz. Erritmoen mestizajea erabiliz, sorkuntza eta desegitea jorratu nahi ditu, bizia eta heriotza.

Baleta da bere gisan: hip hopari leku berezia utzi diote aurtengo Maitaldian. Gertakari nagusia irailaren 19an iraganen da, Babakar Cisse, Boubaren ikusgarriarekin. Akitanian eta Ipar Euskal Herrian oso ezaguna da, eta bere lehen sorkuntza eskainiko dio Maitaldiari. Gorputzari hitz eskainiz, gizartearen irudi ezberdinak azaldu nahi ditu. Bere munduan sartzea ere nahi du koregrafoak. Leku gutxi geratzen da emanaldiarentzat, eta ernatzea gomendatu dute antolatzaileek. Bestalde, hilaren 20an, hip hop lehiaketa iraganen da, Atabal aretoan.

Eta, azken egunean, Gigabarre famatua ere hip hopa jorratuko du. Miarritzeko hondartza handian, dantzan ikasteko, edo aritzeko plazera eskaintzen du jaialdiak. Publiko guziari irekia da, une goxoak partekatzeko. Igandetan ere, jendeari eskua luzatzen dio Maitaldiak. Dantzara gonbidatzeko. Dantza goxatzeko. Eta maitatzeko, nola ez.

 

 

 

Egitaraua

BIHAR

Fanfare Ballet. Merkatu estalia. 11:00.

Fanfare Ballet. Gare du Midi. 20:00.

Ballet Biarritz Thierry Malandain. Gare du Midi. 21:00.

ETZI

Fanfare Ballet. Clemenceau plaza. 11:00..

Sylvain Groud konpainia. Koliseoa. 18:00.

Fanfare Ballet. Kasinoa. 20:00.

Inbal Pinto Dance Company. Kasinoa. 21:00.

IRAILAREN 14A

Gigabarre. Hondartza handia. 11:00.

Aracaladanza. Koliseoa. 18:00.

Paulo Ribeiro. Kasinoa. 19:00.

Bale da Cidade de Sao Paulo. Gare du Midi. 21:00.

IRAILAREN 15A

Organik. Parkea. Errepika publikoa. 12:00.

Organik. Koliseoa. 19:00.

Emanuel Gat Dance. Kasinoa. 21:00.

IRAILAREN 16A

Jant Bi. Parkea. Errepika publikoa. 12:00.

Hallet Eghayan konpainia. Kasinoa. 19:00.

Jant Bi / Germaine Acogny. Gare du Midi. 21:00.

IRAILAREN 17A

L'Adret konpainia. Parkea. Errepika publikoa. 12:00.

L'Adret konpainia. Koliseoa. 19:00.

Josef Nadj eta Dominique Mercy. Kasinoa. 21:00.

IRAILAREN 18A

Le Cri du Pied. Parkea. Errepika publikoa. 12:00.

Cri du Pied. Koliseoa. 19:00.

Kiev Modern Ballet. Gare du Midi. 21:00.

IRAILAREN 19A

Lanomina Imperial. Parkea. Errepika publikoa. 12:00.

Les Associes Crew / Babacar Cisse. Koliseoa. 19:00.

Lanonima Imperial. Kasinoa. 21:00.

IRAILAREN 20A

Retouramont. Herriko Etxea eta Kasinoaren artean. 12:00.

Hip hop lehiaketa. Atabal. 14:00 /17:00.

Black Blanc Beur. Atabal. 18:00.

Urbana de Dança konpainia. Kasinoa. 20:00.

Mazedoniako Operaren baleta. Gare du Midi. 21:00.

IRAILAREN 21A

Gigabarre hip hop. Hondartza handia. 11:00.

Aukeran. Kasinoa. 19:00.

Aida Gomez. Gare du Midi. 21:00.

 

 

 

 

 

 

Lapurdiko dantza konpainia Koreografia Zentrua bihurtu zen duela hamar urte. Karia horietara, 18. Maitaldia zabalduko du bihar. Pieza xume batekin, nola ez..

Ballet Biarritz, barrenetik

X.A. Miarritze

Dantza konpainia baten potreta egitea zaila da. Batez ere Ballet Biarritz bezalako lotsatiarekin. Aurkezten denean, beti gauza berdina erraten du: inspirazio klasikoa duela, baina itxura garaikidea. Aurten, Koregrafia Zentrua bihurtu dela hamar urte betetzen ditu. Hamar urte, ez dira egun guziz ospatzen. Horregatik, Maitaldiak bere 18. edizioa zabaltzea eskaini dio, bihar. Halako besta handi bat igurikatzen zen, ohoreak eta ospeak bultzaturik; show bat, jantzi ederrekin. Oroitzapen atalak, begiari negar eginaraztekoak. Ikuskizuna amaitzean, suak... Zergatik ez? Zerbait gehiago, bederen. Eta Pieza Egokia aurkeztea erabaki du Ballet Biarritzek. Egokia, zeren egokia? «Xumea, intimitateak josirik, gehiegikeriarik gabe».

Korrontearen kontra. Thierry Malandain, Ballet Biarritzeko koregrafoak ere beti berea segitu du. Inspirazio klasikoarenak, eta itxura garaikidearenak ere bereak dira. Bere estiloa, bere hitzak. «Ez gara forma batean gakotzen. Abstraktua ala narratiboa izan, gizakia eta dantza dira Ballet Biarritzen baitan». Hots, dantzariak teknika klasikoaren menpe daude, baina Malandainen estiloz jantzi behar dute oholtza gainean. Beraz, Ballet Biarritz barrenetik ezagutzeko, koregrafoa egin behar... «Nire nortasunaren antza handia dauka konpainiak, egia da», aitortu du Malandainek.

Hamar urtez, bi ardatz lotu ditu Ballet Biarritzek: Frantziako konpainiekin harremanak sendotzea, eta Euskal Herri osoan dantza erreferentzia bilakatzea. «Haratago ere. Gure izena ezaguna dela konturatu naiz», adierazi du Malandainek. Eta Miarritzen bertan ere saihestezinak bihurtu da. «Lehen, 600 ikusle biltzen genituen. Orain, bi ikusgarri jarraian eskaintzean, Gare du Midi betetzen dugu beti. Bi aldiz 1.400 lagun. Hirugarren emanaldi bat ere sartzen ahal genuke, baina ez gara menturatzen».

Horretarako zerbait gehiago behar baita. Prestigioa baino gehiago, ahalak. Dirua. «Frantziaren politikaren menpe dauden dantza konpainiak ikustea aski da. Beren maila ez da bikaina», azpimarratu du Irurzunek. «Dantza garestia da», baieztatu du Malandainek. «Mugak ezartzen jakin behar da. Ez dakit frustrantea den. Usatzen dela erran nezake. Nire imaginazioa bere baitarik murrizten da, aurrekontu eta diru istorioekin topatzen denean». Zortzi urtez, Irurzunek dolu bakarra duela erran lezake: «beste koregrafoekin ez lan egitea». Diru kontua dela, hor ere, azaldu du Malandainek.

Kontu murritzarengatik, eta denbora faltagatik eskainiko dute Pieza Egokia, bihar. «Egia da jendeak zerbait handi igurikatzen zuela. Baina horrela da», ohartarazi du Malandainek. Koregrafoaren xedea dantzarien eguneroko lana erakustea izan da. «Jendeak ez du baitezpada ezagutzen gure eguneroko bizia, errepikak nola iragaiten diren». Ballet Biarritz barrenetik ezagutzeko parada bakarra. Hamar urtez apaindu dituzten koregrafiak oroitaraziz. Intimoa, dantzari langileek eramanik. Eta konpainiaren taupaden erritmoan. Bihotzak ez baitu zimurrik hartzen, hamar urteren buruan ere.

 

 

 


Dokumentuaren akzioak