Dokumentuaren akzioak
Dantzaz aritzea eta dantzatzea
Dantzaren Eguneko testua irakurriko dute gaur Bilbon, eta hainbat dantza emanaldi eskainiko dituzte
2009an hasi zen Euskal Herriko Dantza Profesionalen Elkartea dantzaren eguna ospatzen, eta kalean egin izan du orain are. Aurten, ordea, Alondegian hartu nahi izan du babes. Bertan irakurriko dute gaurko egunerako idatzitako testua, eta hainbat emanaldi ere eskainiko dituzte. Eta aldarrikapen puntu bat ere izango du ospakizunak. Elkartearen ustez, «ezinbestekoa» da dantzarekiko sentsibilitatea zabaltzea. Ezagutza da diziplinaren garapenerako giltza elkartekoen hitzetan. Euskal Herriko dantzari eta dantza konpainien lana ikusgarri bilakatzea da haien helburua, eta baita profesio ere badela gogoraraztea.
Hiritar bilakatzeko modua
«Dantzari esker, munduaren edertasunaren eta konplexutasunean murgildurik, hiritar bilakatu naiz». Mourad Merzouki dantzari eta koreografoak idatzi du aurten dantzaren egunerako testua, eta bertatik hartutakoa da esaldia. 1973an Lyonen (Frantzia) jaio, arte martzialak eta zirku arteak ikasten hasi eta hamabost urterekin ezagutu zuen hip hopa. Horrek aldatu zuen dena. Haren bidez heldu zen dantzara, eta Creeil eta Val de Marneko Zentro Koreografiko zuzendari da egun. Haren hitzak irakurriko dituzte gaur Bilbo. Gizarte eraldaketarako tresna gisa aurkezten du bere diziplina Merzoukik, eta badu bere diskurtsoak aldarrikapen tanta bat ere. «Ohore gisa bizi dut dantza egunerokoan. Baina kezkatuta bizi dut ohore hori. Ohartu naiz ezintasunean eta tentsioan hazi diren auzo pobreetako haurrek ez dutela iparrik, eta ezinezko zaiela beren bizitza amestea. Haietariko bat naiz ni. Gara denok. Eta animatuta nago, agian beste batzuk animatuago, eredu izan eta bizitzari aurre egin ahal izan diezaioten laguntzeko».
Eta dantzari buruzko hitzez gain, dantza ere izango da Alondegian. Kamera geldoko flashmob bat egingo dute 18:00etan, eta bi dantza ikuskizun eskainiko dituzte, ondoren, eraikineko atarian. Krego-Martin dantza konpainiaren To be continued piezaren pasarte bat eskainiko dute lehenik, eta Izaskun Lapaza Rodriguezek Ehundurak izeneko obraren zati bat eskainiko du. Musika jarri eta dantza librea izango da gero, eta 19:15ean amaituko da ospakizuna.
Iruñean Civican aretoan Arantxa Villanueva koreografoaren Orobroy pieza eskainiko dute. 19:30ean hasiko da emanaldia.
Picassoren Gernika aurrean dantzatu zuen igandean Josue Ullatek, Dantzaren Eguna ospatzeko. / EFE / REINA SOFIA
Dokumentuaren akzioak